Iñurrietaren mundu koloretsua

Gasteizko artistak azken urteotan egindako margolanak bildu ditu Artium museoak. Formatu handiko koadroak dira nagusi, artearen munduari egindako keinuz betetakoak

Santos Iñurrieta margolaria, Gasteizko Artium arte garaikideko museoan aurkeztu duen erakusketan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2017ko irailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Santos Iñurrieta artistari eskaini dio Gasteizko Artium arte garaikideko museoak denboraldi berriko lehen erakusketa handia. Ez da, berez, atzera begirako bat, baizik eta margolariak azken zortzi urteotan egindako lanen bilduma. Koadro horietako batzuk propio egindakoak dira, eta orain dela pare bat urte museoko arduradunak harekin harremanetan jarri zirenetik hona prestatu ditu artistak. Ondo ibili izenburua du erakusketak, eta Ipar aretoa beteko du, 2018ko urtarrilaren 7ra arte.

«Arabako gizarteak zor zion, daukan ibilbidea, garrantzia eta eragina kontuan hartuta», argudiatu du Daniel Castillejo museoko zuzendariak. Gasteizen jaio zen, eta azken 25 urteak Mallorcan (Balearrak, Herrialde Katalanak) igaro ditu Santos Iñurrietak. Alde egin baino pixka bat lehenago, polemika handi baten erdian egon zen Iñurrieta. Andre Maria Zuriaren plazan jarrita zeuden Agustin Ibarrolaren eskultura batzuen aurka jo zuen, udalaren politika kulturalaren kontra protesta egiteko. Epaile batek «alarma soziala» ikusi zuen erasoan, eta Langraizko kartzelara bidali zuen, pare bat egun geroago berriro kalera ateratzea onartu bazion ere. Gertaerak eztabaida gordina piztu zuen euskal arte munduaren barruan.

Iñurrietaren belaunaldiak zubi lana egin zuen frankismoaren azken txanpan. Euskal eskolaren lekukoa hartu zuten —Gasteizen Orain taldean gorpuztu zena, Carmelo Ortiz de Elgearen nahiz Juan Miegen eskutik, besteak beste—, eta berrikuntza zabaltzeari ekin zioten. «Izan ziren, akaso, Gasteizko lehen modernoak», Castillejoren aburuz.

Unibertso propio eta konplexu bat garatzea lortu du Iñurrietak. Makina bat pertsonaia, animalia eta objektu agertzen dira koadroetan. Figurazioa eta narrazioa interesatzen zaizkio —pertsonaien arteko harremana—, estilo aldetik naif samar diren irudietan. «Artearen langile bat bihurtu da, margotzeko plazer hutsaren langile bat», Artiumeko zuzendariaren aburuz.

Izenbururik gabe

Ondo ibili erakusketa osotasun bat bezala hartu behar da. Koadro bakoitzak ez du izenbururik, denak daude egitura orokor baten barruan, liburu bateko atalak izango balira bezala. Istorioak osatzeko borondate hori agerikoa da, bereziki erakusketan nagusi diren formatu handiko koadroetan. Jolas eta keinu asko tartekatzen dira irudietan, eta artearen munduari egindako erreferentziaz josita daude. Dali, Magritte, Cezanne, Gernika koadroko zezen bat eta menina batzuk ikus daitezke, besteak beste. Koadro handien parean, teknika mistoan egindako beste hamasei irudi txikiago tartekatu dituzte. Gerora erabiliko dituen pertsonaiak garatzeko baliatzen du pintoreak teknika hori.

Bi metro luze eta bi metro zabal dira obrarik handienak. Konposizioari arreta handia eskaintzen dion margolaria da. Sortzeko prozesuaz azalpenak eman ditu Iñurrietak berak: «Koadro handi bat egiteko hilabete oso bat behar duzu. Bitarte horretan koadroarekin elkarrizketa handia duzu. Monigote batetik abiatzen naiz, eta gero garatuz noa, baina hor denak eragiten dizu: gaurkotasunak, komikiak edo pintore zaharrek».

Bat ote dator artista Artiumeko zuzendariak egin duen definizioarekin? Bada margotzearen plazer hutsak mugitzen duen egilea? Ez du zalantzarik Iñurrietak: «Margotzearen onena margotzea da, argi eta garbi. Zeure burutik aldentzeko denbora ematen dizu margotzeak, eta disfrutatzen duzu horrekin. Bigarren gauzarik onena ikustea da». Bi parte horiei hirugarren bat gehitu die, profesionala. «Aspergarriena izan daiteke koadroa amaitzea, dena badakizulako ordurako, baina hiru parteak beharrezkoak dira, baita aspergarria dena ere».

Mallorcaren eragina

Koadro argitsuak dira Iñurrietarenak, kolore asko eta biziak dituzte. Mediterraneoak «busti» du artista, Castillejoren ustez. Ez da nahita bilatutako zerbait, baina egileak berak uste du Mallorcako argitasunak eragin duela bere obran. «Kontzientziarik ez duzun arren, gero eta gehiago sartzen zaizu. Beti gustatu zait kolorea grisa baino gehiago, eta Mallorcak indartu du gustu hori».

Garai batzuetan pintura sozialagoa, zuzenagoa, egin izan du. Kanpora joan izanak ere baretu du urgentzia hori. «Izaera lasaitu zait, eta beste edertasun batzuk ikusten ikasi dut, koloreetan edo loreetan daudenak», azaldu du.

'ONDO IBILI' ERAKUSKETA

Artista. Santos Iñurrieta (Gasteiz, 1950).

Komisarioa. Daniel Castillejo.

Lekua. Gasteizko Artium museoko Ipar aretoa.

Edukia. 37 margolan —formatu handiko 32—, eta teknika mistoan egindako hamasei marrazki.

Noiz arte. Datorren urteko urtarrilaren 7ra arte zabalik egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.