Ignacio Aldekoa kultur etxeak Aldekoa ipuin literarioaren nazioarteko jaialdia antolatu du. Martxoaren 13tik 16ra egingo da, eta Ignacio Aldekoa kultur etxea izango da egoitza nagusia. Gaur egin dute programaren aurkezpena Ana del Val Kultura eta Kirol foru diputatuak eta Iban Zaldua idazle eta jaialdiaren zuzendariak.
Zalduak azaldu duenez, jaialdiaren bidez «puntako» ipuingileak ekarriko dituzte Gasteizera, eta ipuingintzan dagoen «jaialdi falta» beteko dute horrela. «Idazle askok uste dugu jaialdien alorrean hutsune handia dagoela, ia ez baitago ipuin jaialdirik». Batzuetan «marjinatu xamar» izandako generoa iruditzen zaio ipuina Zalduari, Euskal Herrian «presentzia handia» izan arren. Horregatik bururatu zitzaion jaialdi bat egiteko ideia, generoa zabaltzeko asmoz.
Esan eta egin. Pandemia baino lehen otutako ideiari forma ematen hasi zen, eta, azkenean, lau eguneko nazioarteko jaialdi bat izan da emaitza. Izan ere, jaialdiaren antolatzaileek erabaki dute Euskal Herriko zein Euskal Herritik kanpoko idazleak ekartzea festibalera. Eta ez hori bakarrik: askotariko hizkuntzetan idazten duten eta belaunaldi ezberdinetakoak diren autoreak elkartuko dira Gasteizen. «Azken batean, helburua da nazioarteko kontakizun laburren eremuko izen ospetsuak Arabara erakartzea, genero literarioaren izaera unibertsala azpimarratzeko eta haren sorkuntzaren hedapena bultzatzeko, bai euskaraz, bai gaztelaniaz», adierazi du Del Valek.
Lau eguneko programazioa
Literaturan eta irakurketan interesa duen ororentzako tailerrak, hitzaldiak eta irakurraldiak eskainiko dituzte lau egunez –premiazkoa da aurrez izena ematea, eta doakoa da–. Zalduak eman du egunez eguneko programazioaren berri: martxoaren 13an, 11:00etan, Nagore Fernandez, Marijo Olaziregi eta Irati Majuelo Euskal ipuingintza: genero nagusia, ala bazterreko praktika literarioa? solasaldian hizlari arituko dira Micaela Portilla unibertsitate pabiloian. Euskaraz izango da, eta euskal ipuinaren historia garaikideaz arituko dira kritikariak, eta egungo egoerari buruzko gakoak ere emango dituzte.
Biharamunean, martxoaren 14an, Aixa de la Cruz eta Isaac Rosa bilduko dira Ignacio Aldekoa kultur etxean, 19:00etan, eta Eleberria vs. Ipuina: zein da, errealitatean, genero nagusia? hitzaldia eskainiko dute, gazteleraz. «Nik argi daukat, baina haiek ez dakit hain argi izango duten», adierazi du barrezka Zalduak, hitzaldiaren izenburuari erantzunez. Izan ere, bi literatur genero horietan aritzen dira de la Cruz eta Rosa, eta bien artean dauden aldeei buruz arituko dira.
Horren ostean, 21:00etan, Harkaitz Canok, Aintzane Usandizagak eta Joseba Sarrionandiak ipuin irakurketa egingo dute, Benizzeren musika elektronikoaz lagunduta. «Euskal ipuin garaikidearen hiru belaunaldi bilduko dira beren lanen zati bat partekatzeko», azaldu du Zalduak.
Martxoaren 15ean, Ana Malagon, Tina Valles eta Pedro Ugarte bertaratuko dira kultur etxera, Zergatik gara ipuingileak? solasaldia egitera. Gaztelaniaz izango da, eta hizkuntza desberdina duten baina hizkuntza literario berdina —ipuinarena— partekatzen duten hiru idazle horiek generoarekiko duten pasioaz mintzatuko dira.
Martxoaren 16an, jaialdiaren azken egunean, Mariasun Landak ipuinaren inguruko tailer literarioa emango du 10:00etatik 13:00etara, euskaraz. Landak urte asko daramatza tankera horretako tailerrak ematen, eta gako batzuk eskainiko dizkie ipuinaren munduan interesa dueten idazle arituei zein idazle berriei. «Masterclass moduko bat izango da», aurreratu du Zalduak. Amaitzeko, 18:00etan, Eloy Tizonek Ipuinarenxuxurla amaierako solasaldia emango du kultur etxean. Ipuin hispanoamerikarraren idazle ospetsuenetako bat da Tizon, eta generoaren bilakaerari buruz egin dituen azken gogoetak eskainiko ditu. Zalduari «ilusio berezia» egiten dio Tizonen parte hartzeak: «Pribilegio bat izango da bera hemen egotea. Punta-puntako ipuingilea da, onenetarikoa».
«Berezko zeregin handi bat»
Zalduak argudiatu egin du jaialdiari Aldekoaren izena jarri izana: «Ignacio Aldekoa ez zen bakarrik eleberrigile eta ipuingile bikaina izan; ipuinaren defendatzaile handia izan zen, baita generoaren aldarrikatzaile sutsua ere». Aldekoaren hitz batzuk ekarri ditu gogora: «Ipuina eta eleberria genero berekoak dira, baina espezie ezberdinetakoak. Narrazio laburren idazle handi bat erdipurdiko eleberrigilea izan daiteke, eta alderantziz. Ipuinak erritmo eta idazki oso bereziak ditu, nobelak bezala. Hori dela eta, ipuina ez da zeregin handiagoetara jotzeko urratsa, berezko zeregin handi bat baizik». Zera erantsi du Zalduak, azkenik: «Ipuinaren berezko zeregin handi horretan ardaztu dugu hain zuzen ere jaialdi hau».