Kritika. Artea

Iragan kolonialak bistaratuz

Zineb Sedira artista Tabakaleran, 'Standing here Wondering Which Way to Go' erakusketaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Zineb Sedira artista Tabakaleran, 'Standing here Wondering Which Way to Go' erakusketaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
2026ko apirilaren 7a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

'Standing here Wondering Which Way to Go'

Noiz arte: 2026ko ekainaren 14ra arte.

 Non: Tabakaleran, Donostian.

Udaberriko egun kaxkarra zen, euria goian-behean, eta iparraldeko haize hotza. Urrutira joateko gogo handirik ez, eta Tabakalerara bertaratu ginen bertako erakusketaren bat ikusteko asmoz. Aurretik begirada azkar bat bota nion badaezpada ere instituzioaren web orriari, eta harritu ninduen erakusketen eremu nagusian proposamen bakarra zegoela ikusteak, azken boladan eremuaren hegal bakoitzean mostra bana proposatzen aritu izan baitira. 

Bertaratu eta aretoen atarian ikaragarrizko jendetza zegoen: erakusketa espazio txikiaren aurrealdean guraso talde handi bat (gero ohartu ginen Situ-akzioak proiektuaren baitako erakusketaren inaugurazioa zela), eta balkoiaren aldean, berriz, Ipar Afrikako gazte kuadrilla bat, handia hori ere. Bien artetik igarota iritsi ginen erakusketa aretora. 

Espazioaren hegal bakoitzean proiektu bat proposatzen jarraitzen dutela ikusi genuen segituan. Ezkerretara dago ikustera joanak ginen erakusketa: Zineb Sedira artista frantziar-aljeriarraren banakoa, Standing here Wondering Which Way to Go tituluarekin. Eskuinetara, berriz, hezkuntzatik bultzatutakoa dirudien (eta web orrian topatzerik izan ez dudan) proposamen bat dago, Ipar Afrikako kulturara hurbilpena bultzatzeko asmoa duena, ustez. Hala bada, espazioko bi proposamenekin bilatu nahi den helburu komuna garbia dela dirudi: bereziki etorkinen bidez gurean gero eta presenteago dugun Ipar Afrikako komunitatearen testuingurura hurbilketa bat bultzatzea.

Erakusketara sartu ginen zuzenean. Eta kanpoko jendetzarekiko kontrastean aretoaren hustasuna deigarria egiten bazen ere, are eta deigarriagoa egin zitzaidan hormen nolakotasuna. Kubo txuriaren izaera mantendu eta babestu izan ohi duten espazioan, paretak kolore bizikoak dira oraingoan, ingurunea erabat birdefinituz eta bisitaria erakusketaren proposamenean bete-betean sartuz. Ezkerreko alde osoa berdea da, eta eskuinekoa, berriz, horia, Afrikako jantzi tradizionalen kolore sutsuak gogorarazten dituztenak, segituan proposamenak bisitaria eraman nahi duen Aljeriako 70eko hamarkadako testuinguruaren bueltara igaroaz.

«Espazioko bi proposamenekin bilatu nahi den helburu komuna garbia dela dirudi: bereziki etorkinen bidez gurean gero eta presenteago dugun Ipar Afrikako komunitatearen testuingurura hurbilketa bat bultzatzea»

Sedirak Afrika 60ko hamarkadatik aurrera erdiesten hasi zen estatuen independentzia garaia dakar erakusketara proiektu ezberdinen bidez; bereziki, askatasunaren lortze horretan kulturak izandako garrantzia eta presentzia azpimarratuz. Horretarako, lau dira aurkeztutako lanak, zeinak bi azterketa kasurekin osatzen diren. Azpimarragarriena erakusketari harrera egiten diona da: Mise-en-scene izeneko ikus-entzunezkoa, artistak berak Aljerian ekoiztutako militantzia filmetako zatiekin egina. Memoriaren hauskortasunaz mintzo da, gogoratzen dugunaren eta ez dugunaren arteko loturez, eta horietatik sortzen diren narrazioez. Eta hala, memorien gordailu diren artxibategien garrantzia da behin eta berriz erakusketan ere aldarrikatzen dena. 

Erakusketaren nukleo nagusia Aljerren ospatutako Jaialdi Panafrikarra da, 1962an independentzia lortu zuenetik Afrikako askatasunerako mugimenduaren epizentro nagusia bilakatu zelarik Aljeria. Eta hala, jaialdia bera ere askatasunerako aldarrikapen gune garrantzitsu bilakatu zen. Hemen batere ezaguna ez den ekimena izan zen, eta, artistak berak aitortzen duen moduan, haren grabaketa eta argazkirik egon ez balitz erabateko ahanzturan egongo zena. Bere Londresko egongela irudikatzen duten hiru hormen artean dagoen telebistatik entzuten dira haren hitzak.

Azkenik, artistak aurkezten dituen bi ikerketa kasuak ere aipagarriak dira, Espainiako Estatuaren iragan kolonialari zuzen-zuzenean egiten baitiote erreferentzia: batean, Ekuatore Ginearen independentzia prozesua jasotzen da (1778tik 1968ra Espainiaren kolonia izandakoarena), eta bestean, Kanariar Uharteen independentziaren aldeko mugimenduak jasotzen dira; tartean, Antonio Cubillok Aljerian erbesteraturik zegoela sortutako irrati programaren zatiak uharteen jatorri afrikarra aldarrikatuz.

Erakusketa atsegina da, kasu eta gai interesgarri asko ekartzen ditu gurera, baita hausnarketa asko eragin ere egungo garai eta gizarte egoerei lotuta, baina zenbaitetan hain ezezagunak zaizkigun gaiak direnez, dokumentazio asko egon arren, bitartekotza informazio gehiago eskertuko litzateke, erakusketa irisgarriagoa izan dadin denontzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA