Udako narrazioak

Itxaropen itoa

Ruben Sanchez Bakaikoa
2026ko uztailaren 26a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00
EXPRAI
EXPRAI

Hauek izan ziren aita, ama, arreba eta laurok elkarrekin pasatu genituen azken oporrak. Izeba ere ⏤aitaren arreba⏤ etorri zen, ni baino sei urte zaharragoa besterik ez zen; nik zazpi urte izango nituen, arrebak bost eta erdi. Izeba gutaz kargu egitera etorriko zen, hartara, aita-amek elkarrekin egoteko denbora izango zuten eurena ea konpon zitekeen-edo.

Nojara joan ginen aitaren autoan, talbot horizon beltza. Abuztua zen eta bero handia egiten zuen auto barruan. Auto osoari tabako-kiratsa zerion, eta aitak zigarroa piztu bakoitzean arreba eta biok kexatzen ginen. Amak kotxean behintzat ez zuen erretzen.

«Ireki leihoak, nahi baduzue!».

Batzuetan, isil gintezen, guretzako ipuinak jartzen zituzten casettean. Bestelakoak-ere ⏤aitarenak⏤ bazeuden han, bakarrik zihoanean jarriko zituen. Nik, tarteka, baten bat hartu eta barrukoa irakurtzen saiatzen nintzen, ez nuen ezer ulertzen. Aspertzea zer den.

«Zenbat falta da?».
Gogoan dut bat Cat Stevens jartzen zuena, yo-yo bat ageri zen.

Kanpin-denda bat utzi zigun norbaitek. Gu amatxiren etxean lehengusinekin-eta jolasten ginen etxeak egitera burusi, sofa, aulki eta abarrekin, baina hura gure jolasetakoen aldean latza izan zen. Kostata altxatu genuen: arreba eta biok izebarekin utzi gintuzten bazterrean molesta ez genitzan, eta ondoko gizonak, saltxitxa txakur bat zeukanak, lagundu zien. Gizonak eskarmentua zeukan kanpingintzan, burusoila zen eta atsegina. Han zen, azkenean, etxe-denda urdina zut, bere portxe, sarrera eta bi gela, bere leiho laukitxodun eta gortinekin. Saltxitxa txakurra ere alai ⏤ezin nuen burutik kendu saltxitxa hankadun bat zeneko ideia⏤.

«Hau da zuen gela!».
Izeba, arreba eta hirurona. Poz-pozik gu.

Ni irrikan nengoen lurra ukitu gabe bainatzeko. Uztailean herriko igerilekuan igeriketa ikastaroa egin nuen, eta itsasoan probatu nahi nuen. Bueno, erakutsi nahi nien.

«Hi bakarrik ez sartu! Kontuz gero, itsasoa ez duk igerilekua bezalakoa, itsasoari errespetua beti!».

Baina zer dakite hauek nik nola egiten dudan igeri, ez naute ikusi eta! Ama eta arrebarekin joaten nintzen igerilekura. Ikastaroa bazkalostean zen, amak bertan utzi, pixka bat ikusi eta alde egiten zuen eguzkia hartzera. Aita ez zen inoiz etorri igerilekura.

Itsasoa zakar zegoela, erresaka handia zekarrela... Hondartzara joan eta ezin uretan sartu, ur bazterrean ibili behar. Han hasi nintzen hondarrezko gazteluak egiten, Kantauri itsasoaren marea goraren kontrako nire haur-ahalegin egoskor eta bakartia.

«Jarri krema, bizkar hori erreko zaik!».

Ze inporta dit niri bizkarrak.

Biharamunean, itsasoak zakar jarraitzen omen zuen. Gaur ere ezin bainatu. Aitak saretxodun makila bat erosi du arroketan izkiretara joateko.

«Sandaliak jantzi, eta kontuz ibili arroketan, jende asko erori da hor, buruarekin jo eta lepoko hezurra hausteko ere!».

Benetan, tontoak ematen dugu. Saretxodun makila tarteka uzten digu aitak baina izkirarik harrapatzen ez dago erraza, irribarre egiten du nik huts egin bakoitzean. Karramarro txikiak ere hasi gara baldean sartzen, aitak azaldu digu nondik harrapatu, baina batek heldu dit haginekin eta minez oihu egin dut. Aitak barre handiagoa egin du. Alde batera, ondo dago bere irribarrea ikustea, baina ez diot nire mina erakutsi nahi. Hatza ahoan sartu eta soraio nago arroketara begira.

Hirugarren egunean, ama eta izebarekin joan gara hondartzara. Aita bazkalorduan heldu da. Hasieran, hitzik ez. Gero, eztabaidan hasi dira, gauean aita Gasteizko ezagun batekin topatu eta harekin ibili zelako. Arrebak eta biok ez diegu begiratzen. Izebak berarekin ur bazterrera jolastera joateko esan digu.

«Eta bainatu gaitezke?».

«Bakarrik ez».

«Baina nor sartuko da gurekin? Esan zenuten gaur!».

«Bakarrik ezin da».

«Baina esan zenuten gaur»

«Gaur itsasoa bareago zagok, baina erresaka handia zekarrek oraindik eta itsasoak eraman hazake».

«Baina esan zenuten gaur».

«Puf, hi eta hire kasketak».

Muturtuta alde egin dut ur bazterrera. Kaka zaharra. Segi dezatela eztabaidan. Ni eta nire kasketak, gainera. Hondarrezko harresia eraikitzen hasi naiz, itsasoak berak ere ez du menderatuko, ez olatuek ez erresakak.

Harresi azpiko putzua zulatzen ari naizenean, izebari gogoratu zaio krema eman behar dugula. Egon hemen esan, eta krema hartzera joan da. Gorroto dut krema, benetan. Utzi dut nire gaztelua eta hurbildu naiz uretara.

«Esan digute ez sartzeko uretara», arrebak.

«Pixka bat bakarrik». 

Apurka-apurka joan naiz barrura sartzen. Belaunetaraino sartu naizenean, makurtu eta besoekin lurra ukituz egin dut igeri pixka bat. Sartuko naiz barrurago, igeri pixka bat egingo, eta, begiratzen banaute, agurtuko ditut eskuarekin lasai eta irribarretsu. Ikusi dezatela nola dakidan. Gerri-saihetsetaraino sartu naiz. Arrebak esan dit ateratzeko. Egia da itsasoak indarra daukala. Baina sartu-irten bat egingo dut. Eta kito. Ahal dudala erakutsi. Pauso txikika noa, jauzi txikika. Ia leporaino heltzen zait ura. Arreba oihu egiten entzuten dut, baina ez dut atzera begiratuko, sartu-irten azkar bat, inor ohartzerako. Bat-batean, olatu bat etorri, eta ez dut lurra ukitu oinekin, gero itsasoak atzeraka eraman nau eta segitzen dut oinak dilindan. Pixka bat larritu naiz, eta nire indar guztiz egin dut igeri: burua itsasoan sartu eta besakada bat, bi, hiru, hamar bat azkenean, ahalik eta azkarren, nire indar guztiz. Probatu dut baina ez dut lurra ukitzen oinekin. Besakadak ematen hasi naiz berriz, indar guztiz, burua uretan sartuta. Berriz begiratu dudanean, bat-batean arroka aldera eramaten nau itsasoak bizi-bizi. Alferrik egiten dut igeri, ez dut ezer aurreratzen, itsasoaren mende nago. Intzirika hasi naiz. Bakarrik nago. Begiratzen dut hondartza aldera, baina olatuekin ezin dut ezer ikusi. Entzun ere ez: olatu handien danbatekoak besterik ez dut entzuten arroka zuloen oihartzunez. Eta nire intziriak, pixka bat etsiak. Berriz saiatzen naiz igeri egiten, besakada azkar eta indartsuz. Bost-zazpi-hamar. Ezin dut. Arrokei heltzen saiatu naiz eskuekin eta oinekin. Oso zorrotzak dira. Mina hartu dut. Olatuek arroken kontra bultzatzen naute eta gero behera itsasora azkar. Bertan hilko naizela pentsatzen dut.

Baina ez. Bat-batean, beso batek heldu nau. Begiratu dut. Larri. Auzokide burusoila da.
«Lasai, mutiko, aterako haut hemendik». 
Ni beso batekin hartu eta bestearekin igerian eraman nau ur bazterrera.

Hondartzara heltzean, jende talde bat baturik dago ni nola atera nauten ikustera. Desagertu nahiko nuke. Arreba, izeba, kanpineko beste familia, ama eta aita eta bart gauean aitarekin atera zen gizona. Jende guztiaren marmarra. Saltxitxa txakurra ere alai zaunkaka.

Aitari eta amari begiratu diet.

Hau ez dago konpontzerik.

ruben sanchez bakaikoa

(Zaragoza, Espainia, 1975). Enpresa eta Euskal Filologia ikasketak egin zituen, eta, idazteaz gain, bertsotan ere egiten du. Araba bertso histori ezberdin bat saiakera (2016, Arabera), Hondarrak nobela (2019, Txalaparta) eta Mundu guztiak ipuin liburua (2026, Txalaparta) argitaratu ditu, azken hori Ignacio Aldekoa bekari esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA