begona del teso
Eppur si muove

Iparraldea eta Hegoaldea elkarri so

2024ko irailaren 20a
05:05
Entzun

Donostiako Zinemaldia hasten den ostiral honetan, kuriosoak, bitxiak, pozgarriak dira Iparraldeko eta Hegoaldeko saloi zinematografikoen artean suertatzen diren programazio bateratze kasik magikoak, ezustekoak arras. Donostiarako sarrerarik lortu ez baduzue, salto egin dezakezue, abilki, amoroski, bihurri, Bidasoaren beste ertzera eta han ikusi (ikusiko) betikotz galdutzat ematen zenituzten zinema puskak.

Esaterako… hilaren 21etik aurrera Emmanuelle izango duzue dastatzeko moduan Donibane Lohizuneko Le Selecten. Emmanuelle betikoa? Joan den mendeko  70eko hamarkadaren erotismo xuabe eta dotore haren ikurra, Sylvia Kristel gailurrera eraman zuena, ihizko besaulkiak modan jarri zituena?  Ez, Hegoaldeko guztiok Iparrean ikusi genuen film hari itzuli sekulakoa ematen dion izen bereko beste batez ari natzaizue, Audrey Diwanek sinatua den hori dut nik begietan. Esanguratsua  da zeharo Diwanek egina izatea. Berak ausart eta irmo ekarri baitzuen pantailara Annie Ernauxen L’ événement eta bera epaimahai balent baten buru izan zen  2021eko Zinemaldian, zeinetan Terence Daviesen Benediction zeluloidezko mirariak gidoi onenaren saria eskuratu zuen.  

Libanon sustraiak dituen idazle, kazetari, zinemagile frantziar horrek koxka bat gehiago estutzen du Emmanuelleren istorioa. Oraingoan, emakumea da desiraren eta plazeraren bila doana, gizonezkoak ehizatzen dituena. Oraingoan, bere desioko objektua den hori berarengandik aldentzen saiatuko da…

Filma: 'Emmanuelle'.
'Emmanuelle' filmarekin abiatuko da Donostiako Zinemaldia.

Donostiako Zinemaldian izango du nazioarteko estreinaldia. Akordio batera iritsi dira ekoizleekin eta filma frantziarra bada ere, ez da estreinatu bertako pantailetan, nahiz eta horretarako beta eta eskubidea izan, zinemaldi guztien araudiaren arabera. Hori dela eta, ekoizleekin lortutako hitzarmena dela medio, oraindik ez dago ikusgai Baionan edo Donibane Lohizunen. Bihartik aurrera, bai. Beranduenez, 27rako izango duzue Iparraldekook zuen etxe ondoko aretoetan…

Emilia Perez bada Iparrak eta Zinemaldian murgilduko den Hegoaldeak partekatzen duten beste altxor bat. Hilaren 11ko gau ilun, heze eta ekaiztsuan Jacques Audiarden marka guztien fuerakoa den filmak ireki zuen Hendaiako Les Varieteseko kultura denboraldia. Mukuru zen zinematokia eta ederra giroa Emiliari merezi duen harrera egiteko, mexikar gaualdia antolatu baitzuten bertan. Jaki minak ederto kozinaturik eta edateko tekila izan genituen plateretan eta basoetan, eta pantailan, Emiliaz gain, Hijo de Sicario, iaz Miarritzeko Zinemaldian txalo zaparrada jaso zuen Astrid Ronderorena.

Emiliak gaur irekiko du Donostian Perlak izeneko saila eta Hijo de Sicario (Sujo) bada Horizontes Latinos saileko aukera galdu ezinezkoa…

Bai, elkar begira daude Iparra eta Hegoa festibala hastear den honetan. Kontu bera gertatzen zaigu Berlinen Urrezko Hartza bereganatu zuen Mati Diopen  Dahomey-rekin. Eman ditu jada hainbat egun Lapurdiko aretoetan, eta gaurko 16:00etan da estreinatzekoa Tabakaleran, Zabaltegi sailean. Dokumental fikzionatua  dugu. Senegalen eta Frantzian sustraiak dituen zuzendariak Afrikako herrien identitateen berreskuratzearen inguruan egiten du hausnarketa eder eta sakona, Frantziak Beningo herriari bueltatuko dizkion eskultura batzuk bulkada gisa erabiliz. Bai, herrira bueltatzen dira lapurtutako altxorrak, pozez hartzeko moduko itzulia, baina bada oraindino zehaztu beharreko beste mila kontu: zer gara, zein dugu herri gurea, ba al gara arbasoak zirena? Zer ostu ziguten eskulturez aparte? Nortasuna agian?

[Dahomey filmean] Senegalen eta Frantzian sustraiak dituen zuzendariak Afrikako herrien identitateen berreskuratzearen inguruan egiten du hausnarketa eder eta sakona

Bai, Bidasoaren bi ertzetan, ardurak ardura, galderak galdera, zinema zinema. Hegoa eta Iparra elkarri so, filmak partekatuz. Errugbirako zaletasuna ere bai!!! Izan ere, zinema kontuetan beharra egiten duten hainbatek osaturiko Le Quinze de la Pelloche taldea Gipuzkoara dator. Zinemaldia aitzakia harturik, Zinemaldiarekin ametsetan, Hernaniko Landare zelaian lagunarteko partida jokatuko du bihar bertako Azeri Zaharrak izenekoen kontra. Esan, esaten dute Cannesen nahi dutela beste bat jokatu, baina nola egin uko eta muzin errugbia zinema bezainbeste maite duen lurralde batean indarrak neurtzeari?

Ez dago dudarik, mugak muga, ezerk ez du zinemak eta errugbiak bezain estu batzen, lotzen, baloiak eta zeluloideak zauritutako jendaia igualik gabea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.