Literatura

Irati Majuelok ‘Hiria gure oinetan’ saiakera eman du argitara

Bost euskal nobelatako emakume protagonisten eskutik ibilbide bat egitea proposatzen dio irakurleari, espazioaz gogoeta eginarazteko. Susa argitaletxearen Lisipe bildumaren 17. liburua da.

Irati Majuelo, plazaratu berri duen liburua eskuetan, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Majuelo, plazaratu berri duen liburua eskuetan, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko irailaren 29a
19:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bost euskal eleberritako emakumezko protagonistei eskutik heldu, eta hiria ibiltzea. Proposamen hori egiten dio irakurleari Irati Majuelok argitaratu berri duen liburuan: Hiria gure oinetan. Espazioaren irakurketa feministak euskal literaturan. Espazioaz gogoeta eginarazi nahi du lanak, literatura abiapuntu hartuta eta begirada feminista baten bidez. Susa argitaletxearen Lisipe bildumaren 17. liburua da. 

Literatur Ikasketetan doktorea da Majuelo, eta EHUn irakasle zein ikertzaile aritzen da, baita BERRIAn ere, literatur kritikan. Euskal eleberrigintza urbanoaren irakurketa feminista bat (2023) tesian, euskal nobeletako hiriak eta horiek ibiltzeko moduak ikuspuntu feministatik aztertu zituen, eta ikerketa hori du oinarri liburuak. Dena den, argitu du ez dela tesiaren laburpen bat, ez eta egokitzapen bat ere, saiakera bat baizik. «Ahalegin kontziente bat egin dut akademiatik aldentzeko eta halako ikerketa luze batean atera daitezkeen hainbat gauza modu irisgarriago batean azaltzeko».

Egilearen hitzetan, espazioa politikoa den neurrian, haren antolaketak eta erabilerak badute islarik norbere bizitzan, eta horri buruz gogoeta eginarazi nahi du liburuak. Literatura ardatz hartu du berak ariketa hori egiteko, haren ustez, literaturak ere eragina izan baitu Mendebaldeko pentsamenduan eta kulturan hiria ulertzeko maneran. «Literatura bada beste kanal bat iruditeriak eta narratibak sortzen dituena, eta horiek gure espazioa bizitzeko modua baldintzatzen dute, edo hiria ibiltzeko modua. Hori ekarri dut hona».

Literaturan ohikoa izan den hiri-ibiltariaren pertsonaia ere ekarri du gogora Majuelok, eta askotan gizonezkoa, europarra eta maila ekonomiko jakin batekoa izan dela zehaztu du. Berak, baina, bost emakumezko protagonista hautatu ditu. «Liburu honek irakurleari egiten dion proposamena da hiri-ibiltari bilakatzea, baina liburu hauetako pertsonaiek eskutik egitea bide hori, eta, honenbestez, espazio publikoa zilegitasuna eman ez zaion gorputz horretatik bizitzeko gonbidapena egiten du, gorputz okerretik, gorputz susmagarritik».

Bost espazio, bost eleberri

Ibilbide bat proposatzen dio liburuak irakurleari. Bost kapitulutan banatu du egileak testua —hitzaurreaz eta amaierako atalaz gain—, eta bakoitzean espazio bat eta gai zehatz bat landu ditu.

Etxea du izenburu aurrenekoak, «ibilbide guztiak hasten direlako etxetik». Mendebaldeko kulturan espazioa ulertzeko modua publiko-pribatu bereizketan oinarritzen dela azaldu du Majuelok, eta ideia hori hizpidera ekartzeko, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox (Hordago, 1979) eleberriko izenik gabeko protagonista eraman du lehen atalera. «Haren eskutik ikusten dugu egunerokotasunean zer mugimendu egiten dituen ama banandu eta langile den emakume horrek, eta ikusten da zenbat emakumek ibiltzen duten hiria apenas zapaldu gabe, bakarrik errekaduak, etxeko lanari edo zaintzari lotutako beharrizanak betetzeko».

Etxetik aterako da irakurlea Kalea hurrengo atalean, eta gorputzaren gaineko gogoetak aurkituko ditu, espazioari lotuta betiere. «Segun eta zer gorputzekin ateratzen garen espazio publikora, ez da berdina gutaz espero dena, eskatzen zaiguna, epaitzen zaiguna, zigortzen zaiguna... Horren inguruan hitz egiten da, zein gorputz diren zilegi, zein ez, zer balio ematen zaien, zeintzuk diren ikusgarri eta ondorioz epairako helburu, eta zein hartzen ditugun ikusezintzat edo neutrotzat eta ondorioz ez duten horrelako gatazkarik». Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako (Lur, 1969) eleberriko Gisele protagonista lagun hartu du egileak gaia aztertzeko.

«Hiriari beste era batean begiratzeko tresna bat izan nahi du liburuak, beste espazio batzuk sortzeko esperantzan

»

IRATI MAJUELO Idazlea

Taberna hirugarren atalean, beste espazio batzuk agertzen hasiko dira —«gaua, antroak, manifestazioak...»—, eta horiekin batera, «hiria arriskutik bezainbeste desiratik bizitzeko nahi bat». Bi liburu baliatu ditu egileak gogoetak harilkatzeko: Sonia Gonzalezen Ugerra eta kedarra (Txalaparta, 2003) eta Uxue Alberdiren Jenisjoplin (Susa, 2017). Haien protagonisten bidez —Kat eta Nagore, hurrenez hurren—, «bestelako hiri batzuk» agertzen dira, «igual hain postalekoak ez direnak, arauak haustean ikusgarri egiten direnak. Eta horrekin batera, araua urratzeak dakarren gozamena ere agertzen da. Baita gozamenerako arriskua hartzen duten emakume oker horiek gero bueltan jasotzen duten zigor moral edo soziala ere».

Laguntasuna du ardatz Aterpea laugarren atalak, eta, Ugerra eta kedarra-z gain, Irati Elorrietaren Neguko argiak (Pamiela, 2018) eleberria ere aipatzen da. Bi nobela oso ezberdin izanagatik, bietan laguntasunak «potentzialitate edo indar handi bat» duela uste du Majuelok, eta ideia horrek «hiria askatasunerako eta desirarako espazio gisa ulertzeko modu oso interesgarriak» eskaintzen dituela.

Azken atala Bidegurutzea izendatu du egileak, hiria bide desberdinak irekitzen diren espazio bat ere badelakoan. «Esploratu nahi nuen hiriak eskaintzen duen aukera beste norbait izatekoa, beste nolabait izatekoa». Horri buruz gogoeta egiteko Neguko argiak nobelako Añes protagonista ekarri du berriro. 

Majueloren hitzetan, espazioa politikoa izanik, hari buruz hitz egiteak modua ematen du «gorputzez, horien zilegitasunaz, zaurgarritasunaz, zaintza lanaz, laguntasunaz, bakardadeaz, desiraz, premiaz... azken batean, bizitzaz» hitz egiteko. «Liburu hauetako protagonisten eskutik agertzen zaigu hiria den hori, espazio eder eta bortitz hori, bere gatazka guztiekin, bere kontraesan guztiekin. Hiriari beste era batean begiratzeko tresna bat izan nahi du liburuak, beste hiri batzuk, beste espazio batzuk, bizigarriagoak, desiragarriagoak, interesgarriagoak sortzeko esperantzan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.