Iragana denean erresistentzia emari

Nick Estes historialari eta militante indigenaren 'Gure historia da etorkizuna' eman du Katakrakek, Amaia Astobizaren eta Danele Sarriugarteren itzulpenean, eta Garbiñe Elizegiren hitzaurrearekin

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
«Existitzen dira liburuak Durangoko Azoka eta gero ere». Azokaren biharamunean ezin zuen bestela hasi aurkezpena Hedoi Etxarte Katakrakeko kideak. Azaldu duenez, pandemiarekin euskarazko argitalpenen adarrerako pentsatutako bi liburu erori zaizkie aurten, baina berreskuratzera heldu dira horietako bat, eta atzo aurkeztu zuten: Nick Estes historia irakasle eta militante antikolonoaren Gure historia da etorkizuna. «Guretzat liburu hau apustu bat da, publikatzen dugun lehenengo historia liburua delako». Nahiz eta gehitu duen historia dagoela euren lan guztien atzean. «Baina stricto sensu, historia liburu bat publikatzen dugun lehen aldia da, eta harilkatzen ditu autorearen bi arimak: Ipar Ameriketako azpiegitura handien kontrako mugimendu indigenen erresistentzian ari den militantearena eta irakaslearena». Bi ahotsak datoz nahasian liburuan, berau osatzen duten zazpi ataletan. Danele Sarriugartek eta Amaia Astobizak euskaratu dituzte, eta Garbiñe Elizegik jantzi du hitzaurre batekin. Etxarte: «Bi mendeko kolonizazio prozesuaren eta, aldi berean, erresistentziaren kontaketa bat da, batzuetan nazioarteko esferatik, besteetan komunitate jakin batetik; laudorio handiak jaso dituena, sintesi eta aberastasun gaitasunengatik».

Urtebete pasa besterik ez du jatorrizko lanak, eta non aurkitu zuten kontatu du Etxartek. Amy Goodman kazetariak gidatutako Democracy Now telebista saioan izan zen —«saio erreferentziala pentsamendu kritikoan»—; elkarrizketa egin zioten Estesi, eta egunotan berrikusi eta orduko gaurkotasun berretsi du Etxartek. «Planteatzen delako zein harreman dagoen kolonizazioaren, genozidioaren, suntsitutako kulturen eta kapitalismoaren garapenaren artean, baina baita ere esaten duelako ez dagoela akordio berde posiblerik merkatua zentroan jarrita, zapaltzen delako mendi horietan, herri horietan, ibai inguruetan bizi den jendea».

Luzeagoa da, izan, liburuaren izenburu osoa: Gure historia da etorkizuna. Standing Rock vs Dakota Access oliobidea, eta indigenen erresistentziaren tradizio luzea. Eta hor aipatuta datorren Dakota Acess oliobidearen kontrako erresistentziaren historiarekin abiatzen da, hain justu, lehen atala. Zazpi komunitatek osatzen duten Oceti Sakowin herriko jende indigena da protagonista, Missouri ibaiaren ondoan bizi dena. 2016a da eta energia konpainia handi batek zulaketak egiteko asmoa agertu du bertan, ura arriskuan jarriz. «Baina ez bakarrik», zehaztu du Sarriugartek. «Proiektuaren kontrako erresistentzia handi bat abiatzen da, etaEstesek erresistentzia horren aurrekariak erakusten ditu, nola izan zen kolonizazio modua, zer tresna biolento erabili ziren». Bada, irakurketak bi tonu uztartzen dituela adierazi du: «Gogorra da, baina, aldi berean, etengabe dago etsitzen ez duen herri bat, era ezberdinetako borrokak egin dituena azken 200 urteetan».

Denboraren kosmobisioa

Beste alderdi bati ere jarri dio azpimarra Sarriugartek: Ameriketako natiboen kosmobisoari. Haien ikuspegian, iragana, oraina eta etorkizuna ez ei dira gauza bereiziak, «harreman batean» dauden kontzeptuak baizik. Estesek kolonoen edo Mendebaldeko historiaren ikuspegiarekin alderatzen du: «Aipatzen du nola kolonizatzaileek nahi duten pentsatu garapen bat dagoela historian, horrela pentsa dezaketelako iraganean egin zituzten eta harrotzen ez dituzten gehiegikeria horiek jada pasatu direla; eta haiek [indigenek] ez dute horrela ikusten; haiek ikusten dute nolabait iragana eraikiz lortuko dutela etorkizuna eraikitzea, iraganaren kontaketa hori etorkizunaren kontaketaren parte bat dela». Ikusmolde hori jasotzen du, hain justu, izenburuak.

Bufalo bat agertzen da azalean, eta horrek liburuko beste elementu garrantzitsu bat irudikatzen duela ekarri du gogora itzultzaileak: senidetza. «Senideak dira beste herriak baina baita bufaloak, mendia, ibaiak». Kolonizazio hasieran, indigenek bufaloei esker euren bizimoldeari eutsi ahal izan ziotela azaldu du, jatekoa eman zielako, harik eta kolonizatzaileek bufalo populazioa akabatzeari ekin arte. «AEBetako armadakoek bufaloak hiltzen zituztenean azalgorriak deitzen zieten, indigenei bezala; haiek hiltzean, aldi berean indigenak hiltzen ari zirela sentitzen zuten».

Profetak, Setioa, Sorrera, Gerra, Uholdea, Red Power, Internazionalismoa, Askapena. Historia kolonialak eta dekolonialak talkan egindako bidea aletzen dute zazpi atalek, zehatz jasoz gertakariak, erabakiak, beren izen, data eta xehetasunekin, gaur arteko auzietara helduz. Izenen kasuan, Astobizak aipatu du Ataramiñek aurten emandako Zaldi zoro izan dutela erreferente horiek itzultzerakoan, Aitor Fresnedok euskaratutako lanak dakarren izen indiarren zerrenda.

Euskaldunetara etorrita

Ameriketako indigenen historia Euskal Herriko testuingurura ekarri du Elizegik hitzaurrean, Dakotako tribu batean lanean emandako sasoia gogoan. Ideia bat azpimarratu du: urrun izanagatik, «herri kolonizatuek» antzeko prozesuak bizi dituztela. «Helburu bera da: herri bat desagerraraztea». Bat aipatzera, kolonizatu aurreko historiaz euskaldunak indiarrak baino desjabetuago antzematen dituela esan du, eta eguneroko erresistentzien balioa nabarmendu. «Hizkuntzarena, lurraren defentsarena, lurrari lotutako bizimoduarena... maizago irakurri beharko genituzke jatorrizko herrietatik heltzen diren irakurketak; nahita edo nahigabe, geure buruari harrika aritu ohi gara maiz patroi batzuk errepikatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.