Literatura

'ITZALAK HARTURIK'. Fikziozko gure estereotipoak

Bixente Serrano Izko.
2011ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Egilea: Kepa Larrea.

Argitaletxea: Pamiela.

Benedict Andersonek 1983an nazioak komunitate asmaturikoak direla erran zuenetik, era askotan astindu dugu ideia, dela Euskal Herria bezalako nazioei uko egiteko, dela nazio «ofizialak» ere ezbaian jartzeko haien naziotasunean. Arrakastatsua izan da azken urteotan, gure artean, Santi Leoneren apustua Euskal Herri imajinario baten alde. Kepa Larreak, bere Itzalak harturik saiakera argian, koska bat estuago egin dio ikuskera horri: «Aldarrikatu behar genuke herri asmatua garela, herri bat garela geure burua asmatu dugulako, eta baita kanpokoek ere gu asmatu gaituztelako». Guztiz kontuan hartzeko bigarren«-(e)lako» hori.

Peskizan bidaltzen gaitu Larreak, «lehen omen ginenetik orain ez gareneko bidaia»-n, «saltoka […], fikziozko euskaldunei erreparatu nahian». Bai geure arteko irudimenean, bai kanpokoenetan, fikziozko literaturan bereziki, ikerketa osoa ez baina esanguratsua den saiakera honetan.

Arkadia metaforikotik abiatu da, identifikatze honen balio anbiguotik: Arkadia paradisuzko eredu gisa, edo eredu atzerakoi gisa. Gero, testuinguru historiko anitzetako hainbat genero literariotan sartzen gaitu atalez atal, euskaldunoi buruzko estereotipoen bila. Gaztelaniazko errenazimendu eta barrokoko idazleak (Lope de Rueda, Cervantes, Quevedo…), genero beltza-edo (Loidi, Gereño, Garate, Saizarbitoria, Epaltza, Kintana, I. Zabaleta, Trevanian estatubatuarra…), maitasun inguruko obra edo pasarteak (Shakespeare, Merimee, Loti, I. Zabaleta, Trevanian berriro…), euskarari buruzkoak (Mogel, Sagastizabal, Zaldua, Euskara sencilloaren manifiestoa…), fikziozkoa (Legasse, Txomin Agirre, Moujan Otaño, Jon Alonso, Sagastizabal berriro, Aitor Arana…). Guztira kanpoko zein etxeko egile sorta plural baten pertsonaiak, nola edo hala estereotipo kontrajarriak gauzatu dituztenak.

Azkeneko atalean, emaitza-edo gisa, bidaian zehar maletan bilduriko altxorrak sailkatzen ditu: euskaldun fier eta trebeak euren armetan, itxura fisiko sendo eta jatorri puruko bezain misteriotsua, hizkuntza bereziko bezain ikasteko zailekoak, «izaki arrotzak, bitxiak, zaharkituak eta primitiboak», hainbertzeraino bitxiak non, zerbait izatera jarrita, «espainolen artean espainolenak, europarren artean europarrenak, indartsuenen artean indartsuenak, konkistatzaileen artean konkistatzaileenak, abenturazaleen artean abenturazaleenak, solidarioen artean solidarioenak, kristauen artean kristauenak eta marxisten artean marxistenak» izateko gai baikara. Hori guzti hori, jakina, aho biko ezpata gisako balioztapenetan: «Peru Abarkaren ondoan beti egongo da Maisu Juan bat, Eneco Loyolakoak (sic) badu bere Frantzisko Xabierkoa eta Pedro de Urtsuari ez zaio Lope de Agirrerik faltako».

Arin eta gustura ilustratzeko bidaia da liburua. Larreak dioenez, doktorego tesia du oinarri, askoz osoagoa, jakina, baina obra osoa argitaratuz gero, erreferentziako, kontsultako lan irakurgaitza izan zatekeen, tesien «genero» horri dagokion bezala. Agian, dena dela, gehiegi nabaritzen zaio jatorri akademikoa bere estilo soilean. Erran nahi dut gaiak, eman, ematen duela saiakera dastagarri bati dagozkion ironia eta gatzarekin ontzeko aukerak. Ez dago horren falta, baina ahosabaian uki sendoegiko ore batean zenbait detaile a posteriori, solte, txertatu izan balu bezala dirudi batzuetan. Inpresioa dut bizigarriagoa izan zatekeela gaiaren garapena, oinarri akademiko horretatik libreago ibili izan balitz sukaldean. Baina, zinez diot, nire uste horrek ez dio deus ere kentzen liburuaren interes eta irakurgarritasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.