Irene Solaren hirugarren eleberria euskaraz argitaratu du Alberdaniak

Joxan Elosegik euskaratu du 'Begiak eman nizkinan eta ilunpeei behatu hien' eleberria. Emakumeak ditu ardatz kontakizunak

Joxean Elosegi itzultzailea, Irene Solaren liburua esku artean duela. JON URBE / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2023ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Bizitzaren eta heriotzaren dantzan aritzen direnetakoa da Irene Sola Kataluniako idazlea. Jorge Gimenez Alberdania argitaletxeko editorearen ustez, «naturatik harago dagoen munduan» barneratzea du gustuko. Hiru eleberri kaleratu ditu Solak, eta hirugarrena da dantza horretan gehien aritzen dena. Joxan Elosegi itzultzaileak euskaratu du, eta Alberdania argitaletxeak argitaratu. Atzo aurkeztu zuten Begiak eman nizkinan eta ilunpeei behatu hien, Solaren azken liburua.

Aurreko bi eleberriak ere euskaratu ditu argitaletxeak: Dikeak izan zen idazlearen lehen lana, eta 2022an euskaratu zen. Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak izan zen libururik ezagunena. 2020an argitaratu zuten euskaratuta; Joxan Elosegik berak egin zituen itzulpen lanak. Itzulpengintzako Euskadi saria jaso zuen horregatik.

XVI. mendean Kataluniako Guilleries eskualdeko herri batean, Mas Clavell etxeko amak deabruarekin egindako hitzarmen bat dela eta, bertako ondorengo guztiek zerbait izango dute faltan: bihotz laurden bat, mihia, izena, betileak, gibela... Bernadeta, adibidez, betilerik gabe jaio zen. Bernadeta emakume zaharra da oso, hain da zaharra, non dituen urteen kontua galdu duen. Hiltzen ari da, eta bere bizitzako azken eguna izango da eleberriaren muina.

Sei ataletan banatzen da liburua, eta atal bakoitzak eguneko momentu bati egiten dio erreferentzia; egunsentitik hasi, eta gauerdira arte. Egileak denbora behar izan zuen eleberria denbora tarte horretan kokatu nahi zuela erabakitzeko. Liburuaren aurkezpenean berak aitortu zuen, hori erabaki bitartean «eleberriaren barruan» bizi zela, kontakizunari entzun, eta forma emateko.

Protagonista hiltzen ari den bitartean, XVI. mendetik Mas Clavellen jaio, bizi eta hil diren emakumeak dira liburuan ahotsa dutenak, haiek prestatzen baitute Bernadeta hiltzeko. «Heriotza presente dago liburuan, baina ez era dramatikoan, bizitzaren beste pasarte bat izango balitz bezala azaltzen da», gehitu du Gimenezek.

«Dena zalantzan dago istorioan zehar, ez dago ikuspegi absoluturik», zehaztu du Elosegik. Emakumeak eta etxea dira istorioaren muina, sarritan, kontakizunetan ahotsik ez duten bi elementu. Itzultzaileari, «bitxia eta esanguratsua» iruditu zaio egileak pertsonaien bizipenak ikuspegi feminista batetik biltzeko izan duen gaitasuna.

Irakurleari erronka

Elosegik irakurle berezitzat hartzen du bere burua lanak itzultzeko orduan, hein batean, berak baitu irakurleari istorioa kontatzeko ardura. Eleberriaren izenburua itzultzean, hika jartzea erabaki zuen; liburua irakurrita, hori iradokitzen ziolako testuak. Protagonistetako bati jainkoak esandako esaldi batetik atera zuen egileak liburua, protagonista hori oso fededuna baita. Heriotzaren eta bizitzaren arteko dantzaz gain, deabruaren eta jainkoaren arteko balantzan ere ibili nahi izan du autoreak liburuan.

Sola eleberrietan bere mundu propioa eraikitzen joan dela aipatu du Gimenezek, eta mundu horretan, narrazioari buruz duen ikuspegia mamituz joan dela. Gainera, Sola artista plastikoa ere badenez, bere proiektuetan prozesuari garrantzi berezia ematen dio.

Elosegik «oso gustura» egin du lan: «Irenek [Solak] irakurleari lan eginarazten dio, eta irakurleak erronka horri erantzun behar dio». Hori da, itzultzailearen ustez, idazlearen lanen arrakasta. Bestalde, egileak«autore onen» ezaugarri bat baduela ikusi du; liburua irakurri ahala, pixkanaka gauzek zentzua hartzen dutela, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.