Kritika. Literatura

Irudi altxagarriak

Flysch: pop-up albuma
2026ko apirilaren 12a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

'FLYSCH: POP-UP'

Idazlea: Irene Irureta. Ilustratzailea: Irene Irureta. Argitaletxea: Denonartean.

Tamaina handikoak izaten dira pop-up teknika erabiltzen duten liburuak. Potzoloak, ikusgarriak eta bereziak, baita desiragarriak ere. Batzuetan, haurra artifizio bidez erakartzeko teknika bat dirudien arren, pop-up liburua ez da fribolitate bat, ez du zertan; baiki, irudi altxagarriak dituzten liburu onak ditugu euskaraz.

Testuinguru honetan kokatu behar dugu Flysch pop-up albuma. Izatez historiako liburua da, Geoparkeak hartzen duen ingurunean ardaztua. Liburuak erritmodun egitura bat du; txandaka ematen dizkigu lau testu ilustratu, altxagarriak dituzten lau testurekin tartekatuta. Historiako une esanguratsu bati buruzko zertzelada batzuk adierazten dira bakoitzean: flyscharen sorrera, duela 110 milioi urte; dinosauroen desagerpena, duela 66 milioi urte; duela 200.000 urteko gizakien arrastoa; eta Ekain, duela 15.000 urte.

Euskal letretan lehen aldiz osorik bertan egindako pop-up liburua da hau.

Puntu honetan nabarmendu behar da lau irudi altxagarriak, lau pop-up-ak, Irene Irureta paper ingeniariak egin dituela —gidoia ez gainerako guztia ere Iruretak egin du—. Alegia, euskal letretan lehen aldiz, osorik bertan egindako pop-up liburu bat argitaratu da: argitaletxea, paper ingeniaria, ilustratzailea eta gidoigilea, guztiak euskaldunak dira. Une historikoa hitzak hemen baino arinkiago erabili izan dira maiz gure artean.

Halere, irudi altxagarriek duten ikusgarritasuna eta hori dena aintzatetsita ere, zertarako balio dute? Ba al dute eraginkortasun literariorik? Galdera garrantzitsuak, nire ustez, edozein baliabideri funtzionalitateaz galdetu behar zaiolako beti, izan jakintza liburu batean erabiltzen denean —liburu honetan bezala—, edo izan fikzioan.

Euskal irakurleok itzulpenei esker ditugu mota honetako liburuak; zehazkiago, badira hiru hamarkada Ttarttalo eta Ibaizabal argitaletxeei esker liburu berezi hauek euskaraz ditugula. Adibide onak dira Uraren liburu handia (Ttarttalo, 2021) eta Lurra pop-up (Ibaizabal, 2021), paper ingeniaritzak jakintza liburuei eskaintzen dienaren eredu esanguratsuak biak. Horiei erreparatuta erraz ohartu gaitezke gertaerak eta objektuak fokuan jartzeko balio dutela pop-up irudiek, baina ez hari narratiboa garatzeko.

Azken ohar bat Denonartean argitaletxeari buruz. Papergintzari erreparatuta, hura da euskaraz egin diren liburu apurren argitaratzaile saiatuena. Egongo dira gehiago, baina hona nik topatu ditudan ale gutxi horiek: Postal literarioak (Galtzagorri, 2007) fitxa trokelatuak; Ur: erori nahi ez zuen tanta (Denonartean, 2014) lamina ilustratuak, musika eta testu liburuxka kutxa batean; Jonek Jone izan nahi du (Denonartean, 2024) akordeoi eran tolestutako orrialdeak; Irrimola (Ikaselkar, 2021) borobil erdi handi bat kartoi gogorrekoa; Poltsikorako poemak (Amaia Egidazu, 2022) orri tolesgarriak; eta Lo-kantak (Elkar, 2024) orri tolesgarriak. Guztira zazpi liburu, gaur fokuan jarri duguna aintzat hartuta, eta horietatik hiru Denonartean-ek argitaratuak. Hemen bada zerbait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA