Antzerkia

Ipuin baten arrakaletan

Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek ‘Adarbakarra’ ikuskizuna estreinatuko dute bihar, Azpeitiko antzerki topaketetan. Literatura, musika eta antzerkia nahastu dituzte proposamenean.

Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek sortu dute 'Adarbakarra'. NORA ALBERDI / KULTURAZ
Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek sortu dute 'Adarbakarra'. NORA ALBERDI / KULTURAZ
Ainhoa Sarasola.
2025eko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Arima erratu guztiek osatuko dute biharko kontzejua/ gorputzak komunalak izango dira/ nabarmenkerian sinistuko duzue/ eta diot:/ Adarbakarrak existitzen gara». Maite Aizpuruaren Esnatze basa ipuinaren parte da Adarbakarra poemaren zati hori. Baita obra berri baten lehen hazia ere. Izaki mitologiko horrek erakarrita, eta poema abiapuntu hartuta, izen bereko obra eszenikoa sortu baitute antzerkigileak eta Garazi Navas akordeoilariak. Literatura, musika eta antzerkia nahastu dituzte ikuskizunean, eta bihar estreinatuko dute Adarbakarra, Azpeitian (Gipuzkoa), Euskal Antzerki Topaketetan. Dinamoa Sormen Gunean izango da emanaldia, 19:00etan.

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekarekin, Araitz, Betelu eta Larraunen (Nafarroa) izan zen Aizpurua; bertan idatzi zuen Esnatze basa ipuina, eta bertan jakin zuen euskal kondairen artean adarbakarrak ere bazuela berea. Horrek inspiratuta idatzi zuen poema, «nahiko performatiboki» idatzi ere. «Adarbakar baten irudia nuen, nolabait Mari berri batena; izaki mitologiko queer bat imajinatu nuen». Irudi hori eszenara eramateko bulkada sentitu zuela kontatu du. «Eta intuizioz, Garazirengana jo nuen, euskal kulturako elementu galduekin zerbait egiteko asmoz, edo adarbakarra bezalako elementu arrotzak gutaz zerbait kontatzeko erabiltzeko».

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gaztea saria irabazi zuen proiektuak iaz, eta hari forma eman ahala jabetu zen Aizpurua zein zen funtsezko galderetako bat: «Prozesuan deskubrituz joan nintzen herentzian jaso ditugun ipuin, istorio eta kondairek askotan hutsuneak dituztela, edo ez ditugula horrela kontatu nahi. Kondaira bat daukagu, kultur elementu hauek ditugu, eta gatazkatsuak dira guretzat, baina ederrak ere bai; zer egingo dugu haiekin?». Gogoeta horiek plazaratzeko, adarbakarra «medium bezala» baliatu dutela azaldu du; zein, eta «munduko izaki mitologikorik bertsionatuena», historian izaera ugari hartuz eta eraldatuz joan dena, baina gaur egun autoritaterik ez duena, Aizpuruaren hitzetan. Haren bidez, kontakizunen arrakalei edo haien atzean dagoenari erreparatzeko beharraz ariko dira. «Esango nuke elkarri ipuinak kontatzen segitzearen aldeko defentsa bat egiten duela antzezlanak, baina betiere ipuin horien atzealdea kontuan hartuta».

Gogoetagai horiek Navasek sortutako soinu paisaian bilduta plazaratuko dituzte bi interpreteek. Testuak, pasarte abestuak, intimoagoak eta momentu «azidoak» tartekatuko dituztela aurreratu du Aizpuruak.  

Eszenografia soil bat

Esperimentazioa izan da sorkuntza prozesuaren ardatza, eta Oier Guillan antzerkigilea izan dute bidelagun, zeinak kanpoko begirada eskaini dien. Ozaetako Garaion espazioan (Araba), Errenteriako Lekuona Fabrikan (Gipuzkoa) eta Azpeitiko Dinamoan egonaldiak egin zituzten, eta Aizpuruak kontatu du oso ongi ulertu zutela elkar. Oholtzan Navas eta bera izango dira orain, adarbakarrak, eskusoinuak, aulki batek eta kutxa batek osatutako eszenografia soilaz lagunduta. 

Estreinaldiaren ondotik, beste bi emanaldi dauzkate lotuta oraingoz: abenduaren 3an Getxoko Muxikebarri aretoan (Bizkaia) izango dira, eta 2026ko ekainean, Errenteriako Niessenen. Beren ipuin arrakalatua leku gehiagotara heltzeko gogotsu daude. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.