Iraultzarako koordenatuak

Artea eta zientziaren bidegurutzean jarri dute begia Gomez eta Guemes artistek Bilbon jarri duten erakusketan

Enkarni Gomez eta Ainhoa Guemes, EHUko Bizkaia aretoan jarri duten erakusketan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Diziplinen arteko bidegurutzean aritzen dira Enkarni Gomez eta Ainhoa Guemes. Artea, zientzia eta feminismoa gurutzatzen diren gunean, eta, horregatik, hitz propioa asmatu behar izan dute egiten dutena deskribatzeko: Arteknozientzia. Ingeniaritza irakaslea da lanbidez Gomez, eta kazetaria formazioz Guemes. Arte Ederren Fakultatean dabil, ordea, doktorego tesia egiten, eta urteak dira Gomezekin elkarlanean dabilela. Egindako ibilbide horren emaitza da orain Bilbon, EHUren Bizkaia aretoan ikusgai jarri dutena. Obra arteknobizien produkzioa izendatu dute erakusketa. «Diskurtsoak eraikitzeko bi bide ezberdin dira artea eta zientziarena, baina, gure ustez, gurutzatu egiten dira zenbait puntutan. Eta elkarrekin topo egin dugun gune horietan sortu da arteknozientzia. Munduaren ikuspegia nola eraikitzen dugun aztertzen dugu artetik eta zientziatik». Igandera arte izango da zabalik.

Sei instalaziok osatzen dute bilduma, eta Oteiza eta Woolfi eskainitako pieza bat dago aretoaren erdi-erdian. Harrespil bat da, eta hark irudikatzen duen hutsunea. Guemesek eman du horren azalpena: «Oteizaren ustez, harrespila da komunitatea babesteko tokia. Hor sortzen den hutsuneak ematen du aukera espazio eta denbora gainditu eta kanpotik datozen erasoez babesteko». Erakusketara ekarri aurretik, errito bat ere egin zuten harrespila horrekin, Araia inguruan (Araba) dagoen Sorginetxe izeneko gunean. Donostiako Herri Harresiarekin bat etorri zen ekintza, eta horregatik azpimarratu du babesaren ideia Guemesek. Izan ere, agerikoa da beren artelanek duten karga politikoa.

«Nik uste dut sortzaileen abizenak ere agerikoak izan behar direla, eta gu feministak gara, eta Euskal Herria berri bat sortu nahi dugu», dio sortzaileak. Kokapen horretatik abiatzen da beren sorkuntza. Horiek dira beren iraultzaren koordenatuak, eta horregatik jarri dute erakusketaren horma nagusian X handi bat. Beren artea puntu horretatik abiatzen dela esateko.

Woolf ere omendu nahi izan dute erakusketan, eta hari egindako omenaldi bat ere bada harrespila. Azaldu du zergatik Guemesek: «Woolfek poltsikoetan harriak sartu eta errekan itota egin zuen bere buruaz beste. Bere lanak utzi zizkigun, eta hemen haren agurra era positibo batean interpretatzen saiatu gara».

Aurpegirako estalki arrosa

Kakorratzez egindako buruko beroki arrosa bat da erakusketako pieza deigarrienetariko bat. Guemes eta Gomezen jarrera artistikoaren erakusgarri da. «Gudari Kings Komando Autonomoa izeneko talde bat osatu genuen, eta hainbat ekintza artistiko egin genituen. Baina berehala ohartu ginen ekintza horiek politikatik oso gertu zeudela. Gure helburua zen emakumeek artean egiten duten lana eta aktibismoa ikusgarri egitea, eta horregatik sortu genituen buruko beroki hauek». Orain marko batean jarri dute ikusgai. «Su-eten garaiak dira», azaldu du Guemesek.

Nabarmena da ironia Badok tesia izeneko instalazioan ere. «Kokoteraino bukatu dugu akademiaren munduarekin», azaldu du Guemesek. Bukatzear du doktorego tesia jadanik, baina, dioenez, nekagarria izan da bidea. Hizkuntza akademikoak trabak baino ez omen dizkio jarri bere asmoari. «Zerbait esperimentala egiten saiatzen zarenean, eta konpromiso politiko jakina baldin baduzu, badirudi bide arriskutsua hartzen ari zarela. Beldurra izaten zaie halako proposamen esperimentalei. Zentsura existitu egiten da». Horregatik, mendeku txiki bat da instalazioa. «Egin dudan hau bada tesia, edo ez da tesia? Nork erabakitzen du hori? Zergatik idatzi behar dut idatzi nahi dudana lerro artean? Pikutara!».

Erakusketari buruzko bideoa ikusi nahi izanez gero, bisitatu gure webgunea: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.