J'Aime
'Anachronistic d’amour'
Diskoetxea:Â Jabalina
Euskaraz mintzo den musika eszena oso interesgarria duen bezala, Iruñeak izan du eta oraindik badu gaztelaniaz ez ezik ingelesez eta frantsesez ere aritu izan den pop eta rock mugimendu aipagarri bat ere. Eta horren barruan ibili izan da Jaime Cristobal 1990eko hamarkadaz geroztik. Haren curriculumari begiratzea besterik ez dago: Ritual de lo Habitual, The Glitter Souls, The Brillantinas, Souvenir... Batera edo bestera jo arren —gitarretan oinarritutako indie popa, australiar rocka, surf eta garage musika instrumentala eta pop elektronikoa landu ditu, besteak beste—, Cristobalek beti erakutsi du pop melodiak bilatzeko nahia, eta horren erakusgarri nabarmena da J’aime ere, haren proiekturik pertsonalena.
J’aimek 2010eko hamarkadaren hasieran hainbat single bikain kaleratuta ekin zion bideari, eta orain dela bost urte argitaratu zuen lehen lan luzea: Love & Squalor. Oso lan estimagarria da, eta, musika genero askotarikoen bitartez, erakusten du Cristobalek zer-nolako gaitasuna duen melodia aberats bezain iradokitzaileak sortzeko. Orain, berriz, Anachronistic d’amour (Jabalina) diskoarekin itzuli da Cristobal, eta berriro ere erakutsi du estilo batetik bestera mugituta ere J’aimek manera pertsonalak dituela, eta, hori baino inportanteagoa dena, kantu egile apartekoa dela.
Izenburuak adierazten duen moduan, anakronismoekiko maitasun adierazpen bat da J’aimeren bigarren lan luzea. Iraganeko grabatzeko moduen eta soinuen zalea da Cristobal, baina tresna berriak eta gaur egungo teknologia ere erabiltzen ditu, eta kontraste horretan mugitzen da etengabe Anachronistic d’amour. No World Without Love-k, adibidez, crooner baten moduak darabiltza —Richard Hawleyren eta Scott Walkerren artean—, baina erritmo sintetiko bat du oinarrian, eta Every Year a Flower Bloom, berriz, ahots tratatua duen balada goxo bat da.
Diskoak, nolanahi ere, bestelako doinu eta erritmoak ere baditu. (Strictly Not) Thinking of You-k, adibidez, barne hartzen du The Go-Betweens-en eta The Magnetic Fields-en izpiritua, eta jangle gitarra eder bat du; Lucky Guy-k —gitarra prozesatu batekin— Bruce Springsteenen 1990eko hamarkadako kantu batzuk ekar ditzake gogora.Â
Iraganaren eta orainaren arteko joko horretan, Cristobalek bi kantu zahar berreskuratu ditu. Sweethearts & High Ends pop kantu distiratsua da horietako bat, Teenage Fanclub-en eta The Lemonheads-en sonoritateetan murgiltzen dena; eta Just Makeshift Care-ren kasuan, berriz, 1997an lau pistako grabagailu batean jasotako kantuari aurten bertan grabatutako beste pista batzuk gehitu dizkio, horien artean ezinbestean The Byrds-en eta Roger McGuinnen ahaireak dituen hamabi hariko gitarra bat.Â
Sakontzeko eta kantu bakoitzak dituen ñabardurak arakatzeko aukera askoz gehiago eskaintzen ditu diskoak —The Great Big Lie-ren gitarra; Amplified Heart-en gurutzatzen diren erritmo kutxa, elektronika zaharrunoa eta gitarra ziztatzailea—, baina kantu bat nabarmentzekotan, ezin aipatu gabe utzi Distant Star, twang gitarra ezin iradokitzaileago batekin David Lynchi eginiko omenaldi hunkigarria.
Jaime Cristobal kultura musikal handiko konpositorea da —horren erakusgarri da duela hogei urte abian jarri eta gaur egun ere gidatzen duen Popcasting podcast aitzindari ezinbestekoa—, eta Anachronistic d’amour-ek hori berretsi baino ez du egiten, iraganaren eta orainaren arteko jokoen bitartez.