Mari Luz Esteban. Idazlea

«Itsustasunean dago gure memoria»

Poemaz poema, bere «euskalduntasunaren ibilbidea» marraztu du Estebanek 'Haragizko erreformak' liburuan. Basaurikoa izateaz harro agertu da, eta, zauri kolektiboen inguruan, gorputzei esaten uztea proposatu du.

MAIALEN ANDRES / FFOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Abiapuntu bikoitz moduko bat ezartzen dio Mari Luz Estebanek bere bizi ibilbideari. «Parentesi bat», eta azaldu du: «Nire ama euskalduna zen, baina gu ez ginen hemen jaio bikiak ginelako. Aurreratu, eta jaio ginen Pedrosan. Euskal Herrira etorri ginen 3 urte egiteko genituela, eta nik esaten dut Basaurikoa [Bizkaia] naizela. Orain, batzuetan, Pedrosa de Valdeporresen [Espainia] jaio nintzela jartzen dut, haiei egindako keinu modura». Geroxeago esan du: «Ni ez naiz inoiz sentitu kanpotarra. Basaurin bizi nintzen, Basaurikoa nintzen».

Bi abiapuntuak nahasian datoz, bada, Estebanek bizi ibilbide horri hitz poetikotik begiratu dion liburuan: Haragizko erreformak. Bat naiz poemak irekitzen du lana—«Pedrosa de Valdeporres-en argiak ikusi ninduen/ Burgosko ipar-ekialdean, atzerrian»—, eta ume zela ezagututako jende zein giroaren printzak datoz lehenik—«esnea zekarren artzainaren emazteak/ ez omen zuen kulerorik janzten/ hala zioen gure amak behintzat»—. 60 poema bildu ditu denera, bederatzi ataletan banatuta, eta argi dio zein izan duen asmoa: «Nire euskalduntzearen ibilbidea kontatu nahi izan dut; gogoeta egin nola bihurtzen naizen hemengo».

Andrezaharraren manifestua aurreko lanetik lau urtera eta Amaren heriotzak libreago egin ninduen estreinako poema liburutik hamarkada bete denean plazaratu du lan berria —hirurak Pamielarekin—, eta, dioenez, «faseka» mamitu du. «Andrezaharraren manifestua baino lehen hasi nintzen idazten hau. Baneukan idatzita erdia edo bi heren, baina atsedenaldian utzi nuen arrazoi ezberdinengatik. Tartean ibili nintzen manifestuarekin, laneko argitalpenekin... eta gero berrartu nuen, eta berrikusi ditut gauza asko». Prozesuaren azkeneko urratsetan, batik bat, Iratxe Retolazarekin aritu da edizio lanean —«liburu osoa aurkeztu nion; errebisio bat egin genuen, eta egin zizkidan proposamen batzuk»—, eta Jose Angel Irigaraik ere hartu du parte.

Lau dira Estebanek bere euskalduntze bidean eta, beraz, liburuko gaien artean ikusten dituen ardatz nagusiak: Basaurikoa izatea—«herri bat migrante asko dituena, Bilboren periferian dagoena...»—, euskaldun bihurtu izana —«horrek aldatu zuen nire bizitza zentzu diferentetan»—, militantzia politikoa —«frankismo osteko borroka politikoak oso presente egon ziren txikia nintzenean; gero hasi nintzen inplikatzen, batez ere, feminismoan»— eta euskal gatazkaren eragina —«Euskal Herria markatu dituzten gauzen artean nagusietako bat da, eta hori ere bizi izan dut, nahiz eta zuzenean ez jasan errepresio politikoa»—.

Bidenabar, Basauriri (Bizkaia) «aitortza bat» egin nahi izan diola ikusten du, «'Basauriko naiz eta harro nago' esan, esan gabe». Harrotasuna poema da horren erakusle, zeinak bizitasun handiko garai bat deskribatzen duen: «Garai bat/ non jolasean euskal hitzak sartzen genituen/ haien esangura igarri gabe/ bat, bi eta hiru, lau, bost eta sei... kantatzen genuen sokasaltoan// baina guk/ pero que ba, que bi con el etairu, lau bos eta se.../ esaten genuen poz-pozik ahotsik gorenean [...] garai bat/ non poliziak balak jaurtitzen zituen/ eta nor zen on eta nor gaizto garden ikusten genuen».

Greba bat dut gogoan poema dator segidan, eta «nortasun industrialaren hondakinez» galdegin du Estebanek hartan. «Milaka greba zeuden, etengabe, eta batzuk luze-luzeak. Ni nahiko gaztea nintzen orduan, baina hori ikusten nuen kalean, eta ez dut ahaztu gura. Horrek ere konfiguratu du Euskal Herria ikusteko nire modua. Baina, batez ere, hori da: ni orain kokatuta egon arren unibertsitatean, ez dut ahaztu gura nondik natorren; zer den langile izatea, zer zen garai hartan behintzat. Gero ahaztu zaigu pixka bat. Tira, krisiek ere aurrean eraman dituztelako fabrikak».

Gogoan du, esaterako, Basauri eta Bilbo artean zegoen fabrika bat, Santa Ana izenekoa. Nola hura egon zen lekuan tximinia bat utzi duten zutik, eta eraiki dituzten «hiru etxe orratz zatar». «Ni bizi izan nintzen maisu-maistren etxea ere eraitsi eta luxuzko etxe batzuk egin dituzte, udalarena zen lur batean. Orduan esaten duzu: 'Non dago hemen gure memoria'?». Kontraesan bat ikusten duela ere aipatu du: «Basauri herri itsusi bat zen, itsusia, erabiltzen diren parametroetatik ulertuta, eta egia da asko hobetu dela. Orain baditu gune berdeak, eta nik ere disfrutatzen ditut. Gure memoria, baina, itsustasun horretan dago; hor daude gure borrokak, gure grebak... Liburuko esaldi bat da: 'Edertasunak estaltzen ditu gatazkak'. Arazo asko ditugu Euskal Herrian, eta hori tapatzen da etxe politak eginez eta guztiak garbi-garbi edukita».

Basauri itsustasun hutsarekin lotzea ere ñabartzekoa iruditzen zaio, ordea. «Gure herria, beste asko bezala, oso intentsoa da. Oso bizia da, eta horretaz ez dugu hitz egiten. Etengabe dago jendea kalean, berdin da ordua. Gauza asko daude, berdin da xake elkartea, sindikatuak —hori gehiago lehen agian—, gazteak, futbola... espetxea ere bai, denetarik [barreak]; baina gu bertan gaude bizitzen, eta itsusia eta gogorra baino askoz gehiago da Basauri. Euskararen biziberritzea ere bada, adibidez».

Teoria maketo bat

Liburuko kontakizunean, bada izen deigarria duen atal bat, poema baten izenburua ere badena: Teoria maketoa. «Keinutxo bat da, ez dut teoria handi bat egitea bilatu», argitu du. Ez da erabili duen lehen aldia, ordea, eta zenbait eztabaidari ertzak gehitzeko aukerak ikusten dizkiolako berreskuratu du: «Gaur teoria dekoloniala oso presente dugu feminismoan, baina teoria dekoloniala ez da berdina Madrilen edo Euskal Herrian. Amerikako konkistaz hitz egiten badugu edo gaur egungo transnazionalez, euskal gizartearen parte bat inplikatuta dago hor, eta kritika gutxi egiten ari gara. Guri, herri modura, eskubide asko urratu zaizkigu, baina, aldi berean, Europako herri bat gara, eta Europa kanpoan egiten ari denaren gainean ardura bat dugu. Horretaz guztiaz hitz egiteko, iruditzen zait maketo hitza aproposa izan daitekeela. Dekolonitateak bakarrik ez digu balio; hori, nire ustez, kanpora bakarrik begiratzea da».

Batez ere, «analisi konplexuago baterako» proposamentzat defendatu du teoria maketoarena. «Nik izen hori jarri diot, baina ez da hainbeste izena, baizik esatea egin behar dugula analisi pixka bat konplexuagoa, bai feminismoan, eta bai orokorrean. Gero bakoitzak egingo du bere borroka, eta izango du bere posizio politikoa —nirea da erreibindikatu behar dugula gure subjektu politikoa, eta kritikatu gure arbasoek egin zutena eta gaur hemendik egiten ari direna—, baina guztia politikoki aztertzeko, magma konplexuago bat behar dugu».

Gorputzarena da liburuko beste elementu funtsezko bat, izenburutik bertatik hasita. Sarrerako aipuari zor dio: «Gorputz-erreformak: Gorputzaren erabilerak berreratzen eta gizabanakoen eta gizarte-prozesuen arteko harremanak eraldatzen dituzten ekintza kolektiboak, subjektu historiko berriak sorraraziz». Esteban: «Oso aipu ezaguna da antropologian. [Jean eta John Comaroffek] erabili zuten Hegoafrikan, gorputz praktika berrien bidez, gertatzen ari zen aldaketa handi bat izendatzeko. Prozesu politiko-ekonomiko hura deitzeko erabili zuten 'gorputz erreformak'. Iruditzen zitzaidan, nire kasuan, gorputz erreformak egin direla, baina dimentsio kolektiboan; Euskal Herrian ere gertatu direla haragizko erreformak».

Irudipena du, ordea, euskalduntasuna gutxi pentsatu dela gorputza aintzat hartuta. «Gorputza berreskuratzea bizitzaren intentsitatea berreskuratzea da», azaldu du, eta ikasgelan —Antropologiako irakaslea da EHUn— jarri ohi duen adibide bat ekarri: «Pobrezia, demagun. Esan dezakegu Euskal Herrian zenbat pobre dauden. Baina pobre izatea zer da? Zer da ez edukitzea janik? Horra heltzea da, materialitatera. Ez gara bakarrik sinboloen zerak, errituak... subjektuak gara, eta egon gaitezke pozik, urduri, pasioz... Euskaldun izatea asko aztertu da hizkuntzatik edo lurraldetasunetik, baina gutxi hitz egin da euskalduntasunaren gorputzaz. Hor asko dago berreskuratzeko».

Desira poemak jaso ditzake aipaturiko erreformak. Honela dio: «esango dut/ euskaldun/ medeatu/ zaharberritu/ erreformatu bat/ irudikatzea/ komeni zaigula// gorputza mailaturik du/ begiak gorriturik/ aldartea nekaturik/ gogoa nahasturik/ ebakiak zabalik// baina abesti bat hasi da/ kantatzen ahapetik/ dutxatu berri/ igandeko arropak jantzirik». Liburuaren amaiera aldera dator, baina, izatez, BERRIAk, ETAren amaiera abiapuntu hartuta, hainbat kulturgileri lan bana eskatu zienean idatzi zuen Estebanek. 2018a zen. «Batetik, uste dut gorpuztasuna dagoela poeman, baina, bestetik, eta poemak azaltzea ez zait gustatzen, uste dut badagoela 'horrela gaude' esate bat. Gertatu da gertatu dena, zauriak hor daude, eta horietatik ez gara aterako ekitaldi politiko batekin. Prozesu luzea izango da, eta da apur bat esatea: 'Momentuz lortzen badugu kantatzen hastea...'. Uste dut hor badagoela haragizko erreforma bat. Bide batean jarri gara, eta hori gorputz praktiken bidez egiten da, poliki-poliki. Ez dakit gaur non gauden, baina momentu hartan oso garbi neukan».

Emozioei arreta jartzeko gonbita ere bada zenbait poematan. Ikasturte berrirako plana izenekoan, esaterako, negar egiteko deia egiten du ume batek. «Epikaren nahiko kontrakoa naiz, eta haren kontra egitea ere bada une batean, zerbait larria gertatu zaizunean, zuri edo kolektiboki, negar egitea eta itxarotea». Hori «gorputzetik» egiten den ariketatzat ikusten du, eta 2016an ETAren armagabetzean Baionan egin zen ekitaldiaz oroitu da. «Egon zen lagun batek esan zidan nitaz gogoratu zela, pentsatuz: 'Hitz egiten ari gara, baina egin beharko genukeena da denok negarrez hasi, edo kantari...'. Politikoki indar handia duen eszena bat iruditzen zait. Irakurketa politikoak beharrezkoak dira, baina gertatzen zaigunari patxada eskaintzea, askoz gehiago igual ez da behar une batzuetan. Begira pandemia ere; etorri zen eta ja atzean utzi dugu. Arinegi goaz».

«Zer da ondo hitz egitea?»

Idazkerari dagokionez, liburu honetan aurrekoetan baino gehiago «esperimentatu» duela iruditzen zaio egileari. Ariketa (kontra)performatiboa izeneko hiru poemena izan daiteke kasurik agerikoena; lavabo hitza errepikatu du lehenengoan, bakea bigarrenean, eta etorkizuna eta feminismoa hirugarrenean, azentuekin jokatuz. «Zenbat euskaldun sortu gara Euskal Herrian/ etórkizuna etorkizúna bihurtu zenetik?», galdetu du liburuan: «Musikaltasuna aldatzen ari gara. Nire herrian ixa ez da ahoskatzen; Xabier Sabier da. Diot, zer da ondo hitz egitea? Uste dut hor ekibokatzen garela. Ondo komunikatzen duena da ondo hitz egiten duena, ondo adierazten duena esan nahi duena, akatsak eginda ere».

Zalantza du batzuetan hizkuntza «jasoegian» idazten ez ote den, eta positibotzat dauka, bederen, eztabaida ireki izana. «Iruditzen zait Edurne Azkaratek esan zuena, adibidez, duela hamar urte okerrago hartuko zela [jendea «bigarren mailako euskaldun izateaz nazkatu» dela esan zuen, besteak beste, Hala Bedik eginiko elkarrizketa batean]. Hor uste dut urrats bat aurrerago gaudela; seguru asko, maketo asko gaudelako ja euskaldunduta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.