Manuela Carretta dantzari italiarra Mikel Laboaren Baga, Biga, Higa kantuan oinarrituta dantzan erakusten duen bideoa aurkeztu du gaur Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrak. Irati Gorostidik zuzendu du bideoa, eta Juan Gorostidi izan da ekoizlea. Carretta Laboaren kantu batean oinarritutako koreografia bat dantzatzen erakusten duen hirugarren bideoa da Baga, Biga, Higa. Lehena Fiorenzo Zancanen produkzio bat izan zen, Laboaren Orreaga kantuan oinarritua; bigarrena Irati Gorostidik zuzendu zuen, Laboaren Gernika kantuan oinarrituta. Dantzari flamenko garaikidea da Carretta, eta berak sortuak dira hiru bideoetako koreografiak.
Irati Gorostidik zuzendutako aurreko lana, Gernika-n oinarritutakoa, iazko apirilean estreinatu zen, Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan, Gernika Lemoizen dantza emanaldian. Bideo horretan Lemoizko zentral nuklearra sortzeko egindako eraikinaren hondakinen artean egiten du dantza Carrettak. Bideo hori ikusteko aukeraz gain, Carretta zuzenean dantzatzen ikustekoa ere eskaini zuen ekitaldi hark.
Gorostidiren bi bideoek Mikel Laboa katedraren laguntza jaso dute. Gaur aurkeztutakoak —Baga. Biga, Higa— arte-sormena bultzatzeko laguntza jaso zuen, iazko deialdian, ikus-entzunezkoen arloan. Dantza arloko beka Ibon Salvadorrek jaso zuen, amaitzear duen eta aurki aurkeztuko duen koreografia bat egiteko.
Baga, Biga, Higa Laboak jendaurrean kantatu zuen lehen lekeitioa da, eta sortu eta kantatu zituen guztien arteko ezagunena. Harekin abiatu zuen gerora bere ibilbidean oso emankorra izango zen ildo esperimentala, lekeitioena.