Literatura

Jack London: AEBetako literaturaren lehen izar komertzialetako bat

Astelehenean bete ziren 150 urte Jack London jaio zenetik. AEBetako lehen idazle komertzial arrakastatsua izan zen, eta, oraindik ere, erakarmen handia eragiten dute hala haren testuek nola bizitzak ere.

Jack London idazlea, 'Snark' izeneko bere itsasontzian.
Jack London idazlea, 'Snark' izeneko bere itsasontzian.
Inigo Astiz
2026ko urtarrilaren 18a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

13 urte bete berritan, eskola utzi eta lata fabrika batean egunero hamabi ordu lan eginez hasi zuen bere ibilbide profesional herraria John Griffith Chaney gazte estatubatuarrak, eta, gerora, urteekin, jute fabrika bateko langile, ostra biltzaile, marinel, foka ehiztari, errepidegile eta are urre bilatzaile ez ezik, kazetari eta, batez ere, herrialdeko lehen idazle komertzial arrakastatsuetako bat ere bilakatuko zen, bere lanak Jack London izenarekin sinatuz. Aldizkarietan argitaratu zituen lehen kontakizunak, sos apur batzuen truke, baina 1903an, Oihanaren deia lanarekin, kolpean aldatu zen dena. Egun bakarrean saldu zituzten 10.000 aleak, eta harrera beroa izango zuten haren hurrengo lanek ere. Letagin zuri, Martin Eden eta The Sea Wolf eleberriak ere idatzi zituen, esaterako, bai eta kritikariek goi mailakotzat dauzkaten hainbat ipuin ere. Baina abentura liburuekin famatu egin arren, zientzia fikzioaren aitzindari ere izan zen, eta arrasto sakona utzi zuen ondorengo belaunaldietako idazleengan. 40 urte baino ez zituela hil zen, morfina gaindosi baten ondorioz, eta, halere, fikziozko eta ez-fikziozko 50 liburu inguru idazteko tartea izan zuen. Astelehenean bete ziren 150 urte Jack London jaio zenetik, eta oraindik ere erakarmen handia pizten dute hala haren nobelek nola haren bizitzak ere.

Haren figurak aldi berean uztartzen ditu gizartean gora egiteko amets amerikarra eta gizonezko sortzaile abenturazalearen ideal erromantikoa. Eta, hain zuzen ere, idazleak figura hori nola elikatu zuen aztertzen du Jonathan Auerback literatur ikerlari estatubatuarrak 1996an argitaratutako Male Call. Becoming Jack London izenburuko ikerketa biografikoan. Adituaren hitzetan, Londonen sasoian aldizkari eta liburu merkatuak bizi zuen loraldiarekin lotuta dago idazlearen arrakasta. Benetakotasuna, fama, indarra eta nortasuna eskatzen zituen industriak, eta, Auerbackek dioenez, eskari horiek bete ahal izateko egokitu zuen idazleak bere pertsonaia publikoa ere.

Bere liburuen arrakastak aberastu ostean, Snark izeneko itsasontzia erosi, eta itsasoz itsaso abiatu zen idazlea. The Cruise of the Snark liburu ilustratuan kontatzen ditu Pazifikoan nabigatzen ari zela bizitakoak, eta, bertan, naturaren indar bortitzenen artean deskribatu zuen bere burua, argitalpenerako idatzitako hitzaurrean. «Hara hemen non nagoen, gizon izeneko animalia txiki bat: bizitasun tantadun 77 haragi eta odol kilo, nerbioak, tendoiak, hezurrak eta garuna, dena suabea eta leuna, mina sentitzeko kapaza, hutseginkorra eta hauskorra... Ur azpian burua bost minutuz sartuz gero, ito egiten naiz. Sei metrotik behera erori, eta birrindu egiten naiz [...] Hutseginkorra eta hauskorra, gelatina bezain dardartia den bizitza apur bat: horixe naiz. Nire inguruan daude naturaren indar handiak, mehatxu kolosalak, titan suntsitzaileak; sentimendurik gabeko munstroak dira, zeintzuentzat oinarekin zapaltzen dudan hondar alea baino gutxiago bainaiz [...]. Ez dute kontzientziarik eta ez errukirik eta ez moralik. Zikloiak eta urakanak dira, ekaitzak eta dilubioak, enbatak eta itsasikarak [...] Eta zentzurik gabeko munstro horiek ez dute gizonek Jack London deitzen duten eta bere burua izaki perfektu eta are gailentzat daukan izaki ñimiñoari buruzko arrastorik ere. Titan boteretsu eta erraldoi horien labirinto gatazkatsuan bilatu beharra dut nire bide ziurgabea».

Voltaireren, Tolstoiren, Edgar Allan Poeren eta Herman Melvilleren kasuan bezala, Londonen kasuan ere, hark idatzitakoek ez ezik haren bizitzak ere irudimena pizten duela dio Fernando Savater idazle eta pentsalari donostiarrak The Star Rover liburuari idatzitako hitzaurrean, eta literaturaren historiako «pertsonaiarik sinpatikoenetako bat» dela ere gehitzen du.

1915ean idatzi zuen Londonek lan hori, eta, Savaterren hitzetan, haren lan gorenetako bat da. Aitzindaritzat dauka obra filosofoak, eta, onartzen duenez, benetan bide urratzaileak diren lan guztiek bezala, Londonenak ere akatsak ez ezik «deformitate» batzuk ere baditu. «Ipuin fantastiko bat da, boterearen abusuei buruzko kritika sozial bat, abentura nobela bat, gure patuari buruzko gogoeta metafisiko bat, giza irudimenaren aldeko kantu bat, bai eta askatasunaren eta kuraiaren aldarrikapen bat ere».

Darrell Standing da liburuko protagonista, hiltzera kondenatuta dagoen pertsonaia bat. Hilketa egotzita, San Quentingo espetxean daukate preso, eta, bertan, «jaka» izeneko tresna batekin torturatzen dute espetxezainek. Baina, muturreko egoera horretan, izarren artean herrari ibili eta iragandako bizitza zatiak bizitzeko modua topatzen du Standingek. Eta oinazea eta irudimena uztartzeko duen modua da, hain zuzen ere, Savaterrek goraipatzen diona. «Literatur lan gutxik lortzen dute lotzen gaituen zama eta infinitu egiten gaituen boterea fisikoki eta, are, ia mingarriki sentiaraztea obra honek bezala».

Sozialista, «tenkada» faxistekin

Bizirik zela, behin baino gehiagotan egin behar izan zien aurre plagio eta arrazismo salaketei, eta militante eta alderdikide sozialista izan bazen ere, haren darwinismo soziala ere nabarmendu izan dute hainbat ikerlarik. George Orwell idazleak, esaterako, haren «indar fisikoarekiko eta bortizkeriarekiko zaletasuna, ‘aristokrazia naturalean’ zuen fedea, animaliekiko sentitzen zuen gurtza eta primitibotasunaren gorapenak» kontuan hartuta, «tenkada faxista bat» identifikatu uste izan zuen Londonengan.

Haren lanek Euskal Herrian izan duten harrerak ere eman dezake Londonen arrakastaren maila. Izan ere, nazioarteko beste idazle gutxik bezainbesteko presentzia du euskal letretan ere. Besteak beste, euskaraz irakur daitezke Oihanaren deia, Letagin zuri eta Adan baino lehenago eleberriak, Txinagoa antzezlana eta bestelako hamaika ipuin eta kontakizun bilduma ere. Are gehiago. The Call of the Wild liburua da Londonek gurean izan duen arrakastaren erakusgarririk argiena, hainbatetan eta hainbat formatutan euskaratu baitute.

Gerora Letagin zuri liburuan egin bezala, liburu horretan ere txakur bat hautatu zuen Londonek protagonistatzat: Buck. Iletsua eta indartsua izanik, egun batetik bestera bere etxea atzean utzi, eta Alaskarako bidean ikusiko du bere burua, hara urre bila doazen gizakiekin batera. «Buckek ez zuen egunkaririk irakurtzen. Bestela jakingo zuen, noski, zenbait gizon beraren eta bere antzeko zakurren bila zebiltzala. Zakur indartsu eta iletsuen bila. Artikoan ibilian-ibilian gizonek metal hori bat aurkitu zuten. Geroztik, itsas enpresek eta bestek berri hori zabaldu zutenerako, milaka eta milaka abenturazale abiatu ziren ipar aldera. Gizon hauek zakurrak behar zituzten. Zakur etsiak, indartsuak lan egiteko eta bazter haietako hotza etsitzeko iletsuak».

Guillermo Etxeberriak itzulita eman zuen argitara Hordago argitaletxeak lehenengoz, 1979an, Oihanaren deia tituluarekin. Iñaki Mendigurenek Basatasunaren deia izenburuarekin kaleratu zuen haren bertsio egokitu bat 1993an. Josu Zabaletak, berriz, Basabizitzaren deia izenarekin eman zuen argitara 2014an, eta, 2019an Booktegi argitaletxeak formatu digitalean berreskuratu zuen Bucken bidaiaren berri ematen duen Guillermo Etxeberriaren itzulpena. Londonen lanek eskuz esku jarraitzen baitute, hura jaio eta mende eta erdira ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.