Aurrekontuak egiterako hartua zuen aurten jaialdientzako laguntzak eteteko erabakia Eusko Jaurlaritzak, baina orain izan dute horren berri jaialdi horietariko antolatzaile askok. Eta hain zuzen ere laguntzak kentzeko erabakia “abisurik eman gabe” egin dela kritikatu du EH Bilduk. Koalizioaren ustez, Jaurlaritzaren politikak “makroproiektuak” sustatu eta oinarrizko kultura kaltetzen du, eta jaialdientzako laguntzak berreskuratzeko legez besteko proposamena aurkeztu du horregatik. “Oinarrizko kulturaren kalteatan hartutako erabaki onartezin eta ulertezina da”.
Gasteizko legebiltzarreko prentsa aretoan egin du salaketa Estitxu Beñas EH Bilduko parlamentariak, eta erabakiak kaltetutako hainbat udaletako alkate eta zinegotziak izan ditu ondoan. Azaldu dutenez, Jaurlaritzaren erabakiak “arriskuan” jartzen du Euskal Herriko hainbat jaialdiren jarraipena.
Donostia 2016ren "albo kaltea"
Orotara, 350.000 eurokoa izan zen iaz partida, eta Beñasek azaldu duenez, beste partida batzuetara bideratu du gobernuak diru kopuru horren zati bat. Ez du zehaztu nora parlamentariak, baina jaialdien laguntzak eteteko erabakia Donostiaren Kultur hiriburutzaren “albo kalte bat” izan ote daitekeen galdetu du Amaia Almirall Donostiako zinegotziak. Argibide gehiago eskatu ditu koalizioak, eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean.
BERRIA egunkariak aurreko astean aipatu zuenez 60 izan ziren iaz laguntza irekirako deialdia jaso zuten jaialdiak. Dantzan.eus atarian ikus daiteke zerrenda z ehatza. Bertan ageri direnetariko batzuek lortu dute Jaurlaritzarekin zuzeneko hitzarmena egin eta urteko kontuak konpontzea, baina jaialdia amaitu ostean jakin dute beste batzuek aurten ez zutela laguntzak jasotzeko aukerarik izango.
Deialdi irekia, klabe
Deialdi irekia izan dute orain arte laguntza horiek, eta Kultura Sailaren hitzetan, horrek ekarri ditu jaialdietako antolatzaileak abisatzeko zailtasunak. Deialdia irekia izenik, printzipioz, ezin baita jakin laguntza nork eskatuko duen. Hala, bileraz bilera eman diete albistearen berri jaialdi batzuetako antolatzaileei, baina zenbaitek sare sozialen bidez jakin dute. Zeharka, eta behin jaialdia egin ostean.
EH Bilduren salatu duenez, Jaurlaritzak gaizki jokatu du sektorea eta kultur eragileak ez abisatuta. “Beste jende baten bidez edota sare sozialen bidez izan dute albistearen berri”, kritikatu dute.