Zinema estreinaldiak

Oinaze isilduak

Bere aktore lanengatik da ezaguna Veerle Baetens belgikarra, eta Evaren iraganeko trauma oinarri duen istorioa kontatzen du 'Het Smelt' izeneko bere lehen film luzean.

(ID_13569751) (/EZEZAGUNA) het
Veerle Baetensen 'Het Smelt' filmeko irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko otsailaren 7a
05:05
Entzun

Eva Bruselan bizi da, eta argazkilari baten laguntzaile gisa egiten du lan. Bakartia eta sozialki ez oso trebea izaki, munduarekiko distantzia handi bat mantentzen du. Bere ahizpa gaztearekin bizi da, eta horrek esaten dionean alde egingo duela partekatzen duten etxetik, Evak bere babesleku bakarra galduko du. Sare sozialetan ikusiko du txikitako lagun baten anaia zenduaren omenezko topaketa bat egingo dutela bere jaioterrian, Bovenmeeren, eta itzultzea erabakiko du, iraganeko gertakizun ilunei aurre egiteko.

Evak 13 urte ditu, eta Bovenmeeren bizi da. Gaztea eta inuzentea da, eta inguratzen duen munduko zama emozionalak kudeatzen saiatzen ari da. Ama alkoholikoa du, eta aita biolentoa. Etxean falta duen segurtasun eta babes hori bere lagun Timengan eta Laurensengan aurkitu ditu. Hiru mosketariak esaten diete, dena bizi izan dute elkarrekin: udara luzeak, eskolako arazoak, familia disfuntzionalak. Nerabezaroa iristean, ordea, mutilak Evarengandik aldenduko dira: haien begietan Eva ez da neska bat, baina ezin du mutilen taldekoa izan. Bere bi lagunak galduta, Evak onartua izan nahi du, eta edozer egingo du taldeko kide izateko; baita mutilen joko bihozgabeetan parte hartu ere.

Veerle Baetens aktore belgikar bat da, nazioartean 2012an estreinatu zen Felix Van Groenigenen The Broken Circle Breakdown (Alabama Monroe) filmean Elise/Alabama protagonistaren azalean jartzeagatik ezaguna. Het Smelt idatzi eta zuzentzen duen lehen filma da, Lize Spiten izen bereko eleberrian oinarrituta. Enkargu baten gisa hasi zen proiektuak berehala maitemindu zuen Baetens. Evaren sentiberatasunarekin eta ziurgabetasunarekin identifikatuta sentitu zen, eta bere isiltasuna ulertzen saiatu nahi zuen. Hainbat produktore aldaketa eta sei urte igaro ondoren, filma Sundance jaialdian estreinatu zen.

Het Smelt traumari eta oinaze isilduari buruzko istorioa da. Baetensek deserosoa den biktima baten sendatze prozesua hartu du oinarri; gizarteak barne min hori aitortu nahi ez dion emakumearena, denborak sendatu ez dituen zauriak dituena, aurrera egin nahi bai baina iragana ahaztu ezin duenarena. Zuzendariak Eva nerabearen bizitzatik Eva helduarenera egiten du salto, haren bizitzan mugarri izan diren une horietara, eta gutxinaka doa erakusten emakumearen atsekabeen jatorria, tentsioa eta suspensea eraikiz.

Kritikak bi emakume protagonisten antzezlanak goraipatu ditu. Bizitza beraren bi une hezurmamitzen dituzte Charlotte De Bruynek (Eva heldua) eta Rosa Martchantek (Eva gaztea), beren erronka propioak dituzten uneak. De Bruyneren Eva amorruz beteta dago, bizi izandako guztia irensteak sorturiko amorruz; Martchanterena, ordea, babesleku baten desira duen gaztea da, maitasun apur bat eskainiko dion norbaiten bila dabilena. Eta bizitza beraren bi alde horiek begirada bera dute: oinaze isilduarena.

'Het Smelt'

Zuzendaria: Veerle Baetens. Gidoilariak: Veerle Baetens, Maarten Loix. Eleberria: Lize Spit. Aktoreak: Charlotte De Bruyne, Rosa Martchant, Sebastien Dewaele. Argazkia: Frederic Van Zandycke. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 111 min. Herrialdea: Belgika. Estreinaldia: Otsailaren 9an estreinatuko da Hegoaldean eta otsailaren 28n Iparraldean.

Beste estreinaldi batzuk:

mien
Mientras seas tú filmaren irudi bat.

'Mientras seas tú'

Antzerkian, zineman eta telebistan 50 urte eman ondoren, alzheimerra diagnostikatu diote Carme Eliasi. Claudia Pinto zuzendari eta lagunarekin batera, bere azken bidaia kontzientea egitea erabaki du. Carmek antzeztu dituen pertsonaiek lagunduko diote bidaldi horretan, fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak desagertzen diren bitartean.

Zuzendaria: Claudia Pinto. Gidoilaria: Claudia Pinto. Argazkia: Agnes Pique Corbera. Musika: Vanessa Garde. Generoa: Dokumentala. Urtea: 2023. Iraupena: 72 min. Herrialdea: Espainia.

 

'Les Filles d'Olfa'

Olfaren bizitza, tunisiarra eta 4 neskatoren ama, argi-itzalen artean mugitzen da. Egun batean, bere bi alaba zaharrenak desagertu egingo dira. Haien hutsunea betetzeko, Kaouther Ben Hania zuzendariak aktore profesionalak deitu, eta sistema zinematografiko itzela jarriko du martxan Olfaren eta bere alaben istorioa ulertzeko. Itxaropenez, matxinadaz, indarkeriaz, transmisioz eta ahizpatasunez beteriko bidaia intimoa.

Zuzendaria: Kaouther Ben Hania. Gidoilaria: Kaouther Ben Hania. Argazkia: Farouk Laaridh. Musika: Amin Bouhafa. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 107 min. Herrialdea: Tunisia.

 

'Alemania'

Lola, 16 urteko nerabea, errekuperatu beharreko ikasgaiak prestatzen ari da, eta Alemaniara ikastera joateko aukera agertzen zaio. Lolak joan egin nahi du, baina bere familiak, ahizpa zaharrenaren osasun mentalarekin kezkatuta, ez du hark bidaia egiterik nahi. Familia harremanen ezegonkortasunaren ondorioz, Lola esperientzia berrien bila abiatuko da, bere buruari eta inguruabarrei beste begirada bat emateko asmoz.

Zuzendaria: María Zanetti. Gidoilaria: María Zanetti. Aktoreak: Maite Aguilar, Miranda de la Serna, Maria Ucedo. Argazkia: Agustin Barrutia. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 87 min. Herrialdea: Argentina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.