Martin Ciriza
Lauhazka

Itzulerarik handiena

2025eko azaroaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Logela taldearen zuzeneko bat Interneten ikusi nuenean hau idaztea bururatu zitzaidan. Euskal Herrian sortzen den musika entzunda, deigarria da talde ugarik beste erreferentzia askoren artean bat amankomunean izatea. Honetaz are modu argiagoan konturatzeko Ekain Perezek aurkeztutako Lore hostoak irratsaioa entzun besterik ez da egin behar, gonbidatuen ehuneko handi batek 80ko hamarkadako talde honen abestiren bat gomendatzen baitu.

Jarraian, gaur arte iraun duen Itoiz taldearen —zentzu oneko— itzalaren arrazoiak labur hostokatzen saiatuko naiz. Izan ere, oraingo taldeen zein entzuleen artean aldarrikatzen den euskal talde historikorik bada, Mutriku eta Ondarroa artean jaio zena hori da.

Gaur egun, euskaraz musika egitea berezi egiten gaituen aldagai bat da. Gutariko asko Manchesterren edo New Yorken jaio izan bagina, gure musika ez litzateke hainbeste entzungo, besterik gabe, gu bezalako asko eta hobeak daudelako munduan. Euskal talde gutxik izango luke arrakasta handiagoa ingelesez abestuta, baina Itoiz litzateke horietako bat. Zoritxarrez, garai horietan euskaraz abesteak argi eta garbi ateak itxi zituen, eta horrek, garaiko Euskal Herrian zegoen punkaren nagusitasunarekin batera, mugatu egin zuen taldearen influentzia. Garaiko taldeen aurrean 70eko hamarkadako musika estiloen arrakastarik ezak, punkaren legatu handiagoak, geroztik sortu den Euskal Rock Erradikalaren (ERE) inguruko edukien bonbardaketak eta Itoizen inguruko orain arteko informazio falta edo mistizismoak Euskal Herriko harribitxi bihurtu zuen taldea. Eta hori da, besteak beste, gutariko asko konkistatu gaituena.

Euskal talde gutxik izango luke arrakasta handiagoa ingelesez abestuta, baina Itoiz litzateke horietako bat. Zoritxarrez, garai horietan euskaraz abesteak argi eta garbi ateak itxi zituen, eta horrek, garaiko Euskal Herrian zegoen punkaren nagusitasunarekin batera, mugatu egin zuen taldearen influentzia

Gaur egun, aldiz, RRVarekin eta mende hasierako estiloekin apurtu duen belaunaldi bat iritsi da musika egitera. Hauen artean, dena delakoarengatik poparen aldaera ezberdinak nagusitzen ari dira. Horrez gainera, ska, oi! musika edo punka izan beharrean, post punka edo popa bera pasatu dira edonolako kritikak plazaratzeko forma nagusi izatera. Laburbilduz, garai historiko berria garai musikal berri honekin batera etorri da.

J. C. Perezek lideratutako taldearen diskografia zabalean, rock progresibotik art-popera doazen abestiak daude, hots, bilatu nahi den musikaren arabera, ale konplexuagoak, sinpleagoak edo auskalo zein formatakoak topa ditzakezu haren diskografia zabalean, edozein kasutan kilate ugariko erreferentzia izanik. Halaber, deigarriak dira haien ibilbidean izandako estilo aldaketak. Baina are deigarriagoa da, estilo horietatik guztietatik edozein orainera ekarriz gero modernoa izango litzatekeela. Eta garaiko estetika ere bada orain nobedade. Ez da harritzekoa, beraz, gaur bogan dauden estiloetarako Itoiz erreferentzia irisgarrienetako eta nagusietako bat bihurtzea.

Itoizek zituen letrak egiteko moduak ere hamarkada batzuk gainditu ditu. Agian iraganeko garaiek exijitzen zuten lengoaia ez erabili arren, gaur egun oso eskertzekoa da aurrekari hori edukitzea. Letrek modu ulergarrian paisaia edo errealitate bat irudikatzea edo entzulea horrekin bat sentiaraztea zuten lorpenik handiena. Gaur egungo abestiek eduki politikoa badute ere, ez da lehen bezain esplizitu idazten; iraganari aurre egin nahi zaiolako, garaiak beste zerbait eskatu edo sinpleki horrela ateratzen delako orain. Horretan maisuak Itoizekoak izan ziren.

Sinpleki, kostaldeko talde honen formek gaur egun Euskal Herrian egiten den musikaren zati nabari batekin bat egiten dute; eta gaur egun, iraganean zen baino erreferentzia handiagoa bihurtzen du horrek. Horregatik, Itoizen itzulera modu handienean gertatu da, haren oihartzunak sortu dituen talde guztien forma hartuz. Inoiz izan den itzulerarik oparoena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.