Iraganeko eta egungo euskaldunen historia induskatua

'Nor naizen baneki' antzezlana estreinatuko dute gaur, Luhuson, Axut eta Artedrama konpainiek. Euskal Herriaren historia «ukatua eta zapaldua» da obraren ardatz nagusia. Ikusleei «barne indusketa bat» proposatuko diete antzezlanaren bitartez.

'Nor naizen baneki' antzezlanaren entsegua, Luhuson, urriaren 13an. GUILLAUME FAUVEAU
'Nor naizen baneki' antzezlanaren entsegua, Luhuson, urriaren 13an. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Luhuso
2025eko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguzkia apaldu orduko aktoreak iratzarri dira antzezlana entseatzeko. Harat-honatak franko dira kadira gorriz hornitu antzoki hutsean, plastiko handi batez jantzi dute oholtzaren aitzinaldea, eta gainetik beheiti idatzi proiektatu bat ageri da, antzezlanaren izena: «Nor naizen baneki». Plastikoaz gain, argi jokoa hainbat koloretako laserrek osatzen dute, oholtzaren ezkerretik eskuinera, gainetik beheiti edota gibeletik aitzinera. Euskal Herriaren barne indusketa bat egitea proposatu nahi dute Axut eta Artedrama konpainiek, gaur Luhusoko (Lapurdi) Harri Xurin estreinatuko duten obraren bitartez, eta Luhuson bertan izan du BERRIAk antzezlanaren entsegu orokorra ikusteko aukera. Gaurko estreinaldiaren ondotik, Donostian aurkeztuko dute Nor naizen baneki, hilaren 23tik 26ra, eta azaroan, berriz, Bilbon, Barakaldon (Bizkaian) eta Baionan taularatuko dute.

Antzezlaneko arkeologo Alainek argi utzi du ildo nagusia hastapen-hastapenetik: Euskal Herriaren historia Euskal Herritik kontatzen dute aktoreek. «Gure historia guhaurek kontatu ezean, kaput!», bota dio Juneri, indusketa arkeologikoa egitera jin den gazteari. Biluzirik ageri da oholtzaren gibeleko partea, erridaurik gabe. Hariak agerian dira, eta hainbat kutxa daude aktoreen jantzi dilindatuen artean. Inperfektua da eszena gibela, baina argiak apaldu orduko ikuslea bere barne indusketa propioan sartzen dute aktoreek. Erroma garaitik hasirik, Euskal Herriko familia baten historia kontatzen dute antzezlanean, gaur egungo indusketa arkeologiko batekin uztarturik. Iraganaren eta orainaren arteko zubia da oholtza gainean ikus daitekeena, eta argien joko bortitz batek eta aktoreen jantzi aldaketa soilek markatzen dute garai aldaketa, gibelean proiektatu dataz eta erranaldiez gain. 

Antzezlana egiteko hipotesi batetarik abiatu ziren Ximun Fuchs eta Harkaitz Cano. Arkeologia eta antzerkia iduri direla kontatu du Fuchsek. Haren erranetan, gizakion aztarnetarik joanez kontakizun bat interpretatzea da arkeologoen zeregina, baina baita antzerkiarena ere. Antzezlana egin ahal izateko, Aranzadi zientzia elkarteko kideekin anitz mintzatu direla erran du, eta arazo komunak ere atzeman dizkiote elkarri: denbora falta eta diru eskasia.

(ID_15414000) (Guillaume Fauveau/EZEZAGUNA) Axut eta Artedramaren 'Nor naizen baneki' antzerkiaren entseguko argazkiak, Harri Xuri ...
Nor naizen baneki antzezlanaren entsegua, Luhuson, joan den asteartean. GUILLAUME FAUVEAU

Irulegiko Eskua abiapuntu gisa hartu zuten Canok eta Fuchsek, eta idazteari ekin zioten Euskal Herriaren historia «ukatua» eta «zapaldua» oholtzaratzeko gogoz. «Badugu historia tapatua eta ukatua. Horri loturik, gerlari, jabegoari loturiko gaiak ere azaleratzen ditu antzezlanak, mendeetan barna ibiliko den familiaren joan-jinak erakutsiz».

«Badugu historia tapatua eta ukatua. Horri loturik, gerlari, jabegoari loturiko gaiak ere azaleratzen ditu antzezlanak, mendeetan barna ibiliko den familiaren joan-jinak erakutsiz»

XIMUN FUCHS Antzezlanaren zuzendaria

Iraganaren eta orainaren arteko kontakizunean muga argiak markatu dituzte, baina bertze momentu batzuetan biak nahasten dira, iraganak orainean duen eraginagatik, Fuchsek dioenez. «Iraganaren kontakizuna egun egiten da, oraina iraganaren isla da, eta hori aurkeztu nahi izan dugu bere ñabardura guziekin». 

Euskal Herriaren indusketa kontatzeko barne indusketa bat egin behar izan duela zehaztu du Fuchsek. Antzezlana ikustean, jendeak «hau ene historia da» erratea nahi luke, eta barne gogoeta sortzeko familia baten historiatik abiatu dira antzezlanean, usu familia herriaren metafora baita, Fuchsen hitzetan. Pertsonaia bakoitzak alde ilunak, gorrotagarriak eta maitagarriak ditu. «Ez da antzerki zuri eta beltza, konplikatuagoa da». 

Orotariko rolak

Hainbat pertsonaia antzeztu behar ditu aktore bakoitzak antzerkiko bi garaitan barna. Bakoitzak gutienez bi antzezten ditu. Ramon Agirre aktorearen arabera, hainbat antzezmolde dituen obra «intentsoa» da Nor naizen baneki. Beraz, bortxaz tragediatik komediara edo errealismotik melodramara pasatzea galdegiten du obrak. Erronka «handia» da aktoreentzat, baina zailtasun hori erakargarria egin zaio Agirreri. 

«Gure lanean, saiatu behar gara konprenitzen zer dagoen portaera batzuen atzean; jakin behar dugu, errate baterako, zergatik ote den bortitza norbait»

MAIALEN DIAZ Aktorea

Maialen Diazi ere lanketa oso interesgarria egin zaio. Pertsonaiaren izaera eraikitzeko beragandik urrun izan daitekeen pertsonaia baten «bihotza eta ñabardurak» bilatzen entseatu da. Barne indusketa «polita» eraman du min handia pairatu duten pertsonengan inspiratuz. «Gure lanean, saiatu behar gara konprenitzen zer dagoen portaera batzuen atzean; jakin behar dugu, errate baterako, zergatik ote den bortitza norbait».

«Spoilerrik egin gabe», haren ustez, egiturazko mina eta bortizkeria jasotzen duten pertsonaiek ez dute ikusten bertze batzuk zapaltzen dituztela, ez direlako gai ikusteko bertze batzuk zauritzen dituztela; zauriek errealitatea ikustea eragozten diete. Nahiz eta logikarekin «bat ez datorren», izate hori ulertzeak pertsonaiaren «izaera eta ñabardurak» eraikitzen lagundu dio.

Historia liburuetatik kanpo

Zauriz jantzi pertsonaiek herri «kolonizatu» baten historia kontatuko dute, Agirreren hitzetan. Kanpora begirako behakoa introspektiboa izatea nahiko luke. Ikusleak bere historia propioa, gurasoena edo aitatxi-amatxiena ikusteko aukera izanen du, «historia liburuetatik kanpo» kontatzen den kontakizuna begipean izanez. «Geure buruaren ispilua da antzerkia. Herri gisa nondik gatozen eta nola gauden ikusiko du ikusleak. Hain zuzen ere, herriaren historia ikusiko du jendeak, eta espero dut gazteek historia liburuetan azaltzen ez dena ikasiko dutela, obraz gozatuz betiere». 

«Geure buruaren ispilua da antzerkia. Herri gisa nondik gatozen eta nola gauden ikusiko du ikusleak. Hain zuzen ere, herriaren historia ikusiko du jendeak, eta espero dut gazteek historia liburuetan azaltzen ez dena ikasiko dutela, obraz gozatuz betiere»

RAMON AGIRRE Aktorea

Gai unibertsalak ere plazaratzen ditu antzezlanak. Gizarteko hainbat indarkeria mota azpimarratu ditu Diazek. Bertzeak bertze genero indarkeriak, lurraldetasunaren auziak eta bertze hainbat puntuk zer gogoetatu ematen dutela kontatu du. Horretarako eta elkarrekin sentitzeko gune «potente» bat sortzen du antzezlanak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.