Irudiak, irudiak eta irudizaleak

Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiak munduko hamaika txokotako 26 artistaren 22 proiektu jarriko ditu ikusgai Algortako kale eta eraikinetan, bihartik ekainaren 26ra arte

Emakume bat, Bego Anton argazkilariak Getxophoto jaialdian Algortako San Nikolas plazan jarritako irudiei begira. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Getxo
2022ko ekainaren 01a
00:00
Entzun
«Irudiaren bueltan sortzen den sozializazioa da Getxophotoren ezaugarri nagusietako bat». Jaialditik maite duen horrexen falta sentitu du Jon Uriarte argazkilari eta jaialdiko komisarioak, ordea. Hiru urterako tratua egin ohi du Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiak komisario aritzen diren profesionalekin, eta, hain justu, 2020koa izan zuen lehen urtea Uriartek. Osasun krisia piztu, eta murrizketekin antolatu behar izan ditu, horregatik, orain arteko bi programak. Poza azaldu du orain: azkenik, hirugarren botean, baina berak ere antolatu ahal izango baitu pandemia aurrean izandako itxura izango duen jaialdi bat. Bihar hasi eta hilaren 26ra arte, ia hilabetez, munduko hamaika txokotako 26 artistaren 22 proiektu jarriko ditu jaialdiak Algortan (Bizkaia), eta gehientsuenak kalean.

Agintekeriaren alderik gordinena erakusten du Cemre Yesil argazkilariaren Hayal & Hakikat argazki serieak, esaterako, Algortako merkatu ondoko Urgull plazara ematen duten leihoetan.

Otomandar Inperioko 34. sultan izandako Abdul Hamid II.aren argazki albumetatik hartutako presoen irudiak dira guztiak: kate erraldoiekin loturik daude haietako batzuk, eta, aldiz, kaleko jantziekin daude beste batzuk, baina guztiek dituzte eskuak bistan. Eta argazkiekin batera jarritako ohar informatiboak azaltzen du zergatia. Azalpenaren arabera, argazkilaritza zalea eta polizia eleberrien zalea zen sultana, eta eleberri horietako batean irakurritako teoria sasizientifiko bat dago argazki horien muinean. Teoria hark zioenez, hatz lodiaren artikulazioa indizearena baino luzeagoa duten kriminalek norbait hiltzeko joera izango dute, eta, beraz, hilketagatik zigortutako preso guztiei fotoak ateratzeko agindu zuen sultanak, eskuak bistara, noiz-eta justu amnistia sorta bat erabakitzeko atarian. Eta, hain zuzen ere, oraindik ere Turkiako justiziak duen «arbitrariotasuna» salatzeko erreskatatu du irudi sorta hori artxibotik artistak.

Judit Bou argazkilariak aitonaren tomate guztien garapen osoa dokumentatzeko ezinezko erronka jarri zion bere buruari, eta saiakera horren emaitza da Tomáquets argazki saila. Algortako merkatu barruan jarri dute antolatzaileek. Hazten ikus daitezke landareak bertan, loratzen, fruitua ematen, eta baita pixkanaka gorritzen ere, jadanik gorrituta eta salgai dauden azokako tomateetatik metro gutxira.

Ainhoa Resano argazkilariaren Mercaderas argazki saila ere ikus daiteke merkatuan bertan. Kutxa fundazioaren Fototeka arakatuz osatu du bilduma Resanok, eta bertan topatutako emakumezko merkatari batzuk berreskuratu ditu Getxophotorako. Itsas zapo erraldoi bat erakusten duten hiru emakume, adibidez, Euskal Herriko merkaturen baterako eskaileretan. Zuri-beltzeko irribarreekin. Fruta saltzaileak zintzilikatutako ehunka platanoren pean. Sardina saltzaileak...

Kritika arte merkatuari

Sorginkeria da Bego Anton argazkilari iruindarraren lanaren ardatza. San Nikolas plazan jarri dituzte haren argazkiak, eta torturapean jasotako lekukotzekin inkisizioak osatutako fantasiaren berri ematen dute irudiek. Putzu batean itotako ume bat ikusten da haietako batean, esaterako, ahuspez, soineko uhintsua uretan zabaltzen. Emakume baten lehen plano hurbil bat ikusten da beste batean. Eta lursail harrotu batean, begi urdin pare batek bakarrik salatzen du bertan norbait lurperatu dutela.

Ironia puntu nabarmena du Clare Strand argazkilariaren All that hoopla proiektuak. Artearen merkatuari eginiko kritika jostari bat da proposamena, eta Algortako kasinoan jarri dute. Bisitariak, bertan, bost euroren truke hiru uztai eskuratzeko aukera izango du, eta Stranden argazki esklusibo bat lortu ahalko du, uztai horietakoren bat dagokion zurtoinean sartzen asmatzen badu. Itxura batean dirudien baino zailagoa da, baina uztaiarekin kale eginez gero ere, beti jasoko du konpentsazio sari bat.

Programaren «dibertsitatea» nabarmendu du Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariak. Dioenez, aurtengo festibalak argazkilaritzaren hamaika ezpal hartzen dituelako kontuan: argazkilaritza dokumentaletik hasi eta argazkilaritza kontzeptualerainoko arku osoa. Ibilbide luzeko argazkilariekin batera sortzaile gazteagoak ere izango direla esan du.

Hirugarren urtea izango du Uriartek komisario lanetan, berez azkena izango litzatekeena. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, ordea, litekeena da Uriartek beste urte bat ere egitea.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.getxophoto.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.