Artea

Ezberdinen arteko elkarrizketa, bakoitzaren artea aberasteko

Euskal Herriko eta nazioarteko hamasei sortzaile hasiberrik bi hilabeteko ikastaroa egingo dute Artiumen, Tabakaleran eta Oteiza museoan, JAI programaren barruan. Iaz halako hiru izan dira hautagaiak.

JAI programaren arduradunak eta parte hartzaileak, gaur, Artium kanpoaldean. BERRIA
JAI programaren arduradunak eta parte hartzaileak, gaur, Artium kanpoaldean. BERRIA
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko uztailaren 2a
13:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Jardun Artistikoen Institutuaren (JAI) ikasketa programaren seigarren aldia gaur abiatu da. «Esan dezakegu eskola egonkortua dela», ospatu du Olatz Otalora programaren tutoreetako batek. Datuak ere eman ditu: 140 eskakizun jaso dituzte, iazkoak ia halako hiru; «txostenetan aurkeztutako artelanaren interesaren eta kalitatearen, eta helburuen egokitasunaren arabera» galbahea pasatu, eta hamasei hautatu dituzte. Aurtengoekin, 80 sortzaile hasiberriri prestakuntza emango diete.

«Harritu egingo zarete hemen topatuko duzuenarekin», iragarri die Gregorio Diaz Oteiza museoko arduradunak sortzaileei, ongietorria emateko Gasteizko Artium museoan egindako ekitaldian. «Oasi txiki bat da hau. Elkarbizitza oso aktiboa izango duzue, eta zuen artearen aberastasuna garatzeko baliagarria izango zaizue».

Euskal Herriko eta nazioarteko hamasei lagunek hartuko dute parte aurten ere ikasketa programan. Talde parekidea da sexuari dagokionez, eta askotarikoa jatorriaren, adinaren eta diziplinaren arabera. Parte hartzeko aukera izatea «ohorea» dela esan dute irekiera ekitaldiaren ostean izandako otamenean, eta eragileen eta irakasleen sona eta ezagutza goraipatu dituzte.

«Oasi txiki bat da hau. Elkarbizitza oso aktiboa izango duzue, eta zuen artearen aberastasuna garatzeko baliagarria izango zaizue»GREGORIO DIAZOteiza museoko arduraduna

Artiumen hartuko dituzte lehen lezioak. Ikusgai dauden Chantal Akermanen eta Josu Bilbaoren erakusketak baliatuko dituzte hainbat artista eta diziplinaren arteko elkarrizketak sustatzeko. Uztailaren 21etik aurrera, Tabakalerara lekualdatuko dira. Han, partaide bakoitzak bere ideia garatzeko aukera izango du; horretarako, egonaldi bat ere egingo dute Altzuzan (Nafarroa), bertan baitago Oteiza Museoa fundazioa. «Pintura lantzen duten sortzaileek, ikus-entzunezko ekoizleek, idazleek... bat egingo dute. Ezberdinen arteko elkarrizketa behartu nahi dugu, artearen forma ezberdinak ezagutarazteko eta jakinduria paisaia aberasteko», laburbildu du Itziar Okariz JAI programaren beste tutoreetako batek. Abuztuaren 29an bukatuko da formakuntza.

Irakasleen taldea «indartu» egin dutela azpimarratu du Alejandro Cesarco hirugarren tutoreak. Aurten sei izango dira irakasleak, berriak denak: Josu Bilbao, Fermin Jimenez eta Maider Lopez euskal artistak ez ezik, Marwa Arsaniosek, Claire Athertonek eta Eric La Casak jardungo dute mentore gisa; artista horiek guztiek parte hartu dute JAI programa antolatzen duten hiru guneetako programetan. Tutore taldeko kide dira, berriz, Olatz Otalora, Itziar Okariz, Alejandro Cesarco eta Ibon Aranberri artistak.

Artea eta artistak gurutzatzea

«Zergatik JAI? Zergatik horrela?», galdetu du Aranberrik. Bi adar bereizi ditu: alde batetik, jakintza. «Zehazki, jakintza partekatua, eta baita jakintzaren transmisioa ere. Badago joera bat artearen pedagogia kokatzeko testuinguru programatiko eta teorikoetan, eta iruditzen zaigu praxiaren bidezko ikasketa ez ote den bigarren plano batean geratu. Artistak gurutzatzea eta ariketak praktikatzea da helburua». Eta, bestetik, «geografia propioa» deitu duena litzateke bigarren adarra. «Inguruan hainbat instituzio, programa, iniziatiba... ditugu. Izaera komun bat dute, baina programa horiek gurutzatzea falta da. Horretara dator JAI».

Oteiza museoarentzat JAI programaren kide izatea «oso garrantzitsua» dela ere esan du Diazek. «Jorge oso pozik egongo litzateke». Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariak eta Clara Montero Tabakalerako Kultura zuzendariak ere esker oneko hitzak izan dituzte aurkezpenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.