«Ez da sekula izango jende askoren gutizia, baina maite dugunok badakigu poesiak baduela, baxu-baxu hitz eginez, oinarrizkoak zaizkigun bizipenak eta hortik ondorioztatzen diren jakintzak aldarrikatzeko ahalmena». Hitz horiekin aurkeztu du Miren Agur Meabe Euskaltzaindiko idazkari eta idazleak Irailekoak poesia jaialdiaren hirugarren aldia. Meaberen esanetan, poesia intimitate baten taupada da, baina, aldi berean, espazio kolektiboa ere bai, sustraiak eta memoriak aldarrikatzeko lekua. Aurten, ardatz horretan, aberria izango da kontzeptu nagusia.
Jaialdia bere sorlekura itzuliko da, Lekeitiora (Bizkaia) —bertan izan zuen lehen aldia, eta Itsasun (Lapurdi) antolatu zuten iaz—. Ez da kasualitatea: aurten 700 urte bete ditu udalerriak, eta Euskaltzaindiak herriaren ospakizunetara batu nahi izan du. Horretarako, Lekeitioko Udalarekin, Recreatiba elkartearekin eta Kitto merkatarien elkartearekin batera antolatu du jaialdiaren egitaraua. Lehen aldiz, hiru egunekoa izango da: irailaren 26tik 28ra bitarte egingo dute.
«Lurraldeen arteko loturak sendotu nahi ditugu, Iparraldekoak zein Hegoaldekoak», azaldu du Meabek, eta jaialdiaren xedea muga guztiak zeharkatzea dela azpimarratu du. Iaz Itsasun jasotako erantzun bikaina ere ekarri du gogora: «Oso harrera ona izan genuen, eta espero dugu hala izaten jarraitzea».
Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu du jaialdiaren helburua argia izan dela hasieratik: «Poesia sustatzea, eta euskal poetentzat plaza erakargarri bat eskaintzea». Lekeitioko alkate Ander Aldazabalek ere bat egin du mezu horrekin: «Gure herriak ardatz izango du poesia. Lekeitiok beti izan du poesiaren gertutasuna, eta poesia guztiona da».
Hitzaldiak eta omenaldiak
Diziplina askotako jarduerak bildu dituzte egitarauan. Formol Laborategiaren Heriotzak Eduardo du izena antzezlanarekin hasiko da jaialdia, irailaren 26an, ostiralez. Meaberen esanetan, merezi duen ikuskizun bat da, «umorea eta samurtasuna» uztartzen dituena. Hirugarren aldiko gai nagusia aberria izango dela ere azaldu dute antolatzaileek. Hedoi Etxarte idazle nafarrak hilaren 27an helduko dio auziari, Aberri galduaren bila izenburu duen hitzaldian; «zer da aberria?» galderari tiraka ariko da hizketaldian. Meabe: «Hausnarketa irekia izango da, gure errealitatetik abiatuta baina beste geografia eta ahots batzuekin lotuz».
Ondotik, larunbatean orobat, jaialdiak omenaldi berezia egingo dio Eusebio Erkiaga idazle eta euskaltzain lekeitiarrari. Udalak eta Euskaltzaindiak oroigarri bat jarriko dute haren jaiotetxean, eta Xabat Galletebeitiak bertsoak kantatuko ditu. Eta, segidan, irakurraldi poetiko musikatua izango da San Juan Talakon; Txomin Hegi, Gotzon Barandiaran eta Ane Labaka idazleek eta Unai Egia eta Toki musikariek parte hartuko dute.
Arratsaldean beste ibilaldi poetiko bat egingo dute Abaroa parketik Mareaerrotara. «Oso ibilaldi polita da, edonorentzat gomendagarria, eta bereziki Lekeition inoiz egon ez direnentzat», ziurtatu du Meabek. Leire Vargas, Iker Aranberri, Raquel Pardo, Edu Zelaieta eta Luzien Etxezaharreta idazleek parte hartuko dute, Esther Gabiolak musikaz lagunduta. Eta, ondotik, Mareaerrotan, Mohammed el-Kurd idazle palestinarraren Rifqa liburua ardatz duen errezital musikatua egingo dute Eider Beobidek —hark itzuli du euskarara liburua—, Xalba Ramirezek eta Peru Galbetek. «Aberriaren gaiaren barruan, Palestinari ere lekua eman nahi izan diogu», azaldu du Meabek.Â
Kontzeptu nagusi horri tiraka erabaki dute aurten, halaber, Chus Pato eta Miriam Reyes poeta galiziarrak jaialdira gonbidatzea. Biak dira hainbat aitortza jasotakoak —tartean Espainiako Poesia Saria jasoa dute biek, iaz Patok eta aurten Reyesek—, eta haiek izango dira igandeko protagonistak. Lehenik, Danele Sarriugartek gidatutako solasaldi batean parte hartuko dute. «Galiziarrak izanik, aberriaren gaia ere ukituko dute, nahiz eta ez den izango gai bakarra», zehaztu du Meabek. Eta, ondoren, Sonora ikuskizun poetikoa aurkeztuko dute. Horrekin emango diote amaiera jaialdiari.
Herria, poesiaren leiho
Jaialdia baino lehenago ere, poesiak udan izan du bere lekua Lekeitioko kaleetan. Herriko hainbat dendaren erakusleihoetan Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Bernardo Atxaga, Alejandra Pizarnik, Itxaro Borda eta Miren Agur Meaberen olerkiak izan dira ikusgai, besteak beste, Kitto merkatarien elkartearen ekimenez. Halaber, aurreko urteetan egin bezala, Iraileko paperak aldizkariaren zenbaki berria argitaratuko dute aurten ere, «oroigarri intelektual-poetiko» gisa. Hirugarren argitalpeneko ilustrazioak Sonia Rueda artistak egin ditu.
Meabek gogorarazi du Euskaltzaindiaren borondatea dela lurralde guztietan halako egitasmoak sustatzea, baina ez dela erraza: «Ez dugu beti denborarik, ezta lan indarrik ere». Hala ere, gogorarazi du aurten bertan, iragan maiatzean, Nafar Literatura Jardunaldia egin zutela Iruñean, eta halako egitasmo gehiago egin nahiko lituzketela.