Izerdi kutsuko gau amaigabea

Suede mitikoak zituen buruan ostiraleko kartelak, eta saio apartak ekarri zituen atzetik. Haiekin eta Kasabian, Tv On The Radio zein Vetusta Morlarekin ez zen atsedenerako betarik izan.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Amy Winehousek utzi zuen hutsunea betetzera iritsi zen Suede talde ingelesa BBK Live jaialdiko bigarren egunera. 90eko hamarkadan, erreferente izan ziren britpop eta glam rock estiloan. Ikusleek hasieran hoztasunez hartu zuten, baina, azkenerako, 30.000 pertsona bildu ziren euren emanaldiaren bueltan. Zerrendaburu moduan igo ziren Kobetamendiko agertokira, eta zerrendaburu batek eman dezakeen gisako kontzertua eskaini zuten: kantu arrakastatsuz betea, eta zuzeneko indartsuarekin.

Brett Andersonek argi utzi zuen oraindik sasoian dagoela, eta hasieratik amaierara ikuskizun aparta eskaini zuen. Agertokiko bazter guztiak zapaldu zituen, batzuetan saltoka, besteetan belauniko, baina betiere kantuak indar apartekoarekin eskainiz. So Young, Animal Nitrate, Everything Will Flow eta horrelako klasikoei esker, Kobetamendi dantzan jarri zuten Andersonek eta konpainiak. Beautiful Ones, New Generation, Trash eta horrelako kantuek ikusleen parte hartzea bultzatu zuten. Hamarkada baten ondoren berriz elkartu izana eta euren biran Bilbotik igaro izana gogotik eskertu zuten ikusleek.

Emanaldi gorabeheratsua eskaini zuen, ordea, Kaiser Chiefs taldeak. Arratsalde guztian ateri eutsi zion, baina haien lehen akordeekin batera lehen euri zaparradak iritsi ziren. Tarteka ateri, eta besteetan euri. Euren kontzertua ere halakoxea izan zen: tarteka kantu indartsuak eta ezagunak, besteetan indar gutxiagokoak eta ahulak. Ricky Wilson abeslariak bere gogo eta kemen osoa jarri zuen ikusleen erantzuna jasotzeko, baina setlist-ak laguntzen ez duenean, zaila izaten da hori. Everyday I Love You Less and Less kantuarekin ekin zioten, gogotsu, eta tartean sartu zituzten I Predict a Riot eta Modern Way ezagunak, 2005ean kaleratutako Employment disko arrakastatsuko abestiak denak ere. Lan horrek eman zien sonaz oraindik aprobetxatzen ari direla dirudi, hurrengo diskoetako kantuak jendearengan apenas lortu baitzuen erantzunik.

Kasabian, hautsak harrotuz

Herenegun Kobetamendin izan zen ingelesen nagusitasuna nabarmentzen jarraituz, Kasabianen zuzeneko itzela azpimarratu behar da. Ikusle guztiak dantzan eta saltoka jarri zituzten ordubete iraun zuen emanaldi erogarrian. Rock, indie eta elektronikan oinarritutako doinu indartsuek ez zuten geldirik egoteko aukerarik eman, eta hauts guztiak harrotu zituzten. Club Foot kantuarekin hartu zuten abiadura —2004an argitaratutako Kasabian lehen diskoa zabaltzen du—, eta Where Did All The Love Go? berrienarekin jarraitu zuten martxan.

BBK Liveko agertoki txikira inguratzen ari ziren ikusleak berehala barneratu ziren Kasabianen erritmo bizietara, eta horretan ere laguntza handia izan zuen argiteriak. Taula gainean taldekideek egiten zutena inor gutxik ikusiko zuen, baina ez zuen axola. Shoot The Runner, Underdog, L.S.F. (Lost Souls Forever) eta gisako kantuekin jarraitu zuten aurrera, eta kontzertuari amaiera paregabea eman zioten Fire abestiarekin. Ikusleak hurrengo kontzertura doinu horixe errepikatuz joan ziren.

Britainiarren nagusitasunean, estatubatuarrek ere izan zuten euren txokoa, Tv On The Radio eta The Mars Volta taldeekin. Lehenengoek, euren musika nahasketa bereziarekin, giro aparta lortu zuten, jendearen ezezagutza orokorra gaindituz. Tunde Adebimpe abeslaria ez zen taula gainean oso dinamiko agertu, baina edozein modutan, erantzun ona jaso zuten. Adebimpe ez bezala, Cedric Bixler-Zavala The Mars Voltako abeslaria ez zen geldirik egon une batean ere. Mikrofonoa aurrera eta atzera jostari zuen bitartean, euren emanaldiak ez zuen inor erdibideko iritzietan utzi. Izan ere, rock progresibo eta psikodelikoan oinarritzen den Texasko talde hori gustukoa edo jasangaitza izan baitaiteke.

Ostiraleko beste kontzertu arrakastatsuetako bat izan zen Vetusta Morla madrildarrek eskaini zutena. Un día en el mundo entzutetsuaren ondoren, Mapas disko berria aurkezten dabiltza, eta garbi erakutsi zuten zuzenekoetan ere indarra daukatela. Los días raros kantu apartarekin hasi ziren, eta La cuadratura del círculo kantagarriarekin amaitu. Tartean eskaini zituzten ezagutarazi nahi zituzten beste hainbat abesti. Atsedenerako betarik ez zieten eman ikusleei, gainerako taldeek euren kontzertuetan eman ez zieten bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.