Kritika. Musika

Ireki ateak unibertso hedatzaileari

Portals
2026ko otsailaren 1a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

the vintage caravan

'Portals'
Argitalpena: Napalm Records.

Duela hamar urteko Azkena Rock Jaialdian harrituta utzi gintuen Islandiako hirukoteak: rock psikodelikoa, stonerra, progresiboa, blues ukituren bat... Geroztik atera duten hirugarren diskoa da hau, bere ibilbideko seigarrena. Badauka disko honek izpiritu berezi bat, soinu benetan gardena eta beroa irradiatzen duena. Ez dakigu analogikoan grabatzeak sentsazio hori aupatzen duen, baina sendotasuna eta kalitatea sobran dauzkaten kantuak dira. Ordubeteko diskotzar honen bertuteak asko dira, baina, goraipatuko ditugun kantu batzuez harago ere, bere osotasunean koherentzia eta inpaktu handia daukan lan bat dela esan behar dugu.

Kantu batzuk sarrera instrumental batekin hasten dira, gero egurra barra-barra ematen duten arren. Horrelaxe hasten da diskoa: Philosopher-ek intro leun eta iradokitzailea dakarkigu, baina gero soinu indartsua eta gitarra bereziki potoloa dakar. Portal izeneko piezak, guztira bost, interludio instrumental motzak dira, diskoa sailkatzeko edo zatitan banatzeko sortuak. Gauzak horrela, Days go by-k dakarren wah-wah efektua benetan gogotsua da: riff sarkorrak, soinu metalikoa... gainera, momenturen batean ZZ Top taldea ere ekarri digute gogora. Hasiera jostagarria dauka Here you come again kantuak, nahiz eta gero berriro ere eztanda datorren. Zehatza, lehergarria... makina batek bezala jotzen dute kantu hau.

Current dezente apalagoa eta sarkorragoa da. Azkenean, lehertzen denean, gitarra soinu saturatua eta erabatekoa dakartza. Stonerraren maitaleentzat Give and take kuttunenetakoa izango da. Hard Rock dotorea stonerrarekin fusionatzen da, eta emaitza totala da. Igoerak eta jaitsierak dauzka Crossroads gitarrazaleak. Alone-ren riffak monumentalak dira, nahiz eta errepika nahiko biguna eta melodikoa den. Melodikoa da, baita ere, gitarra soloa. Agian diskoko kanturik komertzialena da hau, baina ez dugu uste jendetza masiboa konkistatzeko helburua daukanik. Freedom ere riff eta harmonia orgiastikoak dakartzan pieza da, oso itsaskorra, trepidantea. Gitarra soinu potoloa dauka, baita solo berezi eta dotorea ere.

Azkarragoa da Riot heavya. Prog rock modernoa da, baita heavya eta stonerra ere: horra hor entsalada bariatua, baina koherentea. Electrified batzuetan leuna den arren, erakargarria da oso, eta bai, traza progresiboak ere badauzka, gitarra landu eta korapilatsuak barne. Portal V instrumentalaren ondoren dator My Aurora baladistikoa, diskoari oraindik barietate gehiago ematen diona, nahiz eta akaso zale batzuei gustatuko ez zaien, eta agian apur bat lekuz kanpo ere badagoen. This Road amaiera kañeroa da, segurua eta indartsua, zati instrumental gogotsuak dauzkana. Hau baino bukaera hoberik ez dugu imajinatzen. Kantu borobila da, grand finale-a eta apur bat stonerra gitarren soinuan. Finean, disko borobila landu dute islandiarrek, beren ibilbideko onenetakoa eta erakargarrienetakoa ere bai, bide batez.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.