'LA ÚLTIMA NOCHE CON MI HERMANO'
Espainiako eta Kataluniako zentro dramatikoen aliantzari esker ondu du Sanzolek bere azken antzezlana. Ez da aurreko piezetan jorratutako bidetik irten, kontrara, haren estiloaren ildoak nabarmendu dira La última noche con mi hermano-ren [Azken gaua nebarekin] testuan zein zuzendaritzan.
Antzerki klasikoetan bezala, publikoari aldez aurretik jakinarazten zaio zer gertatuko den. Nagore (Nuria Mencia) da protagonista nagusia, eta minbiziak jota hilko dela aitortzen digu. Familiari diagnostikoa azaltzen dion unetik abiatzen da kontaketa. Alberto izeneko nebari, Ainhoa koinatari eta haien seme-alaba gazte helduei ematen die albistea. Ezkongabea eta sindikalista da Nagore, eta, tarteka-martekako narratzailea ere bada. Familiak berria nola hartu duen iruzkintzen digu, eta bere barneko pentsamenduen jarioa ere ezagutzen dugu, off-eko ahots moduko bat erabiliz. Era horretan, hostorearen antza hartzen du testuak, geruza adeitsuek geruza gazi-gozoak estaltzen dituztela: dirudiena, ikusgai edo entzungai daukaguna, eta horren dekodifikazioa.
Madrilen bizi da familia, eta jatorra, abegitsua zein enpatikoa dela ulertzen dugu. Eredugarriak dira zaintza asumitzeko duten eragatik. Eredugarria da Alberto nafarrak eta Ainhoa gipuzkoarrak osatutako bikoteak seme-alabekin duen harremana ere. Albertok (Jesus Noguero) ez du arrebaren gainbehera onartu nahi eta haren etsipenean maitekorra iruditzen zaigu. Ainhoa oso gertukoa iruditzen zaigu, Claudio anaiarekin daukan desenkontruan. Badira tentsioak, gaizki-ulertuak eta tabua, baina ez da drama izatera iritsiko, Sanzolen idazkerak kontentzioa eta oreka dituelako ezaugarri, eta elementu barregarriak erabiltzen ditu baita une beltzenetan ere.
Pertsonaiak gutako edozein izan daitezke, hain normalak, hain borondate onekoak baina hanka ere sartzen dutenak; pertsonaia horiek gu izan gintezke bizitzari heriotzak ekartzen dion atakan, batzuetan baikor beste batzuetan etsita. Seme gazteena, Oier, arrazoi ideologikoak direla medio, osaba Claudiorekin lerratzen da. Espainiako banderen eskumuturtxoa darama lehenbizikoak; bigarrenak, berriz, ez dio Ainhoa arrebari barkatu, Irunen jarraitxu batzuek jipoitu zutenean, defendatu ez izana. Gu bezain kontraesankorrak dira: gehien maite dituztenekin haserretzen dira; protagonista nagusiak bakarrik egon nahi du, baina bakartua sentitu gabe; senideen laguntza behar du, baina halakorik ez eskatzeko plantak egiten ditu hainbatetan.
Melodrama umoretsu gisa sailkatuko nuke Sanzolen lana. Gazi-gozoa den tonuz zipriztinduta dagoela esango nuke, hunkigarritasunaren mugan mantentzen dena, sentimentalkerian erori gabe. Solasaldien ateraldiek umoretik edaten dute, eta elkarrizketetako haserrealdiak naturaltasunetik sortuak dira. Aparta da Sanzol pertsonaien sakontasuna adierazten modu arinean, eta horretarako ezinbesteko sostengua dauka aktoreen taldearen puntako lanean. Nuria Mencia eta Sanzolen arteko tandemak ezin hobeto funtzionatu ohi du aurreko urteetan, baina La última noche-n gailur altuenera iritsi dira era oso delikatuan.
Espazio eszenikoa bakarra da, baina polibalentea: Albertoren pisua zein Nagoreren apartamentua irudikatzeko balio du. Bi orduko lan honetan jantzi aldaketa xumeek adierazten digute denboraren joana. Apenas dagoen soinu bandarik.
Menciaren pertsonaiaren higadura fisikoak animoa tristatu zigun eta isiltasun trinkoa zabaldu zen antzokian haren heriotzaren unean. Hilko zela baldin bagenekien zergatik dugu gogoa hain goibeldua? Hondoko paretan pitzadura erraldoi bat izan dugu hasieratik begi bistan. Arrakalan baso eder bat. Bizitzak eta heriotzak aurrera jarraitzen dute.
Ikusleek zutik eta txalo sutsuez eman zioten agurra konpainiari. Ez zen gutxiagorako.