Literatura

Irati Goikoetxeak irabazi du Igartza saria

Azken hamarkadetan "terrorismoak eta indarkeriak eragindako sufrimenduari eta min humanoari" buruzko eleberria idazteko proposamena aurkeztu du. Urtebete izango du lana amaitzeko.

Aitor Aldasoro, Xabier Mendiguren, Irati Goikoetxea eta Joxe Begiristain gaur, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Miren Garate.
2019ko irailaren 10a
09:14
Entzun

"Eleberriko pertsonaiak minari erreparatzen jarri nahi ditut, bai norberaren minari, bai bestearenari, zaila delako mina erreparatzea minari erreparatzen ez badiogu", esan du Irati Goikoetxea idazleak (Beasain, Gipuzkoa, 1984) Igartza bekari esker idatziko duen eleberriari buruz. Baina-rik gabeko minaz ariko dela kontatu du, alderaketarik eta justifikaziorik gabeaz, biktimen bakardadeaz. Oihana izango da protagonista nagusia. 22 urte lehenago, ETAk aita hil zion, garondora tiro bat jaurtita. "5 urteko Katti alabak egiten dizkion galderak tarteko, min hori berridentifikatzen hasi da, eta konturatuko da zerbait egin nahi duela hain suntsigarria den min horrekin".

Abiapuntua Oihana izan arren, inguruan pertsonaia gehiago izango ditu: ama, 5 urteko alaba, 14 urteko semea, bikotekidea, anaia, aita hil ziotenean zuen mutila eta abar. Era berean, pertsonaiaren bueltan beste zirkulu bat osatuko duela azaldu du Goikoetxeak: "Pertsonaia horiek, gizarteko herritar orok bezalaxe, mina beren erara bizi dute, beren mamuekin, kontraesanekin eta aurreiritziekin". Elkarri entzuten jarri nahi dituela iragarri du. "Baina hori nire borondatea izango da; gero ikusiko dugu elkarrengana hurbiltzen ote diren, nola, nola ematen dituzten pausoak eta abar".

Gaiari dagokionez, betiko kezka pertsonala izan duela azaldu du, eta literaturaren bidez egin nahi izan duela ezberdinen arteko bizikidetza osasuntsuago bat lortzeko bere ekarpena. "Jabetzen naiz erronka handi bat dela bai liburua idaztea, bai propio gai horri heltzea, baina uste dut gizartean, norbanakoan nahiz kolektiboan, ausartak izan behar dugula". Bizikidetzaren arloan lan egiten du Goikoetxeak, eta azaldu du horrek ere eman diola gaiaz gehiago hausnartzeko eta min horretara iristeko aukera. "Bi aukera ditugu: modu pasiboan denborari pasatzen utzi, eta hori arriskutsua iruditzen zait, edo gutariko bakoitzak, dakigun horretatik, ekarpenak egitea".

Euskal literaturan, gaiari askotariko ertzetatik heldu izan zaiola uste du. "Saiatuko naiz zerbait berria egiten. Propio-propio kontakizuna minean zentratu nahi dut, eta uste dut izan daitekeela min horren bueltan ahots ezberdinak bilduko dituen lehen pausoetako bat. Saiakera horretara jo nahi dut". Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen esanetan, proiektuak alderdi politiko bat baduen arren, samurtasuna ere oso nabarmena da laginean. "Ez da izango politikaren gogortasunaren korapilo bat: mina bera izango da erdigunea, minaren erabilera hori da gainditu nahi dudana", esan du Goikoetxeak.

Aurkeztutako proiektuari Herriak ez dut barkatuko izena jarri dio. Aurreko saridunetako batzuek mantendu egin izan dute hasierako izenburua; beste batzuek, aldiz, aldatu egin dute liburuan. "Gaur-gaurkoz, heldu nahi nioke izenburuari, aurkeztutako laginaren amaierak barkamenari egiten diolako keinua". Hortik sortu zitzaion esaldi egin horrekin jokoa egiteko ideia. "Gure herriko kaleetan irakurri izan dugu esaldi hori, eta niri herriaren eta barkamenaren erabilera horrek ezinegona sortu izan dit, haserrea". Buelta txiki bat eman, eta "herria" modu suntsitzailean erabili beharrean, eraikitzailean erabili nahi duela azaldu du, uste baitu etorkizuneko herriak, belaunaldi berriek, ez dutela onartuko gizarteko agente aktibo gisa eta modu kolektiboan bizikidetzaren alde ezer egin ez izana, eta pisu hori denboraren joanean haiei utzi izana.

Goikoetxearen bigarren liburua

Igartza bekaren bidez argitaratuko duena ez da Goikoetxearen lehen liburua izango, 2014an Andraizea (Erein) ipuin liburua kaleratu baitzuen. "Idazteko modu bat deskubritu nuen lanketa hartan, eta, gerora ere, ipuin laburretan-eta, gutxi gorabehera mantendu izan dut". Esaldi laburrak, elkarrizketa zuzenak, bigarren pentsamendu batzuk bilatu nahi dituzten jokoak eta abar dira estilo horren ezaugarrietako batzuk. "Inkontzienteki ere, eskuak, buruak eta sormenak horra joko dit".

35 urtetik beherako idazleentzako sariketa bat da Igartza, eta adin hori betetzear du Goikoetxeak. "Banituen zer kontatuak, eta zer kontatu horiek ez dute askotan epe mugarik izaten, baina jabetzen nintzen hau zela azken aukera, eta kontatatu nahi nituen horiek Igartza bekaren bidez kontatzeko saiakera egin nezakeela".

Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatzen dute sariketa, eta urtebeteko epea ematen die irabazleei liburua idazteko. 1998an antolatu zuten lehen aldiz, eta gaur egun ezagunak diren idazle askok argitaratu dituzte eleberri nahiz ipuin liburuak beka horri esker, hala nola Unai Elorriagak Van't Hoffen ilea, Karmele Jaiok Amaren Eskuak, Uxue Alberdik Aulki bat elurretan, Katixa Agirrek Habitat, Eider Rodriguezek Katu Jendea eta Danele Sarriugartek Erraiak. Iazko beka Erika Elizarik jaso zuen, Zendabalitz izeneko nobela proiektuarekin, eta datorren udaberrian argitaratuko du Elkarrek. Goikoetxearen 2021eko udaberrian ateratzea da asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.