Izuaren munstroa

Tony Vahl zinemagileak Bigarren Mundu Gerraren amaieran Alemanian izan ziren suizidioen gaia jorratu du 'Krux' Sail Ofizialean aurkeztu duen filmean. Benjamin Naishtatek, berriz, 'Glaxo' estreinatu du, Argentinaren iraganari begiratzen dion lana.

Tony Vahl (lehenengo ezkerretik) eta 'Krux' filmako taldea, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Tony Vahl (lehenengo ezkerretik) eta 'Krux' filmako taldea, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
mikel lizarralde
2026ko irailaren 20a
15:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarren Mundu Gerra amaierara iristen ari zenean, eta aliatuen garaipena gero eta agerikoagoa zenean, agintari naziek agindu bat eman zieten Alemaniako herritarrei: abereak hil, uztak erre eta beren buruaz beste egin behar zuten. Agindu horri ez zioten jaramonik egin batzuek, baina herri batzuetan, ordea, suizidio ugari izan ziren. Herrixka horietako batean girotu du Tony Vahl zinemagileak Krux bere opera prima. Gaur goizean aurkeztu du Sail Ofizialean eta Urrezko Maskorra lortzeko lehian sartu da.

«Amonak kontatu zidan behin gorpuak ikusi zituela ibaian», azaldu du gaur prentsaren aurrean Vahlek. «Beldurrezko istorio bat iruditu zitzaidan, baina gero jakin nuen Alemania osoan gertatu zirela halakoak». Horrek bere buruari galdera batzuk egitera bultzatu zuen zinemagilea, eta baita ikerketa lan bat egitera ere. «Jakin nahi nuen zer gertatzen den herri baten arima kolektiboa erortzen denean».

Filmak aztertzen du nola eragin dezakeen beldurrak komunitate batean, eta nola beldur horren eraginez, erabakitzeko ahalmenari uko egiten dioten komunitateko kide batzuek, gehiengoak dioenari segitzeko. «Niri alderdi psikologikoa interesatzen zitzaidan; zer den obedientzia eta zer den ezezagunarekiko izua».

«Niri alderdi psikologikoa interesatzen zitzaidan; zer den obedientzia eta zer den ezezagunarekiko izua»

TONY VAHL Zinemagilea

Filma Alemaniako ipar-ekialdeko herrixka batean dago girotuta. Bertan emakumeak, haurrak eta gizon gutxi batzuk baino ez daude, eta alkateak behin eta berriro errepikatzen die naziak aliatuei gailenduko zaizkiela, eta kasurik ez egiteko azken horiek hegazkinetatik botatzen duten propagandari. Komunitate horretara, baina, izua iritsiko da ibaiak zenbait gorpu eramaten dituenean.

Zinemagileak gerra zuzenean ez erakusteko hautua egin du. «Ez zaizkit asko gustatzen gerra filmak», arrazoitu du. «Ez genuen leherketarik nahi, baina bai erakutsi nahi genuen gerrak aurpegietan eta gorputzetan uzten dituen orbanak».

Krux-ek erakusten du, era berean, sinesmenek zer indar daukaten. Vahlek azaldu duenez, pertsonaia bakoitzak dauka bere erlijioa: «Alkatea nazia da, apaiza, katolikoa; bada sineskerietara gerturatzen den emakume bat. Uste dut gaur egun ere inportantea dela zerbaitengan sinestea, baina gehiengoari jarraitzea hain erraza izanik, askoz inportanteagoa da ahots propio bat izatea».

Filma iraganean kokatuta badago ere, beldurraren mekanismoak gaur egun ere indarrean daudela uste du zuzendariak: «Fake news-ak hor ditugu, eta beldurra ere oso azkar zabaltzen da. Gure gizartearen parte da hori».

Prentsaurrekoan, Vahlekin batera, filmean parte hartu duten aktoreetako hiru izan dira: Frida-Lovisa Hamann, Clemens Schick eta Jella Haase. Azken horrek aitortu du gaur egungo beldurretatik heldu ziola bere pertsonaiari (Greta). «Denok ikusten dugu arriskuren bat, nahiz eta definituta ez egon. Izan daiteke faxismo berria, adimen artifiziala edo klima aldaketa. Baina beldurra unibertsala da, eta horren bitartez konektatu ahal izan dut nire pertsonaiarekin. Gauzatzen ez den arrisku baten aurreko ziurgabetasuna du Gretak». Hala ere, istorioak aurrera egin ahala, Gretaren pertsonaiak galderak egiten dizkio bere buruari, baina baita beste herrikideei ere. «Hizkuntza boterea da, eta Greta galderak egiten hasten denean, berreskuratzen du botere hori eta bere ahotsa aurkitzen du».

Donostiako Zinemaldia. 'Glaxo'
Glaxo filmaren lan taldea, gaur, Kursaalaren kanpoaldean. GORKA RUBIO / FOKU

Trazioa baten istorioa

Tony Vahlen filmak bezala, atzera begiratzen du Glaxo-k, Benjamin Naishtat zinemagileak Sail Ofizialean gaur aurkeztu duen filmak. Argentinaren iraganera hain zuzen ere. Naishtatek traizio baten istorioa kontatzen du, denboran aurrera eta atzera egiten duen kontakizun batean. 1957an, Juan Domingo Peron agintetik kendu duen diktadura militarraren hasieran, polizia komisario bat (Marcelo Subiotto) Chivilcoyra iritsiko da emaztearekin batera (Lali Esposito). Emakumearekin liluratuko dira herriko lau gazte, eta horrek haien etorkizuna baldintzatuko du. 

Hernan Rosinok idatzitako izen bereko nobelaren egokitzapena da Glaxo, baina Naishtatek azaldu du hura moldatzeko orduan «askatasunez» jokatu duela. «Nobelan ikuspuntu gehiagotatik kontatua dago istorioa, eta baita garai gehiagotan ere». Filma, berriz, 1957. eta 1984. urteetan dago girotua, eta sasoi batetik bestera egiten du jauzi.

Glaxo Argentinaren eta Brasilen arteko ekoizpena da, eta azken horretan filmatu zuten, Naishtatek adierazi duenez, zinema babesteko estatu politikak desagerrarazi dituelako Javier Mileiren gobernuak. «Kultura bat eta identitate bat suntsitu dute, baina ez da inolako kultur eztabaidarik egon. Proposatu zezaketen beste kultur politika bat, baina ez da hori ere egon».

«Kultura bat eta identitate bat suntsitu dute, baina ez da inolako kultur eztabaidarik egon. Proposatu zezaketen beste kultur politika bat, baina ez da hori ere egon»

BENJAMIN NAISHTAT Zinemagilea

Ildo berean, Rodrigo Teixeira ekoizle brasildarrak Hego Amerikako herrien arteko elkartasunaren aldeko mezua eman nahi izan du. «Herrialde lagunen zeregina da besteak erreskatatzea haiek arazoekin daudenean. Gaur egun Argentinan gertatzen ari dena guk ere bizi izan genuen gobernu negargarri batek dena suntsitu zuenean», azaldu du Jair Bolsonaroren presidente urteei erreferentzia eginez, eta gaineratu du: «Herrialde batek sufritzen duenean, gu laguntzera joango gara». 

Naishtatek eta Subiottok badakite zer den Donostiako Zinemaldian sarituak izatea. Zinemagileak zuzendari onenarentzako Zilarrezko Maskorra irabazi zuen 2018an Rojo lanarekin —beste bi sari ere eskuratu zituen filmak—, eta Subiottok, berriz, aktore onenarentzako saria irabazi zuen 2023an Puan-ekin -hori ere Naishtatek zuzendua Maria Alcherekin batera-. Gaurko agerraldian biek eskertu dute Donostiako Zinemaldiak Latinoamerikako eta Argentinako zinema ezagutarazteko egiten duen lana, eta bereziki Jose Luis Rebordinos zuzendariak horretan izan duen zeregina azpimarratu dute. 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA