Oihalezko piezak, collageak, argi jokoak eta elementu organikoak uztartzen dituen unibertso artistiko berezi bat paratu du Ivan Gomez artistak (Irun, Gipuzkoa, 1984) Gasteizko Montehermoso kulturunean. Kliskada bat izena du erakusketak, eta munduarekiko harremana nola aldatzen ari den pentsatzera gonbidatu nahi du bisitaria. Bilduma irailaren 20ra arte egongo da zabalik, ur biltegian.
«Nire barne biltegian aldaketa asko egin behar izan ditut: iraganarekin, orainarekin eta gauza berrietarako irekitasunarekin jolastu naiz», azaldu du artistak. EHUn Arte Ederretako lizentzia lortutakoa eta Berlingo Node zentroan trebatua da Gomez, eta, bere lanetan, irudien, objektuen, espazioen eta pertsonen arteko harremanak arakatzen ditu. Gomezek ibilbide sendoa egina du arte garaikidean, eta, besteak beste, Bilboko Azkuna zentroan, Donostiako Tabakaleran eta Bartzelonako La Capella aretoetan erakutsi dituzte haren obrak. Nazioartean ere ikusgai jarri izan dituzte artistaren lanak; besteak beste, Medellinen (Kolonbia), Berlinen (Alemania), Ganten (Belgika) eta New Yorken (AEB).
Montehermosoko erakusketako piezak bi multzotan sailka daitezke: batetik, azken bi urteetan sortutako obra berriek artistaren alderdirik introspektiboena biltzen dute; eta, bestetik, tokira propio egokitutako piezek osatzen dute bilduma.
Aretoan sartzean, arreta ematen duen lehen pieza oihal zati handi bat da: erakusketaren ardatz gisa funtzionatzen duen egitura handi bat da, eta bisitaria bidean gelditzera eta xehetasunei erreparatzera gonbidatzen du. «Arkuen kurbadurekin jolastuz, ametsezko haitzulo batean egotea bezala da: korapilatsua, baina gustagarria», azaldu du artistak. Argi tonu ezberdinen arteko jolasak ere badira, eta naturaren elementuek indar eta presentzia handia dute espazioan. Alde batetik, loreak eta egurra daude; bestetik, elementu gordinagoak ere badira, hala nola animalien hezur zatiak eta sugeek azala berritzerakoan uzten duten azala bera.
Sabaitik eskegitako koadro ugarik osatzen dute erakusketaren egitura, eta airean dauden irudien artean hausnartzera gonbidatzen dute ikuslea. Horren osagarri, pantaila batean hainbat irudi proiektatzen dituzte; proiekzio horiek tenperatura beroaren filtro batekin editatuta daude, tonu laranja eta argitsuak nabarmenduz, eta multzo osoari izaera zinematografikoa emanez.
Artistak «modu praktiko batean» landu du bilduma, bere «galdera eta kezka nagusiak» plazaratuta. Adierazi duenez, proiektuak bere bilaketa prozesuei «amaiera egoki bat» emateko balio izan du. Gomezek azaldu du ez duela inolako espektatibarik sortu nahi ikuslearengan, ezta «momentuan argitzen diren» erakusketen gisako zerbait egin nahi izan ere, haren helburua jendearen esperientziak erakusketatik harago luzatzea delako.
Gomezen mundu artistikoan sakonduta, Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak azaldu du bildumak «materiaren zein irudien etengabeko eraldaketa» esploratzen duela. Haren ustez, artistak ezin hobeto islatu ditu elementu ezberdinen artean sortzen diren lotura eta mugimenduak.
Testu poetiko batek lagunduta
Gomezen erakusketaren osagarri, Pablo Marte artista eta idazleak (Cadiz, Espainia, 1975) testu poetiko bat ondu du, bildumaren ideiak eta gogoetak bilduta. Haren ustez, testuak oso ondo «harmonizatzen» ditu Gomezek piezetan islatzen dituen gogoak eta asmoak.
Marteren esanetan, «ilusioari eta gogoari eustea» da gakoa funtzionatzen ez duen aldaketa bati edo jarraipenik ez duen egoera bati erantzuteko. Sorkuntza prozesuetan maiz agertzen diren blokeo eta ziurgabetasunen aurrean jarrera horrek «bide berriak» ireki ditzakeela uste du. Hala, arteak baztertuta edo galduta daudela dirudien ideiei bizitza berria emateko duen indarra azpimarratu du artistak: «Badirudi tokirik ez duten gauza horiek, bat-batean, aire berri bat eta aukera gehiago bereganatzen dituztela indar berritzaileari esker».