«Neure buruarekin lasai gelditzeko helburuarekin idatzi dut liburua». Horretarako idazten du Karlos Linazasorok, berak azaldu duenez. Haur eta gazteen literatura, poesia, antzerkia, ipuinak eta nobelak landu ditu bere literatur ibilbidean, eta «aldartearen arabera» erabakitzen du batean ala bestean murgildu. Oraingo honetan, nobela bat idaztea atera zaio: Dusseldorfeko txibatoa. Ironiak eta umore beltzak gidatzen du irakurlea istorioan barrena, baina pasarte «zuriagoak» ere badaudela esan du idazleak. Erein argitaletxeak argitaratu du.
Karl da liburuko protagonista; gizon alemaniar jubilatu bat. Alemanian bizi izan da orain arte, baina, gaixotasun baten ondorioz, hezetasunik gabeko leku batera bizitzera joateko gomendatu dio medikuak, horrek on egingo diolako. Espainiako hegoaldea aukeratu du, eta bere «labezomorroa» lagun izango du Karlek istorio honetan zehar —Linazasorok izen hori jarri dio Karlen autoari—.
Idazleak honela definitu du protagonista: «Gizon serioa da, faxista, misoginoa eta arrazista. Hemen esango genukeen moduan, putakume hutsa. Beste alde batetik, gizon jantzia da. Literatura asko irakurri du, eta bere garaian literatur irakaslea ere izan zen». Inazio Mujika Iraola Erein argitaletxeko editoreak, berriz, honela deskribatu du Karl: «Sherlock Holmesen eta Mister Beanen arteko pertsonaia bat da. Beharbada, pixka bat zekenagoa».
«Karl gizon serioa da, faxista, misoginoa eta arrazista. Hemen esango genukeen moduan, putakume hutsa»
KARLOS LINAZASORO Idazlea
Helburu bat eta bakarra du Karlek bizileku berrian: legea zaintzea. Baina eguneroko egoera txikiek etengabe jarriko dute kolokan asmo hori. Izan daiteke gaizki aparkatutako auto bat, uraren zapore txarra, manifestazio bat; edo izan daitezke auzoko zaratak ere. Mujikak eman du azalpena: «Karlentzat hori dena apokalipsi txiki bat da. Auzokideekin talkan bizi da. Udaltzainak aspertuta dauzka, eta bere bizitza ez da nobela bat. Nik esango nuke reality show-aren eta fartsaren artean dabilela haren bizitza».
«Polizia lana egiten du Karlek. Bere izaera zeken horrekin utzikeria gisa ikusten baititu gauza guztiak», azaldu du idazleak. Esate baterako, sakelako telefonoa hartu eta argazkiak ateratzen ditu, udaltzainei eraman eta haiek isunak jar ditzaten. Mujikak jarraitu du esplikazioarekin: «Diskurtso azkarra eta obsesiboa du. Kexaz betea eta errepikakorra». Editorearen ustez, hori da protagonistaren ezaugarri nagusia, eta haren burua «gurpil zoro bat» da. «Batzuetan ez duzu jakingo barre egin edo ospitalera deitu zuzenean». Linazasorok lehen pertsonan idatzi du liburua, eta kapitulu bakoitzean Karlek «egin behar ez lukeen zerbait» egiten duela azaldu du.
Ispiluaren aurrean
Nobela honek «irribarrea eragiten du», Mujikaren iritziz, baina, aldi berean, irakurlea «ispiluaren aurrean» jartzen du: «Barre egingo dugu, baina pentsatuko dugu: ‘Ene bada, gu geu ere ez ote gara salaketak egiten dituen Karl hori?’. Agian guk Whatsapp taldean bakarrik egiten ditugu salaketa horiek. Baina gauza asko atera daitezke absurdoaren ikuspegitik edo ispilutik».
«Karlek ez du nire antzik. Agian, gu guztion zerbait izango du, eta horrek jartzen gaitu ispiluaren aurrean»
KARLOS LINAZASORO Idazlea
Karl benetan existitzen den edo existitu den gizona da. Egunkari bateko orri batetik hartu zuen ideia idazleak: «Erretiroa hartu ostean, sei urtean 30.000 salaketa jarri zituen bere herrian. Sekulako kaosa sortu zuen. Izan ere, ezin zituzten salaketa guztiak kudeatu». Karlen istorioarekin islatu nahi izan du errealitateak fikzioa gainditzen duela, «beti».
Karlek eta Karlosek izenean antzekotasuna duten arren, elkarren antzik ez dutela argi utzi du idazleak: «Karlek ez du nire antzik. Agian, gu guztion zerbait izango du, eta horrek jartzen gaitu ispiluaren aurrean».