Iraultza txikien soinu banda

Koban taldea izen bereko lehen diskoa aurkezten ari da uda honetan. Trikitia eta instrumentu elektronikoak nahasten dituzte kantuetan;. electroswinga egiten dute

Koban taldeak duela hiru urte hasi zuen ibilbidea, eta taldean aldaketa dezente izan dira ordutik. JOSETXO PEREZ.
Maider Galardi
Lasarte-Oria
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
«Hau ez da gure bakea / eta ez gatoz apur eske / dena lehertzeko prest gaude». Koban musika taldearen E.E.I.E. kantuaren esaldi bat da, baina ongi laburbil dezake taldearen apustua. «Ezin bada dantzatu, ez da gure iraultza», Xalba Ramirez taldeko gitarra jotzaileak hartu dio Emma Goldman feminista anarkistari esaldi hori. Balio dezake Koban zer den azaltzeko ere. Orain hiru urte hasi zuten bidea, eta zenbait taldekideren joan-etorrien ondoren, aurtengo udaberrian kaleratu dute diskoa: Koban, taldearen izen berarekin. Izena eta izana, biak esku artean, lana aurkezten ari dira herriz herri udan.

11 kantuko lana prestatu dute, electroswing estiloaren ingurumaritan denak: «Diskoari koherentzia eman nahi genion, eta denbora eskaini diogu, zuzenekotik diskora kantuak moldatzeko», azaldu du Ramirezek. Ez baita gauza bera oholtza gaineko espektakulua eta disko ondu bat. Horregatik, lan berrian jaso nahi izan dute hiru urteotan etengabe bilatzen aritu diren doinu propioa: «Aldez aurretik bagenuen jendearen babesa, eta horregatik ausartu gara kantu berriekin», nabarmendu du Rakel Arenaza abeslariak. Horren adibide da Katu Swing abestia, gainontzekoekin alderatuta «motelagoa». Arenaza bera ere duela gutxi hasi da sintetizadorea erabiltzen, eta haren ustez taldea ari da orain are forma egonkorragoa hartzen.

Izan ere, taldeak ibilbidea hasi zuenetik, asko izan dira aldaketak. Ramirez eta Arenaza, esaterako, ez zeuden Kobanen hasieran. «Guztia hasi zen Onintza Rojas taldeko abeslari eta trikitilariak eta Lide Hernando Liher-ek trikitia eta musika beltza nahastea erabaki zutenan», azaldu du Ramirezek. 2015ean eman zuten lehen kontzertua, oraindik electroswinga egiten zutenik ere ez zekitela. Jendaurrean are ezagunagoak egin ziren 2016an, Gazte Akelarrerako Congo Square kantua egin zutenean. Ordutik, taldea egonkortu egin da. Orain, kide dira Rojas abeslaria, Elixabete Beraza piano jotzailea, Estitxu Beraza, Maddi Gerriko eta Jone Laspiur koruko abeslariak, Joseba Salbide oinarri elektronikoa jartzeaz arduratzen dena eta Ramirez eta Arenaza.

Asko dira taldean, eta horrek eragina ei du eguneroko dinamikan: «Erabakiak guztion artean hartzen ditugu; elkarrekin hazten ari gara», nabarmendu du Arenazak. «Asanblada musikatua gara», gehitu du Ramirezek. Horregatik, akaso, diskoari ere behar beste denbora eman diote egosteko. Iako irailean hasi ziren grabatzen Arrasateko Shot estudioan, eta udaberrira arte ez dute argitaratu.

Aitortu dute, hala ere, bazutela presioa lehen diskoa kaleratzeko: «Zama izan dugu, hain justu bagenekielako jendeak harrera ona egingo zigula, baina inork ez zekien zuzenekotik harago zer eskain genezakeen», ohartarazi du Ramirezek. «Hori izan da arraroa Kobanekin; diskoaren aurretik etorri dela harrera goxoa», nabarmendu du Arenazak. Diskoa kaleratuta, zuzenekoei heldu diete berriro, hala sentitzen baitira eroso: «Oholtza gainean dantzan, giro onarekin eta guztientzako espazio seguru bat sortuz».

Aldarrikapenak dantzan

Dantzarako giroa sortu bai, baina Kobanekoek abesti zorrotzak idazten dituzte: «Estilo berezia dugu. Gure abestiek mezu politikoa dute inondik ere, baina ipuin baten moduan kontatzen ditugu», adierazi du Arenazak. Horren adibide dira, besteak beste, Señorita bat Akelarre batian, edo Panpin puskatuen fabrika. Taldea nolakoa den ongi islatuta ikusten du Arenazak abestietan: «Gure kantuak emaitza komunitarioa dira. Bihurriak gara, ironikoak, gure abestien modura. Horregatik sentitzen gara eroso eta identifikatuta egiten dugunarekin».

Jendaurrean mezu argiak helarazteaz gain, taldean ere lanketa berezia egina dute. Batetik, ez dute lidergo argirik: «Ohikoa litzateke musika talde batean abeslaria izatea erritmoa jartzen duena, baina gurean rolak aldatzen ditugu», ohartarazi du Arenazak. «Onintza hasieratik dago, eta bera dago oholtza erdian, baina ez du berebiziko protagonismorik», gehitu du Ramirezek. Hala, taldekideek urteotan aldatu dituzte instrumentuak, eta taldean duten rolak ere izan du bilakaera. Agerikoa da emakumeek taula gainean duten presentzia: «Jakina, ez da ausazko erabaki bat, eta ez zaigu gustatzen etengabe erantzutea zergatik gauden hainbeste emakume oholtzan», azpimarratu du Arenazak. «Gizonoi ere egin beharko litzaiguke galdera. Bestela, badirudi ez dugula ardurarik espazio horien okupazioan», erantzun du Ramirezek.

Deseraikuntza prozesu bat, zaintza eta horizontaltasuna; horiek dira, taldekideen ustez, Kobanen osagarri nagusiak. Areago, Ramirezek dio Donostiako zenbait musika espaziotan eta taldetan sentitzen dela aldaketa giro hori. Liher,Physis versus Nomos, Pelax, Zozo eta Rukula aipatu ditu, adibidez: «Ea hurrengorako badugun proiektu berri bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.