Izarren gaua Mendizabalan

Stray Cats, The B-52's, Deadland Ritual eta Surfbort nabarmendu dira Azkena Rockeko lehen egunean. Social Distortion eta Fu Manchu taldeak iragarri dituzte 2020rako.

Deadland Ritualen kontzertua; ezker-eskuin, Butler, Perez, Sorum eta Stevens. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zerura begira igaro zuen arratsaldea batek baino gehiagok Gasteizen, ostiralean. Eguraldi iragarpenei zuhurtziaz begira, euriaren mamuak artean Mendizabala gainean jarraituko balu bezala. Baina ez zen halakorik gertatu; aitzitik, zeru garbi eta izartsu bat ikusteko aukera izan zuten han bildu zirenek. Izarren gaua izan baitzen Azkena Rocken: zeruan zein agertokian dirdirka ziren izarren gaua.

Gaueko izar nagusiak eguzkiaren azken izpiekin igo ziren agertokira, halere: 21:45ean, puntu-puntuan. Stray Cats taldeak ordurako zain zituen 1950eko hamarkadako rock-and-rolla maite duten milaka jarraitzaile: tupea eta larruzko jakak soinean, erritmoari oinen dantzekin erantzuteko prest. Cat Fight (Over a Dog Like Me) abestiarekin ekin zion emanaldiari hirukoteak. Taldearen 40. urteurrenaren harira argitaratutako 40 izeneko disko berriko kanta izanik, zertxobait apaldu zuen hasierako euforia. Baina berehala egin zuten bat jarraitzaileekin, Runaway Boy eta Stray Cat Strut kantuei esker.

Brian Setzer, Slim Jim Phantom eta Lee Rocker hirukoteak etenik gabeko emanaldi indartsua eskaini zuen. Rockabillyaren erritmo biziari lotuta, kanta zaharrak eta berriak tartekatu zituzten. Ikuskizuna eskaini zuten, eta ia ordu eta erdi iraun zuen kontzertuak. Adina ez da aitzakia hirukotearentzat; esperientzia handiko musikariak dira, eta agertokira igotzen diren bakoitzean erakusten dute hori: badakite publikoa nola bereganatu, eta nola jostatu haiekin. Jarraitzaileek oihu egiten zuten Setzer kontrabaxuaren gainera gitarra eta guzti igotzen zen bakoitzean, esaterako. Phantomek, berriz, bateria zutik jotzen jarraitzen du.

Emanaldiak goia jo zuen etenaldiaren aurretik Rock This Town abestiari esker. Built for sSeed eta Rumble in Brighton abestiekin itxi zuten urteurreneko birako kontzertu biribila. Tartea izan zuten, halere, Misirlou kantuaren bertsio instrumentala jotzeko ere,publikoaren gozagarri; besteak beste, The Beach Boys taldeari eta Quentin Tarantinoren Pulp Fiction filmari esker ezagun bilakatu zen Greziako abesti tradizionala, hain zuzen.

Gaueko beste izarrek ere espero bezain bikain aritu ziren: TheB-52's taldeak ez zuen hutsik egin, eta rockaren alderik esperimentalenaren eta psikodelikoaren erakusgarri direla erakutsi zuten. Europan zehar egingo duten agurreko birari ekin zioten Gasteizen. Kontzertua hasi aurretik taldearen ibilbidea errepasatzen duen argazki bilduma bat erakutsi zuten pantaila handietan; hura amaitu bezain laster igo ziren agertokira musikariak, Cindy Wilson,Kate Pierson eta Fred Schneider kantariekin batera.

Cosmic Thing eta Mesopotamia abestiekin hasi zuten emanaldia, bolumen txikian eta indar txikiarekin, dena esateko. Baina berehala egin zuten gora, bai indarrari dagokionez eta baita jarrera aldetik ere. Adeitsu azaldu ziren, publikoarekin gertutasuna lortu nahian; jarraitzaileek eskertu zuten hori, eta lortu zuten elkarren arteko lotura estutzea; batez ere, Summer of Love eta 52 girls abestiei esker. Saioaren amaiera aldera jo zuten taldearen abestirik ezagunenak: Dance This Mess Around, Love Schack eta Rock Lobster. Txalo zaparrada handi batekin agurtu ziren.

Deadland Ritual, indartsu

Esperientzia handiko eta ibilbide luzeko musikariak zirela jakina zen, baita jarraitzaile fidelak dituztela ere. Bada, agian, horregatik sortu ziren espektatiba handiak Deadland Ritual taldearen kontzertuarekiko. Arratsaldeko azken orduan igo ziren Respect agertokira, eguzkitako betaurreko eta guzti. Giroa bero-bero zegoen ordurako, eta ez zuten pizgarri berezirik behar izan publikoaren erantzuna jaso ahal izateko. Nahikoa izan zen Franky Perez abeslariaren agurra: «Azkenaaa!» oihukatu zuen lehenengo; eta «lagun euskaldunoook!», jarraian. Black Sabbathen War Pigs-en akordeekin eztanda egin zuen Mendizabalak: Perez agertokitik jaitsi zen, eta jarraitzaileen artetik jarraitu zuen abesten.

Eguneko sorpresa Surfbort laukotea izan zen. New Yorkeko laukotearen punk-rockak aho zabalik utzi zuen bat baino gehiago. Zirikatzaile aritu ziren, oldarkor, baina publikoak ere modu berean erantzun zien. Begi onez hartu zuten, halaber, Tropical Fuck Storm Australiako laukotearen rock psikodelikoa ere.

Jendetza pilatu zen jaialdiaren aurreneko egunean: 17.000 lagun baino gehiago bildu ziren Mendizabalan, antolatzaileen arabera. Urteetako ohiturari jarraituz, datorren urteko jaialdiko data eta parte hartuko duten bi talde ere iragarri zituzten: ekainaren 19an eta 20an egingo da 2020ko Azkena Rock, eta Social Distortion eta Fu Manchu dira iragarritako lehen bi taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.