Jabier Riaño. BilboArteko zuzendaria

«Irizpideak artistak berak ezar ditzan uzten dugu»

Aurten hamar urte beteko ditu BilboArte artistentzako ekoizpen guneak. Hasierako helburuak bete direla dio zuzendariak, eta bide horretan jarraitzeko asmoa agertu du

EKAITZ GOIENETXEA BILBO
2008ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Gaurko egunez, duela hamar urte, inauguratua behar zuen. Baina arazoak sortu ziren: eraikuntza enpresak porrot egin zuen eta eraikina erdizka utzi. Hilabete geroago inauguratu zuten. Halaxe, hamar urte daramatza BilboArteko zuzendari postuan Jabier Riañok (Bilbo, 1959).

Ezagutzen ez duten irakurleentzat: zer da Bilboarte?

Ekoizpen artistikorako zentro bat da. Diru sail batzuk ematen dizkiegu bekadunei; deialdi bakoitzeko 300 bat aurkeztu ohi dira, eta horietatik 20-24 hautatzen ditugu. Iaz, 24 izan ziren. Produkzio gastu guztiak ordaintzen dizkiegu eta zentroko guneak uzten dizkiegu obrak lantzeko, eta saiatzen gara lan horien sustapena egiten, lekuetara eroaten.

Jendeak ezagutzen du?

Zuzentzen gatzaizkion jendeak, bai. Gizartean, orokorrean, askok ez gaituzte ezagutuko. Baina gu ez gara bisita asko jaso gura dituen museo bat. Badaukagu alderdi publikoago bat, erakusketa gela bat eta antola daitezkeen hitzaldiak eta zikloak eta abar. Baina ezin gara eten barik bisitak hartzen ibili, lan egiteko lekuak direlako, eta artista inbaditua senti daiteke.

Zelan sortu zen? Beharrik ba al zegoen?

Bilbon mugimendu handia zegoen artisten aldetik: sortze lanetan, tailerrak antolatzen, elkarteak eratu guran... Udalean proiektu zirriborro bat aurkeztu zen, eta defendatuz joan ginen, argi eduki zuten arte. Hasieran, kultura bulego baten antzekoa zen, baina, gero, fundazio bihurtu ginen. Gaur egun, Udaletik kanpo oso diru portzentaje handia datorkigu, bai beste erakunde batzuetatik, bai era pribatuan. Horri esker mantendu ahal dugu dena.

Hamar urteotan, zelako aldaketak izan dira?

Erabatekoak. Eraikina hutsik zegoela hasi ginen: ez altzairurik, ez makinarik, ia diru barik... Orain, badaukagu nahikoa azpiegitura, artista batek hartu gura duen edozein norabide egingarria izan dadin. Lantegi egokiak ditugu eta 20-24 beka banatzen ditugu urtero. Beraz, dezente hazi gara.

Artisten lanean, bilakaerarik ikusi duzu urteotan?

Denean daude joerak eta momentuak: kontzeptualagoak, minimalistagoak... Gure ahalegina plurala izatea izan da, denak hartu ahal izatea. Hautatze prozesua ere kanpoko batzorde batek egiten du, Euskal Herritik kanpoko museo zuzendariek eta kritikariek osatua, bertoko artistekin harreman zuzenik ez edukitzeko. Bide batez, hemengo belaunaldi hasiberriak ezagutzen dituzte. Hori da gure indargunea: joera zehatz bako produkzio zentroa izatea. Ez ditugu ezartzen guk, artistek beraiek ezartzen dituzte joerak.

Eta artista asko pasatuko ziren honezkero, ez?

Ehundik gora hamar urteotan, eta denetarik. Gehienak oso langileak dira, arreta handia jartzen diotenak lanari.

Zaila izango da bekadunen baten lana bereziki azpimarratzea, ezta?

Ezin dut bakarra aipatu. Azkenfinean, harremana eten bakoa da, eta oso zuzena. Familia handitxo baten modukoa da, urtez urte handitzen doana. Ikasle trukearen kontua nabarmenduko nuke. Gero eta gehiago saiatzen gara gurea lako espazioak bilatzen, hartu-emanak izateko.

BilboArte nahikoa da artista gazteen eskaerari erantzuteko?

Eskaera mahai gainean ipinita, ez. Uste dut antzeko ezaugarriko espazio gehiago beharko liratekeela. BilboArtek bere funtzioa betetzen du. Ez litzateke txarto egongo apur bat handiagoa izatea, baina, tira, ez dakit kontzeptualki beste BilboArte bat beharko litzatekeen. Agian, beste nonbait... Sarea handitu beharko litzateke.

Hamargarren urteurrenean zer edo zer apartekorik?

BilboArteren hamar urteotako artisten hautaketa bat egingo dugu, artista bat urteko. Hamar artista horiekin erakusketa bat mugituko dugu: lehenengo geltokia New York izango da, Austrian egiteko aukera ere aztertzen ari gara, eta gero Bilbon amaitu ibilbide osoa.

BilboArte ezagutzera emateko?

Hori baino gehiago, artistak ezagutarazteko. Artistek nahikoa ezagutzen gaituztela iruditzen zait, eta artista horiek kanpoan ezagut ditzatela gura dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.