Belaunaldien artean traumak transmititu egiten direla uste du Cherien Dabis zuzendari palestinar-estatubatuarrak. Transmisio horri memoria ostea esaten zaio, eta, hain zuzen, horixe bizi izan du Dabisek, Ohion (Ameriketako Estatu Batuak) jaio bazen ere ama jordaniarra eta aita palestinarra baititu. Dabis 8 urte zituela joan zen lehenengoz Palestinara. Gogoan du Israelgo mugan hamabi orduz atxiki zituztela, baita biluztu eta erregistratu ere. Dioenez, orduan jakin zuen palestinar izateak zer esan nahi zuen, eta, orain, munduari kontatu nahi izan dio Allly baqi mink (Izandako hori dena) filmean. Zuzendari eta gidoilari izateaz gain, berak antzeztu du protagonistetako bat: Hanan. «Familiaren matriarkaren pertsonaia idatzi nuenean, benetan nire parte zela sentitu nuen. Nire arbasoa zela, edo nire aingeru guardakoa edo». Bakri familia palestinarreko kide dira aktore protagonista guztiak, eta, beraz, zuzendariaren esanetan, filma «belaunaldi arteko erretratu» bat da; bai pantaila aurrean, baita atzean ere.
Kutsu autobiografikoa dute Dabisen filmek, eta honako hau ez da salbuespena. Filmak kontatzen du bizi gabeko iragan bat oinordetzan jaso daitekeela, eta, horretarako, salto egiten du urte desberdinetan: 1948an, 1978an, 1988an eta 2022an. Hiru belaunaldiren arteko harremanean oinarritzen da: aitonaren, aitaren eta semearen artekoan. Baina Dabisek argi zuen emakumea izango zela narratzailea, hain zuzen, «kultura askotan» emakumea izaten delako «narratzaile eta sendatzaile». Gertakari jakin bat da filmaren ardatza: 1948an 700.000 palestinarrek sufritu behar izan zuten exodoa, alegia, Nakba. Hala, zuzendariak errealitatea eta fikzioa uztartu ditu bere familiak eta beste hainbatek bizi izandakoa kontatzeko. Halere, haratago doa: jasotako trauma hori gainditu nahi du, eta zauriak sendatzeko moduak bilatu.
Pertsonala eta politikoa
Dabisek kontatu izan duenez, ez du soilik ikuspegi politikoa garatu nahi izan: «Aitortza bat egin nahi izan diet bai nire arbasoei, baita nire herriari ere, eta, aldi berean, jendeari lagundu nahi izan diot palestinarrek horrenbeste urtetan sufritutakoa ulertarazten». Hortaz, filma, politikoa izateaz gain, «erabat pertsonala eta barru-barrukoa» ere bada. Zuzendaria aspaldi ohartu zen fikzioa tresna erabat boteretsua dela zenbait gai jorratzeko; are, «politika egitea baino boteretsuagoa».
Sundanceko Zinemaldian estreinatu zen filma, iaz, eta, ordutik, hainbat izendapen eta sari jaso ditu; tartean, nazioarteko zenbait zinemalditan publikoak emandako hamar sari baino gehiago. Bestalde, Zuzendaritza Onenaren saria jaso zuen Sevillako Zinemaldiaren 22. aldian, azaroan.
'ALLY BAQI MINK'
Beste estreinaldi batzuk:

'Resurrection' filmaren irudi bat. BERRIA
'Resurrection'
Gizakiak amesteko gaitasuna galdu duen mundu distopiko batean, izaki batek liluratuta jarraitzen du ametsekin. Beste inork ikusi ezin dituen irudipenak ikusten ditu, emakume batek aurkitzen duen arte. Irudipen horiek diren bezala ikusteko ezohiko gaitasun bat du emakumeak, eta izaki horren ametsetan murgilduko da, barnean zer ezkutatzen duen jakiteko.
'SORDA
'
Angela emakume gorra da, eta bere lehenengo haurra izango du Hectorrekin. Amatasunak beldurra eragingo dio, bikotea krisian sartuko da, eta, gainera, amak zalantzak izango ditu haurrarekin komunikatzeko orduan. Gorren egiazko esperientziak bistaratu nahi ditu filmak, eta mahai gainean jartzen du irisgarritasunaren gaia ere.
'AMRUM'
Hark Bohm zuzendari, gidoilari eta aktore alemaniarraren bizian oinarritua. Amrum izeneko uhartean dago kokatua filma, 1945ean, Bigarren Mundu Gerraren azken egunetan. 12 urteko haur bat da protagonista: aitaren faltan, amari etxera janaria eramaten laguntzen dio. Ordea, gerra amaituta ere, inguruko tentsioak eta gatazkak ez dira desagertuko.