Aranzadi zientzia elkarteak Irulegiko Eskua aurkitzeak ekarritako zoriona ukatu ezinezkoa da Nafarroako Eskuahaldunak eskultoreen elkartearen iritziz, eta, kideen esanetan, oraindik bada zer ospatua horren gainean. Baita zer aldarrikatua ere. Horiek horrela, aurkikuntza arkeologikoari eskainitako erakusketa ondu du elkarteak Iruñean: Sorioneku! Euskara eta euskal kulturaren 2.100 urte. Plazara gunean izanen da ikusgai, bihartik ekainaren 30era bitartean.
«Euskara eta eskultura omendu nahi ditugu, aldi berean», esplikatu du elkarteko kide Silvia Etxandi eskultoreak erakusketaren aurkezpenean, eta nabarmendu du azken hilabeteok zinez hunkigarriak izan direla Euskal Herriko eskultoreentzat: «Orain, ilusioz beterik gaude, bai dugun ondareari so, baita pixkanaka bultzatzen ari garen sorkuntzari dagokionez ere». Iradoki duenez, Irulegiko Eskuan sorioneku idazkia aurkitu izanak gogoz bete ditu, eta ez soilik baskoien hizkuntzari buruz ematen dituen arrastoengatik. Iritzi berekoa da Guille Olmo kidea, hain justu ere: «Aurkikuntza ez da inportantea soilik idatzita duen hitzak esaten digunagatik. Balio izan digu ikusteko orain dela 2.100 urte dagoeneko sekulako maila zutela eskulturan».
Olmok azaldu duenez, Irulegiko Eskuari erreparatuta bistakoa da orduko herritarrek «ederki» zekitela piezak ontzen, eta ordurako maite zutela «estetika sofistikatua». Gainera, dioenez, «zirraragarria» da ikustea pieza ederki kontserbatu dela gaurdaino. «Nahiko genuke guk orain egiten ditugun piezek hain ongi segitzea hemendik 2.100 urtera!», bota du, pozik. Halaber, piezaren «balio artistikoa» nabarmendu ez ezik, Olmok azpimarratu du daukan «sinbolismoa» dela Irulegiko Eskuaren ezaugarririk inportanteenetakoa, eta dago franko markatuko dituela datozen belaunaldiak. «Lauburuaren parekoa da», esan du.
Ehun bat esku
Hain zuzen ere, egun Irulegiko Eskuaren garrantzia azpimarratzea da Nafarroako Eskuahaldunak eskultoreen elkartearen lehentasunetako bat. Horregatik ondu dute Iruñeko Plazara zentroak hartuko duen erakusketa. 50 eskultorek baino gehiagok parte hartu dute, nork bere pieza egin du, eta ekain bukaerara arte ikusten ahalko dira. Oraindik ere ez dituzte obra guztiak jaso, baina Olmok aurreratu du bildumak zinez lagunduko duela ikusten eskultura moldeak nola aldatu diren azken urteotan. «Material mordoa erabili da, eta askotariko estiloak egonen dira jasota». Bihar dute inaugurazioa, 18:30ean. Besteak beste, brindisa eginen dute hainbat kultur eragiletako kideekin. «Asko baitago ospatzeko».
Halaber, erakusketa aurkezteko ez ezik, Nafarroako Eskuahaldunak elkartea aurkezteko ere baliatu zuten atzo Iruñeko ekitaldia. Berriki sortu dute elkartea, baina zuzenki lotua dago Euskal Herriko Eskuahaldunak elkartearekin. Diotenez, horren parte izanen dira aurrerantzean ere, baina administrazioei eta diru laguntzei loturiko arrazoiak direla eta, komenigarria zitzaien Nafarroarako beste elkarte bat sortzea. Hainbat egitasmo antolatu dituzte datozen hilabeteetarako, eta apurka emanen dute horien berri.
Irulegiko Eskuaren «balio artistikoa» aldarrikatuko dute, erakusketa batekin
Iruñeko Plazara gunean zabalduko dute bilduma, bihar, eta ekainaren 30era izanen da ikusgai. 50etik gora eskultorek parte hartu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu