IV. mendeko emakume bat da Egeria. Gallaeciatik —gaur egungo Galizia— Lur Santuraino —Israel eta Palestina— 5.000 kilometro inguruko bidaia bat egin zuen. Baina nola jakin mende hartan egindako halako bidaia luze baten xehetasun guztiak? Bada, Gallaecian geratu ziren lagunei eskutitzak idazten zizkien. Hain zuzen, gutun horiek berreskuratu ditu Maite Lopez Las Herasek, eta horren emaitza izan da Zirtak su trilogiaren lehen zatia: Hasieran bazen hitza (Alberdania). Lehen pertsonan dago idatzita, gutun horien formatu berari eutsi nahi izan diolako.
2022an Ibilbidea. Egeria (Testu zaharrak) euskaratu zuen Lopezek, eta hori izan du abiapuntu azken eleberrian: «Oso adierazgarria izan zen; izan ere, istorio horren zati labur-labur bat bakarrik heldu zaigu. Jakin badakigu, ia ziurtasun osoz, Egeriak 5.000 kilometro inguruko bidaia egin zuela, baina zatirik kristauena bakarrik heldu zaigu guri». Orduan piztu zitzaion eleberria idazteko «zirta».Â
Istorioaren oinarrian pertsonaiaren bidaia dagoen arren, kontakizuna elementu batekin tartekatu du Lopezek: zentsurarekin. Izan ere, galdera bat izan du buruan une oro: «Zergatik heldu zaigu guri istorioaren zati bat bakarrik, halako bidaia luzea egin bazuen?». Hemen erantzuna: «IV. mendean ez zegoen inprentarik, eta kopistek kopiatzen zituzten gutunak. Egeriaren idatzien zein zati kopiatu eta zein ez erabakitzen zuten, alegia». Bidean galdutako guztia «berreraiki» nahi izan du eleberriaren bitartez, baita isilarazi dituzten hitzei «ahotsa eman» ere: «Egeriari, batez ere, emakume izanda halako bidaia luzea egiteagatik. Horrek dakartzan arrisku, ardura, kezka eta ausardia guztiak plazaratu nahi izan ditut».Â
«IV. mendean ez zegoen inprentarik, eta kopistek kopiatzen zituzten gutunak. Egeriaren idatzien zein zati kopiatu eta zein ez erabakitzen zuten, alegia»
MAITE LOPEZ LAS HERAS Idazlea
IV. mendean mendebaldeko Erromatar Inperioaren gainbehera izan zen, mende «oso esanguratsua», Lopezen ustez: «Kristautasuna erlijio ofizial gisa izendatu zuten. Hortxe uztartzen dira paganismoaren eta kristautasunaren arteko tirabirak, kezkak, eta zalantzak». Aitortu du gaur egunetik horren urrun dagoen garai bat lantzeko dokumentazio lan «ikaragarria» egin behar izan duela: «Toki bakoitzean zer txanpon erabiltzen zuten, nola janzten ziren, zer usain zeuden, zertan sinesten zuten eta itsasontzian nola bidaiatzen zuten, esaterako». Horiek eta beste hainbat xehetasun zehatz-mehatz aztertu behar izan ditu eleberria «ahalik eta gehien» gerturatzeko orduko errealitatera.Â
Gazteentzako eleberria
Aritz Galarraga Alberdaniako editoreak uste du adin guztietako jendeak irakurtzeko «egokia» dela eleberria. Harekin bat dator idazlea, eta nabarmendu du, batez ere, gazteek irakurri beharko luketela: «Gaur egun gazteak oso ohituta daude bidatzera, eta hau bada bidaia liburu bat bere horretan. Ezagutzen ez ditugun tokiak erakusten dizkigu, eta zertan datzan emakume batek bakarrik bidaiatzea. Zer esan nahi zuen orduan, eta zer esan nahi duen gaur egun». Are gehiago, idazleari zera gustatuko litzaioke, bidaiatu ezinik geratu ziren emakume haien tokian jartzea irakurleak. Funtsean, gazteak hausnartzera bultzatu nahi ditu, «ez dezaten ezer jo segurutzat».
Idazleak argi zuen hasieratik zer forma izango zuen eleberriak: «Banekien luzea izango zela, asko zegoelako kontatzeko. Argi nuen zer kontatu, eta ondo egin nahi nuen». Idazterako orduan buruan izan du «gaur egungo» irakurleei zuzenduta dagoela istorioa, eta «gertukoa eta atsegina» izan dadin ahalegindu da, baina, batez ere, «ulergarria» egin nahi izan du: «Oso urruneko garaia da; ez da oso ezaguna. Horregatik, behar izan dudanean oharrak gehitu ditut, testuingurua hobeto ulertzeko».
Bigarrena, bidean
Lopezek bidean ditu jada bigarren eta hirugarren eleberriak, eta hainbat xehetasun aurreratu ditu: «Izenburua eta Egeriaren ibilbide osoa ulertzeko hirurak irakurri behar dira, sua hitzak ere baduelako nortasuna eta eragina». Argitu du ibilbidearen jarraipen bat izango direla beste biak, eta, besteak beste, honako herrialde hauek azalduko dira: Italia, Grezia, Asia Txikia, Jerusalem eta Egipto. Horrez gain, inprenta iritsiko dela ere gehitu du.Â
Hiru liburuetan, irakurleak «ezohiko» garai bat topatuko duela azaldu du; izan ere, pertsonaia bera ere hala da egilearen ustez: «Emakume bat da, ezohiko toki batean bidaiatzen ari dena». Abentura, amodioa eta beldurra uztartuko ditu, besteak beste.
Lehen zatia aurkeztu berritan, baina, badago Lopezek istorioko protagonistari galdetu nahiko liokeen zerbait: «Jakin nahiko nuke ea zer iruditu zaion eleberria, baina ez bere iritzia soilik. Liburu hau idazteko nire helburuetako bat izan da pertsonaiaren ahotsa azaleratzea eta ohoratzea. Beraz, jakin nahiko nuke ea ohorea eman diodan».