Iruña-Veleiako kasuan, omisio delitua ere egotzi diote akusazioek Eliseo Gili

Fiskalak bost urte eta erdiko zigorra eskatu du Gilentzat, eta bi urte eta sei hilekoa Ruben Cerdanentzat. Absoluzioa eskatu dute defentsek

Eliseo Gil, Iruña-Veleia aztarnategiko zuzendari ohia. JUANAN RUIZ / FOKU.
Inigo Astiz
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Zigor eskaera mantendu arren, delitu bat gehiago egotzi dio Arabako fiskalak Eliseo Gil Iruña-Veleia aztarnategiko zuzendari ohiari, Gasteizko Lehen Zigor salan atzo aurkeztutako akusazio idatziaren azken bertsioan. Aurkikuntzen ustezko faltsutzeei buruzko epaiketa hasieran bost urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen zituen harentzat, ondarea hondatzeagatik eta iruzurragatik, baina orain beste delitu bat ere leporatu dio: omisioa. Eta esanguratsua da aldaketa. Delitu horrek atea zabaltzen baitio Gil zigortzeko aukerari, baita piezak berak faltsutu zituela frogatu ezin balitz ere. Akusazio horren arabera, Gil piezen faltsutasunaren jakinaren gainean egon zitekeen, eta, halere, ez zuen ezer egin. Eta horregatik jaso ahalko luke zigorra, baldin eta epaileak omisio delitua frogatutzat emango balu. Edonola ere, hirugarren akusazio hori gehituta ere, hasierako espetxe zigor bera eskatu du fiskalak harentzat: bost urte eta erdi. Ruben Cerdan ikerlariarentzat, bi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatu du iruzurragatik. Akusazio partikularra osatzen duen Arabako Foru Aldundiak hasieran fiskalak baino zigor handiagoak eskatzen zituen akusatuentzat, baina gaur bat egin du fiskalaren eskariarekin. Akusatuen defentsek absoluzioa eskatu dute.

Omisio delituarena ez da aldaketa bakarra izan, ordea. Ustez ondareari eragindako kalteengatik Eusko Jaurlaritzarentzako eskatutako konpentsazioa ere moldatu dute akusazioek. Hasieran, 285.000 euro eskatzen zituzten, 476 pieza hondatu zituztela kalkulatuta, eta haietako bakoitzari 600 euroko balioa ezarrita. Baina, orain, 102.600 euro eskatzen dizkiote Gili, azkenean, ustez faltsutu zituen piezak 291 izan zirelakoan.

Gaur aurkeztuko dituzte parte guztiek beren azken ondorioak. Epaileak 55 minutu eman dizkio horretarako alderdietako bakoitzari, eta epaiaren zain geratuko da auzia horren ostean. Zenbait iturriren arabera, martxo amaierarako edo apiril hasierarako hel daiteke ebazpena.

Gogoratzekoa da, bestalde, epaiketako lehen egunean Oscar Escribano geologoak onartu egin zuela bestelako baliorik ez zuen pieza batean «Veleia» idatzi zuela, lankideei «broma» bat egiteko. Urtebeteko espetxe zigorra eta 2.000 euro pasako isuna hitzartu zuen fiskalarekin horregatik. Beraz, bi urtean deliturik egin ezean, ez du kartzelara joan beharko. Epaiketa hastean, bera zen hirugarren akusatua.

Defentsaren grafologoak

Defentsak deitutako perituak aritu ziren deklaratzen atzoko saioan, epaiketako hamaikagarren egunean. Grafologia txosten bat aurkeztu zuten bi adituk, adibidez, zeinean ondorioztatzen baita piezetako markak ez direla Gilek egindakoak. Txostenaren egileek azaldutakoaren arabera, Gilek 30 zeramika piezetan ikerketarako propio egindako idazkiak izan dituzte konparaziorako oinarri. Bideoan grabatu dute ekintza hori, eta Iruña-Veleiako aztarnategiko zuzendari ohiak puntzoi batekin egindako marka horiek aztarnategian agertutako idazkidun piezekin alderatu dituzte gero, eta emaitzak «erabat ezberdinak» direla ebatzi dute. Hots: aztarnategian topatutako materiala ez zuela Gilek egin.

Grafologoez gain, tasatzaile bat eta geologo bat ere deitu zituen defentsak atzo deklaratzera. Asteleheneko saioan Espainiako Kultur Ondarearen Institutuak aurkeztutako txostenari erantzun zion defentsak deitutako geologoak; hain zuzen ere, hari kontra egiteko.

Espainiako institutuak ikertutako Iruña-Veleiako 35 piezetan metal modernoen arrastoak topatu zituzten idazkunen marken hondoan, eta, besteak beste, horregatik ondorioztatu zuten irudi eta idatzi haiek «garaikideak» zirela. Defentsak atzo deitutako perituaren hitzetan, ordea, okerra da ondorio hori. Haren ustez, zeramika piezen gainean iltze batekin egindako markak izan balira, horrek utziko lituzkeen partikulak 50 mikra baino handiagoak izango liratekeelako, eta ez, institutuaren ikerketan agertzen den bezala, 20 mikra baino txikiagoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.