Durangoko 58. Azoka

Itxaropen zantzuak Durangon

Ehunka pertsona elkartu dira Durangoko 58. Azokako lehen egunean. Liburu eta disko saltzaileak ilusioz daude, eta salmentak ondo joango diren esperantza dute.

DA
Landako gunea, gaur goizean, jendez lepo. MARISOL RAMIREZ/FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
Durango
2023ko abenduaren 6a
18:30
Entzun

Eztanda egingo zuela iragarri zuen iaz Gerediaga elkarteak, eta bete egin zuen helburua: pandemia aurreko jendetza eta salmentak berreskuratu zituen Durangoko Azokak. Iazko aldiaren ondotik, itxaropentsu daude liburu eta disko saltzaileak aurten ere. Gaur goizean zabaldu ditu ateak Durangoko 58. Azokak, eta poza eta ilusioa bistakoa zen giroan: kulturzaleek leporaino bete dute Landako. Alabaina, nabaria da aldaketa garai baten mehatxua ere, digitalizazioaren eraginez behera egiten ari baitira euskarri fisikoen salmentak musikan zein literaturan. Igandera bitarte egongo da zabalik azoka, eta 950 nobedade hartuko ditu denera.

Azken urteak gorabeheratsuak izan badira ere, ari da pixkanaka normaltasuna berreskuratzen Durangoko Azoka. Jendea lasai sartu da Landako gunera eguneko lehen orduetan, baina egunak aurrera egin ahala jende oldea elkartu da. Jende pilaketak ere izan dira tarteka gune batzuetan. Liburuak eta diskoak begiratzeko eta erosteko ez ezik, gustuko egileen sinadurak biltzeko edo haiekin argazkiak ateratzeko baliatu dute eguna askok, baita tailerretan, aurkezpenetan eta mahai inguruetan parte hartzeko ere. Izan ere, eskaintza zabala prestatu du Gerediaga elkarteak azokak irauten duen bost egunetarako.

Topagune digitala izan da gaur Kabi@ espazioa, esaterako. Aurkezpenak izan dira nagusi egun osoan, eta adimen artifiziala, software librea, digitalizazioa eta euskararen erabilera sustatzeko tresnak izan dituzte hizpide. Eserleku guztiak beteta egon dira Zortzi erronka digital eta adimen artifizialaren aplikazioa hezkuntzan saioan, kasurako. Leire Palacios Badalab laborategiko berrikuntza eragilea eta Ander Bolibar Ikusgela egitasmoko kidea aritu dira hizlari lanetan, eta elkarlanean ondu dituzten zortzi bideo aurkeztu dituzte. Ingurune digitaleko erronkak lantzen dira horietan guztietan, eta gai jakin bat landu dute bideo bakoitzean: Zer da kutsadura digitala? Nola funtzionatzen du algoritmo batek? Adimen artifizialak zer ordezkatuko du? Zer da metabertsoa? Zer eragin izango du garatzen ari den teknologia horrek gure hizkuntza ohituretan? Galdera horiei erantzutea izan da gakoa.

Mondragon Unibertsitateko ikasle batzuek, berriz, teknologiaren inguruko eztabaida kritikoa pizteko erakusketa bat jarri dute. Lau gai jorratu dituzte bereziki: sakelakoetako diseinu pertsuasiboa, datu biometrikoak, sakelakoak fabrikatzeko beharrezkoa den materialen ustiaketa eta Google plataformak gizartean duen eragina. Teoria modu bisualean erakusteaz gainera, hainbat dinamika egin dituzte, eta etorkizun hurbil batean proiektua ikasgeletan erabiltzea da Mondragon Unibertsitateko ikasleen xedea.

Aurrerantzean egitaraua handitzeko helburua du Kabi@ espazioak, Diana Franco Eguren arduradunak aurreratu duenez: «Eskaintza gero eta handiagoa da, eta gauza gehiago antolatzea da erronka: azokan errotu nahi dugu, eta gure presentzia aldarrikatu». Bereziki, gazteak gerturatu dira gaur gune horretara, baina denentzako espazio bat dela zehaztu du Francok. Bihar, berriz, gamer gela bihurtuko da gune hori: «Jolaserako eguna izango da».

Landako gunean ez ezik, kanpoaldean ere izan da giroa gaur: taloek eta eguzki izpiek gozatu dute egonaldia.

Erabat presentziala

Azken hiru urteetako joera baztertu, eta aurrez aurreko azoka baino ez dute egingo aurten —Gerediaga elkarteak online denda kentzeko erabakia hartu du—. 434 eskaera jaso zituzten iaz Internet bidez, eta 1.685 produktu eskuratu zituzten guztira. Joanmari Larrarte Elkarreko kideak uste du ez dela nabarituko haren falta: «Pandemia garaian oso ondo funtzionatu zuen online dendak, baina, joan den urtean, argi geratu zen jendeak nahiago zuela azokara modu presentzialean bertaratu». 

Aurtengo azokari dagokionez, itxaropentsu dago Larrarte: «Espektatiba onak ditugu, eta ilusioz gaude. Ahalik eta liburu interesgarrienak aurkezten saiatzen gara urtero, eta egileak ere gogoz etortzen dira». Euren erakusmahaietan ez da nobedaderik falta, eta jendeak horiek eskatu ditu gehienbat. Karmele Jaioren Maitasun kapitala eta Esti Martinezen Animalia domestikoak, beste batzuen artean.

Larrarteren hitzetan, «euskal kulturaren azoka nazionala» da Durangoko Azoka, eta horrek argitaletxearentzat duen garrantzia azpimarratu du: «Salmentak ez ezik, kultur ekintza asko daude Durangoko Azokan, eta euskal kulturaren erakusleiho oso garrantzitsua da». Ane Eslaba Txalapartako editoreak ere bat egin du Larrarterekin: «Azokak aukera ematen du askotariko kultur eragileak, ofiziokideak, artistak, hartzaileak… elkartzeko eta hartu-emana izateko, eta hori behar-beharrezkoa da. Esanen nuke euskal kulturgintzaren sare moduko bat dela azoka, eta sare hori sendotzea eta zabaltzea da erronka, ez dadin dena mugatu une eta leku honetara».

Aurtengo berrikuntza nagusienetako bat Ticket Bai sistemaren erabilera izan da. Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunekin hitzartutako programa da, eta enpresa txiki eta ertainei berehala fakturatzeko sistema elektronikoa ezartzea da helburua. Larrartek aitortu du azoka antolatzeko garaian «buruhauste batzuk» izan dituztela, baina, oraingoz, ondo ari dira moldatzen: «Sistema informatiko guztia antolatu dugu, eta lan asko eman digu, baina gaur, behintzat, ez dugu arazorik izan».

Diskoetatik harago

Disko fisikoen beherakada ikusita, musikari zein musika talde asko izan dira diskoez gainera kamisetak, poltsak eta bestelakoak saltzen aritu direnak. Huntzari dagokionez, esaterako, azokarako beren-beregi atera dituzte kamiseta eta jertse berriak, Uxue Amonarriz taldekideak kontatu duenez: «Taldearen azken azoka izango da aurtengoa, eta gure zuzeneko guztien datak zerrendatzen dituen kamiseta eta jertse bereziak atera ditugu». Otsailaren 3an bukatuko du ibilbidea taldeak, Bilboko Miribillan emango duen kontzertuarekin: «Azken kontzertuko sarrerak ere baditugu salgai; itzela izango litzateke azokan guztiak amaituko bagenitu». Mahai gainean koaderno bat ere utzi dute, errotuladorez inguratuta: «Berezia iruditu zaigu zaleek taldeari idazteko aukera izatea: aurrez aurre esatera ausartzen ez garen gauza horiek guztiak esateko lekua da». 

Iosu Solaun Baga Bigako kideak nabarmendu duenez, zaleak musikariengana gerturatzea eta zuzeneko harreman hori izatea da azokaren alderdirik aberasgarrienetako bat haientzat. Hala ere, Durangoko Azokan oro har diskoak saltzen direla dio, eta oraindik ere funtzionatzen duela eredu horrek. Alabaina, ari dira garai berrietara egokitzen pixkanaka: «Urtero-urtero ahalegintzen gara azokara disko zein erreferente berriak ekartzen, eta horrek laguntzen du salmentetan. Argi dago gero eta disko fisiko gutxiago saltzen direla, baina saiatzen gara erosleari bestelako baliabide batzuk eskaintzen». Aurtengo aldiari dagokionez, «gogotsu» daude: «Azoka da disko gehien saltzen ditugun garaia; musikariak sinatzen aritzen direnez, zaleek diskoa erosteko aprobetxatzen dute. Dena ondo joatea espero dugu». 

Zetak taldeak erakarri ditu zalerik gehien gaurko egunez, zalantzarik gabe. Berehala bildu da jendea taldearen erakusmahaiaren inguruan, eta kanpora arteko ilarak zeuden goizeko hamaikak baino lehen: Pello Reparaz musikaria diskoak sinatzen aritu da, eta harekin egoteko tarte bat hartu nahi izan dute Durangora bertaratu diren nerabe eta gazte ugarik.

Plateruenan Nogen taldeak ireki du Ahotsenea espazioa: bete egin da aretoa Aben Circle lan berriaren aurkezpen kontzertuan. Haren ondotik, talde beteranoak eta hasiberriak igaro dira oholtza gainetik, etenik gabe. Tartean, Konpost, Esanezin, Akaleia, Marlik eta Arima taldeak. Bartolome Ertzilla Musika Eskolan, berriz, hainbat izan dira literatur aurkezpen eta solasaldietan parte hartu zuten kulturzaleak.

Ikasleak, bihar

Ohikoan, ikasleena izan ohi da Durangoko Azokaren lehen eguna, baina, egutegiaren ondorioz, bihar izango dira protagonista haiek: eskoletatik joango diren neska-mutilentzat hainbat tailer antolatu ditu Gerediaga elkarteak. Besteak beste, Bideoklipa DA! emanaldia, Irudienean; antzerki sorkuntzaren inguruko tailerra, Szenatokian; eta Agustin Ibarrola artistari buruzko tailerra, Durangoko Arte eta Historia Museoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.