Kritika. Musika

Inprobisazioaren uhinak

Zamballarana taldearen 'Sirena' diskoaren azala.
Andoni Tolosa.
2026ko urtarrilaren 11
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zamballarana

'Sirena'

Diskoetxea: Casa Editions.

Ez da arraroa, ezta Euskal Herrian ere, herri musika eta jazza uztartzen dituzten musikariak eta taldeak topatzea. Ez genuke ahaztu beharko jazza herri musika beltzen bilakaeraren ondorio dela, eta, beraz, beti eduki duela lotura lauso edo zuzenagoa musika tradizionalarekin. Egia da folk-jazzak Europan lortu duela itzal handiena, Eskandinavia aldean batez ere. Baina joera horren adibide bikainak topa daitezke, besteak beste, Bretainiako musikan eta, nola ez, baita Korsikakoan ere.

Hain zuzen, Mediterraneoko irla horretatik dator Zamballarana. Jerome Casalonga multinstrumentista, herri musiken ikerlari eta irakasleak sortu zuen taldea, 1997an, besteak beste Korsikako herri musika Mediterraneoko beste herri musikekin eta musika garaikideekin uztartzeko asmoak bultzatuta, eta, orduz geroztik, Korsikako musika berriaren ikur bilakatu da. Sirena hau dute seigarren disko luzea, talde ia erabat berrituarekin osatua, hamar urteko isilune diskografikoa haustera datorrena.

Ahots polifoniak lantzen dituen fanfarre gisara aurkez dezakegu Zamballarana, eta haien jardunak betidanik erakutsi du Balkanetako musiken eragin handia. Sirena honetan, ordea, jazz musikaren aireak, joskerak, inprobisazioak... nagusitu zaizkio fanfarreen musikari, nahiz eta hura ere presente egon; adibidez, Anastasia, Rimenu eta Stu Pazzu kantuetan. Pianoak, baxuak eta gitarra elektrikoen hizketaldiak nabarmentzen dira tronpeta, klarinete eta bonbardinoen gainetik; eta dena borobiltzeko, harmonia eta kantaera tradizionaletik edaten duten ahotsak.

Diskoa irekitzen duen Solu-k ongi adierazten du zein izango den kantu bilduma honen norabidea, eta garapen luzeko Tramoni eta Tulo kantuek sendotu baino ez dute egingo ibilbide orri hori. Solemneagoak dira Sirena, A tempu natu eta Rusta lucente; zer litzateke, bada, Korsikako herri musika solemnitaterik gabe? Eta lana ixteko Zilimbrina di mezanotte ausart bezain erritmikoa, non musikariek ia jam session bat egiten duten; kantu guztietan jazz kutsurik handienekoa amaierarako. A, eta ahaztu gabe, Tulo: zazpi minutuko blues mediterraneoa, diskoaren belztasuna azpimarratzeko.

Egia da jazz musikak oso hizkuntza eta kode jakinak dituela, eta ez dela erraza gertatzen erro ezberdinetatik datozen musikekin uztartu eta emaitzak haren aldera ez egitea. Hein handi batean, horixe gertatzen da disko honekin. Orokorrean, musiken arteko elkarreragin horretan, diskoaren une gailenak kantuan hasten direnean iristen dira. Ezin beste modu batera izan Korsikako talde batez ari bagara.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.