Izar hauts bihurtu da

David Bowie pop eta rock musikari eklektikoa hil da, 69 urte zituela.Etengabe eraldatzeko eta eragiteko gaitasuna izan zuen ikur.Minbizi baten ondorioz zendu da, eta 'Blackstar' disko kaleratu berria utzi du testamentu gisara

David Bowie, bizitoki zuen Manhattanen, The Next Day azken-aurreko diskoa kaleratu berritan, 2013an. JIMMY KING.
gorka erostarbe leunda
2016ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Nork bere erara zedarritzen du historiaren hasiera. Xabier Montoiak hala idatzi zuen 1983ko Anfetamiña poema liburuan; «...Neretzat David Bowiek ilea moztu zuen egunean». Oso ikuspegi pertsonala da, bai, baina ematen du pertsonaiaren itzalaren neurria ere. Metaforak adieraz lezake euskal musikari eta idazle baten garai hartako mundu ikuskera, baina harantzago doa. David Bowiek ilea moztu zuenekoa, mugarri moduan ulertu baitaiteke, denbora zehaztasunak gorabehera. Ilea moztu zuen 1970eko hamarraldiaren hasieran; atzean utzi zituen hippyaren, neo-folkiaren tximak, Ziggy Stardust pertsonaia sortu zuen, eta harekin pop eta rocka mundu berri batean txertatu, kosmobisio modernista eta futurista batean. Musikaren historiako pertsonaia ikonoetako bat sortu zuen eta pop kulturaren nahiz musikaren mundu berrietarako bidaia abiatu zuen. Rockaren historiako sei hamarraldiak ezagutu eta bizi ostean, atzo zendu zen David Bowie, 69 urte zituela, minbizi baten ondorioz. Dagoeneko izar hauts bilakatua da.

Haren seme Duncan Jonesek Twitter bidez baieztatu zuen benetan hila zela, ordurako esaten hasiak baitziren hiru egun lehenago kaleraturiko Blackstar lan berria sustatzeko trikimailuren bat ote zen. «Oso tristeturik, baina egia dela esan beharra daukat». Lehentxeago artistaren beraren Twitter gune ofizialak eman zuen albistea. «Familiakoek inguratuta hil da bakean, minbiziaren kontra 18 hilabetez modu ausartean borrokatu ostean». Bakean, eta ia sekretupean. Inon ez baitzegoen zabaldua Bowieren gaixotasuna, baina ohikoa zuen bere ingurukoen konplizitate erabatekoa lortzea. Hamar urteko isilunearen ostean, duela bi urte The Next Day kaleratu zuenean ere ezustean harrapatu baitzituen aditu, zale eta gainerako guztiak.

Inork ez zekien minbiziaren kontrako borrokan ari zenik eta disko berria testamentu gisa plazaratuko zuenik. Denek gordea zioten sekretua. Beste behin ere berak nahi duena eta nahi bezala egin du. Berak gidatu du bere patua, eta baita diskoaren lehen marketin bultzada ere; hil ondorenean ere bai. Blackstar diskoko Lazarus kantuaren bideoklipa dantza batean zebilen atzo goizean, sareko foroetan. Hozkirri moduko bat ere eragiten du kantuak, haren hitzak, haren irudikapenak. Ospitale bateko ohean etzanda ageri da Bowie, bi begiak benda batez estalita, eta haien gainean bi botoi. Honela hasten du kantua: «Zeruan nago. Ikus ezin daitezkeen orbanak ditut. Lapur ezin litekeen drama bat. Mundu guztiak ezagutzen nau orain».

Bai, ia mundu guztiak ezagutzen du orain, lehen ezagutzen ez bazuen. «Nire irudimenari modu salbaian lan egiten utzi diot». Horrela laburbildu zuen bere musika ibilbidea Bowiek berak, 2004an bihotzak emandako abisu baten ondorioz mundu mediatikotik erretiratu aurretik emandako elkarrizketa batean. Bowie pop eta rock artista erabatekoa izan zen; gutxiri bezala, ia beste inori ez, egokitzen zaio pop artistaren, pop izarraren izendapen eta jantzia. Besteengandik bereiztu zuena, hain zuzen ere, irudimena izan zen, eta irudimenarekin oso loturik dauden eraldatzeko eta sorkuntzarako gaitasuna. Eklektikoa izan zen, hasi eta buka. Bera eraldatzeaz bat, ingurunea, eta garaian garaiko musika joerak eraldatzen baitzituen. Jakin zuen garaian garaiko joera berritzaileei erreparatzen, begi-belarriak erne izaten. Eta jasotako hori, irudi landu eta berritzaile batez —Andy Warholen irakaspenak ez zituen alferrikako izan— modu probokatzaile, enigmatiko eta erakargarri batez azalaratzen. Sekula ez zen bertan goxo geratu. Kanpotik sarri bere makineria estetiko irudimentsuak ematen zuen atentzioa. Berak ere bazekien hori, baina geruza estetiko horren atzean bazegoen edukirik, konstante jakin batzuetara lerraturik: «Prakak alda daitezke, baina aukeratu ditudan hitz eta gaiak beti izan dira bertsuak: isolamendua, bakardadea, beldurra, antsietatea eta norberaren bizitzaren kontu indartsuenak».

David Robert Jones —hala zuen benetako izena—1947ko urtarrilaren 8an jaio zen, Brixtonen, Ingalaterran. 1960ko Londresko arte eskola emankorretako batean hezi zen. Irakurle sutsua zen gaztetatik. Liburutegi apartekoa zuen, eta biretan asko irakurri izan zuen beti. Bere burua «pixka bat existentzialistatzat» zuen. Albert Camus miresten zuen: «Eroso sentitzen naiz harekin».

Musikari asko batean

Aktore gisa ere sarri egin zuen lana, Martin Scorsese eta Nagisa Osimarekin, besteak beste, baina ibilbide irregularra izan zuen etaez zuen musikak adina gogobete. Musikalki David Bowie asko izan zen; eta gehientsuenak izan ziren interesgarri. Antzaldatzeko eta eraldatzeko gaitasun horregatik, eta bi begi aski desberdin izateagatik zetorkion Kameleoia izengoiti lar ustiatua —kondairak dioenaren aurka, ez zituen kolore desberdinekoak, baina bai tamaina desberdineko niniak, haurtzaroan gaztetxotan jasotako ostikada batengatik—.

Frank Sinatra, The Beatles eta Jacques Brel zituen gustuko hastapenetan, bere izen bereko lehen lana kaleratu zuenean, 1967an. Urtebete geroago egin zuen lehen hegaldia, Space Oddity diskoarekin ile kizkurdun hippy zelarik artean. Ziggy Stardust pertsonaian sartuta, disko zoragarria kaleratu, sexualitate rolekin jolastuz Ingalaterrako gizarte kontserbadorea aztoratu, genero anbiguotasuna arakatu eta izar bilakatu zen. AEBetara bidaiatu ondoren, drogak xahututako aldia bizi izan zuen, berak plastic soul deitu zuena lantzen zuen bitartean. Lehertzear zela, eta Ingalaterran punk mugimenduaren lehen printzak agertzen ari zirela, Berlinera egin zuen berak, soinu alemaniarrek katigaturik. Brian Enoren gidaritzapean soinu geruzekin, krautrockarekin eta postpunkarekin esperimentatu eta trilogia laudatua ondu zuen (Low, 1977; Heroes, 1977; Lodger, 1979) ; kritiko kontzeptualentzat bere obrarik intelektualena, gailena. Kritikari eta aditu gehienentzat, 1960 eta 1970eko hamarkadetan nabarmendutako artista askorentzat bezalaxe, 1980ko hamarraldia izan zeneskasena sorkuntzari dagokionez Bowierentzat ere. 1983an pop izar izatera jolastu zen Let's Dance komertzialarekin, eta Tin Machine taldearekin rock gogorraren soinuetara itzuli aurretik, heavy rockarekin flirteatuz ere bai, disko hutsal samarrak kaleratu zituen.

Bowieren sormen indar eta energia ez zen garai onenetakoa 1990etan ere. Drum—and—bassarekin jokatu zuen, baleko diskoren bat kaleratu, baina ezer apartekorik ez, duela bi urte, eta hamarkada batez isilik egon ostean The Next Day dotore eta malenkonia ahairekoarekin itzuli zen arte.Hark indarra eta konfiantza eman zion nonbait, eta hilaurrean testamentua sinatu du Blackstar jazz girokoakin.

Azken zuzenekoa

Bihotzak abisu eman zion, eta hark kargu hartu. 2006an egin zuen zuzeneko azken agerraldia, New Yorken —Manhattanenzuen bizitoki egonkorrena azken urteetan, Iman modeloa somaliar eta emazterekin batera—. Euskal Herrian entzuteko aukera askorik ez da izan. Donostiako Belodromoan aritu zen 1997ko uztailaren 17an. Earthling diskoa kaleratu zuen urte horretan, eta bertako kantuak nahastu zituen bere klasiko batzuekin batera. 2004an Bilbora etortzekoa zen, baina sorbaldan min hartu eta bertan behera utzi zuen. Eragin izugarriko artista izan da David Bowie pop eta rock anglosaxoiren munduan; ez ziratekeen gauza bera izango hura gabe ez Madonna, ez Pixies, ez Nirvana, ez The Smiths, ez Joy Division, ez The Cure, ez U2, ez Radiohead, ez Patti Smith, ez Vampire Weekend... Horiek eta gehiagok aitortu diote erreferentzialtasuna, eta azaldu zuten atzo etsipena. Euskal Herriko musikarien artean ere izan du jarraitzailerik, nahiz eta akaso duen itzal zabalegiarengatik ez diren asko izan haren kantuez osaturiko bertsioak. Zaramak Queen Bitch-en bertsioa egin zuen Bostak diskoan (1989) Txakurremea izenburuarekin, eta Capsula hiruko argentinar bilbotartuak, Dreaming Of The Rise And Fall Of Ziggy Stardust And The Spiders From Mars kaleratu zuen 2012an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.