Itxaso Martinek eromenaren inguruko istorio bat landu du 'ni, Vera' lehen nobelan

Kazetaria birramonaren benetako bizipenetan eta egin berri duen tesinan oinarritu da eleberria idazteko

Eromenaren errai ilunetan barneratu da Itxaso Martin eleberrian. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Eromenaren inguruko istorio batekin ekin dio Itxaso Martin kazetari eta idazleak (Donostia, 1981); lehen eleberria du ni, Vera. Bi emakume, Vera eta Martina, eromenaren zurrunbilo ikaragarrian harrapatuta, fobiaz eta beldurrez beteak, errealitatea eta fantasia ezberdintzeko gai ez direla. Lehen eta bigarren pertsonak erabili ditu Martinek, elkarrizketak bereizteko gidoirik gabe, eta protagonistak bere buruarekin dituen bakarrizketak islatzeko tipografia ezberdinak tartekatuta. «Ez da kontaketa garbia. Modu argi eta zuzenean hasi nintzen istorioa idazten, baina konturatu nintzen eromena eromenetik kontatu behar dela, pertsonaiaren izuak eta zorabioa ulertzeko», esan du Martinek.

Antropologia ikasketetan emakumearen eta psikiatriaren inguruan idatzitako tesinaren ikerketak bultzatuta hasi zen eleberria idazten. Oinarri zientifikoa du nobelak, baina baita osagai autobiografikoak ere: «Nire birramonaren benetako bizipenetan oinarritu dut Vera pertsonaia. Familian beti presente egon da birramonaren irudia, baina inork ez zuen gertatutakoaz askorik hitz egiten. Esan daiteke niri egokitu zaidala familiako sekretua ikertzea».

Norberaren izaeran barrena

Eleberria idazteko, eromenaren errai ilunetan barneratu da Martin, eta bere burua zurrunbiloan sartuta ikusi du behin baino gehiagotan: «Esperientzia baino sentimendu indartsuagorik ez dago, eta istorioa kontatzeko moduan hori islatzen saiatu naiz. Irakurleak Martinaren pentsamenduetan, haren eromenean eta galbidean harrapatzea da nire helburua».

Martinek birramonaren istorioa ikertu duen moduan, Martina Verari gertatutakoa azaleratzen saiatuko da eleberrian, bilaketa emakumeen arteko harremanaren ardatz bilakatuta: «Birramona Arrasateko psikiatrikoan egon zen urte luzez. Haren istorioa ezagutzeko, psikiatrikoan izan nintzen, medikuen txostenak irakurri eta bertan bizi izan zuena hobeto ulertzeko. Senideei ere galdetu diet, eta batzuk hitz egiteko prest agertu dira, baina aurkitu dut garai hartan bizitakoa berriz ere gogora ekarri nahi izan ez duenik ere».

Barneak hustu ditu Martinek lehen eleberrian, birramonarekin sentitzen zuen lotura bilatuz. «Ikerketa bat hasten duen edonork dauka buruan amaieran aurkituko duenaren inguruko ideiaren bat. Ni ere, nobela idatzi ahala, zerbaiten bila aritu naiz. Proiektua amaitzean, ez dut hasieran uste nuena aurkitu; niretzat berria den zerbaitekin egin dut topo».

Martinaren pertsonaia bere buruan oinarrituta dagoela aitortu du idazleak. «Biok zerbaiten bila ibili gara, istorio sekretu bat aurkitzeko bidea egin dugu. Martinaren bideak indar handia dauka, eromenari borroka irabazteko bidearen bila dabilelako». Eleberrian, eromena islatzeko tresna moduan erabili ditu letra tipoaren aldaketak. «Protagonistaren kanpoko eta barruko munduak islatzeko erabili ditut testu aldaketak. Barruko elkarrizketa horiek agerian uzten dute protagonista erabat galduta dagoela askotan, ez duela bereizten errealitatea. Nork bere burua engainatzeko duen gaitasuna agerian utzi dut metodo horrekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.