«Ipuinen xumetasun handiaz» gozatzeko bost egun

Martxoaren 10etik 14ra egingo dute Aldekoa Ipuin Literarioen Nazioarteko III. Jaialdia. Egitasmoa Araban zabaltzeko lehen pausoa emango dute, Laudion mahai inguru bat eginez.

Beñat Sarasola, Isabel Etxeberria, Iker Sancho eta Harkaitz Cano, Micaela Portillan, iazko Aldekoa jaialdian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Beñat Sarasola, Isabel Etxeberria, Iker Sancho eta Harkaitz Cano, Micaela Portillan, iazko Aldekoa jaialdian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2026ko otsailaren 27a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gertakarien eta berri faltsuen erritmo azkarrean mugitzen den gaurkotasunari, ipuinen xumetasun handitik abiatuta, irakurketa patxadatsuaren dohaina kontrajarri behar zaio». Hitz gutxitan azaldu du Iban Zalduak hark zuzentzen duen Aldekoa Ipuin Literarioen Nazioarteko Jaialdiaren helburua. Martxoaren 10etik 14ra egingo dute. Aurten hirugarren aldia izango du, eta badu berritasunik: jaialdia Gasteiztik kanpo ere zabalduko dute. Jardunaldi bat Laudioko kultur etxean (Araba) egingo dute, eta datozen urteetako jaialdiak Araban barrena gehiago hedatzeko asmoa ere azaldu du zuzendariak. Etorkizun hurbilagoari begira, ordea, aurtengo jaialdiaren plater nagusiak hauek izango dira: EHUko Micaela Portilla ikergunean egingo duten Ipar Euskal Herriko ipuingintzari buruzko mahai ingurua, eta Manuel Rivas idazle galiziarrak eta Juan Garzia itzultzaileak izango duten hizketaldia.

Iazko aldian, Araba «ipuinaren eta literatura laburraren funtsezko erreferente» izatea izan zen antolatzaileen helburua, eta gaur, jada helburua bete dutela adierazi du Ana del Val Arabako Aldundiko Kulturako foru diputatuak: «Euskaraz idazten dutenek badakite jaialdi honetan foro bat daukatela».

Erreferente izaten jarraitzeko asmotan, aurtengoa inoiz baino jaialdi «nazioartekoagoa» izango dela iragarri dute bi hizlariek. Hain zuzen, Zalduak ezaugarri horixe nabarmendu du: «Lehenengo egunean Fernanda Trias Uruguaiko idazlea egongo da, eta azken egunean Clara Obligado eta Valeria Correa Fiz Argentinako idazleek gaztelaniazko ipuingintzari buruzko mahai inguru batean parte hartuko dute». Jaialdia elebiduna izango da, eta zenbait ekitalditan zeinu hizkuntzako zerbitzua ere eskainiko dute.

«Gertakarien eta berri faltsuen erritmo azkarrean mugitzen den gaurkotasunari, ipuinen xumetasun handitik abiatuta, irakurketa patxadatsuaren dohaina kontrajarri behar zaio»

IBAN ZALDUA Idazlea eta Ignacio Aldekoa jaialdiaren antolatzailea

Euskarazko jardunaldietan izen entzutetsuak bilduko dituzte. Jaialdiaren bigarren egunean, martxoaren 11n, EHUko Micaela Portilla ikergunean bilduko dituzte Ur Apalategi, Itxaro Borda eta Xan Idiart idazleak. Irati Majuelok dinamizatuko du mahai ingurua, eta Ipar Euskal Herriko literaturaren eta ipuingintzaren egungo egoeraz solastatuko dira.

Hurrengo egunean, Laudioko kultur etxean, Ruben Sanchezek eta Patxi Iturregik, Txani Rodriguez moderatzaile gisa dutela, euskarazko ipuingintza berriak eta zientzia fikzioak dituzten loturak jorratuko dituzte. Eta egun berean, baina Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean, Uxue Alberdi ipuingileak eta Eñaut Elorrieta musikariak Sehaska-kanta (2025-1975) emanaldia egingo dute. Eta, azken egunean, jada jaialdiaren tradizio bilakatu den ipuin lantegia egingo dute, aurten Yurre Ugarteren eskutik: «Idazle hasiberrientzat, eta hasiberriak ez direnentzat ere, izugarrizko eskola magistrala izango da», adierazi du antolatzaileak.

Gaztelaniazko saioen artean, Manuel Rivasek, Juan Garziak eta Itziar Otegik egingo duten mahai ingurua nabarmendu du Zalduak: «Agian hemendik kanpo ez, baina guretzat erreferentziazkoa da Juan Garzia itzultzailea, eta bera Manuel Rivas bezalako beste erreferentziazko egile batekin elkartzea oso berezia izango da. Bien ibilbide sendoek ipuina egungo literatura panoramaren erdigunean jartzen dute, eta narrazio tradizioen arteko elkarrizketa indartzen dute».

Horrez gain, hilaren 14an Clara Obligado, Jose Ovejero, Valeria Correa Fiz eta Irene Reyes-Noguerol idazleek egingo duten mahai ingurua ere azpimarratu du. Bertan, belaunaldi eta jatorri ezberdinetako egileek gaztelaniazko ipuingintzaren egungo egoeraz hausnartuko dute. ¿Una edad de oro? El cuento en español, hoy (Urrezko aroa? Gaztelaniazko ipuingintza gaur egun) izena ipini diote saioari, eta gaztelaniazko ipuingintzaren egungo egoera aztertzen saiatuko dira, Zaldua bera moderatzaile lanetan dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.