benat sarasola
Lauhazka

Jakin-mina

2026ko urtarrilaren 11
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ziur aski, aita zenak eman zizkidan gauzen artean gehien estimatzen dudana. Umetan albokoa gogaitzeraino aritzen omen nintzen hau eta bestea galdezka: eta hau zergatik?, eta beste hori zergatik? Haur gehienek egiten duten moduan, alegia. Baina, zorionez, sarri gertatzen denaren kontrara, nireak asebete gabe jarraitzen du berrogeiak igarota ere. Espero dut halaxe segitzea beste berrogei urtez.

Gauzak esplikatzeak ez du ospe onik azken boladan. Mansplaining-ek eta bestelako -plaining-ek atezuan jartzen gaituzte beti eta muturra okerrarazten, baina oker genbilzke jarrera horien arazoa azalpenetan dagoela uste bagenu eta ez parekoaren gainetik jartzeko keinuan. Hots, arazoa man-ean dagoela splaining-ean bainoago. Parekoaren gainetik jartzeko moduak askotarikoak dira, batzuk bortxazkoak, beste batzuk sotilagoak, eta horietako bat gehiago besterik ez da pulpitutik gauzak esplikatzen aritzea. Alabaina, bizitza honetan gauza gutxi dago eskuzabalagorik hurkoari —pulpiturik gabe, noski— dakizun zerbait esplikatzea baino. Eta ez naiz ari gauza praktikoetarako ematen diren azalpenez, baizik eta jakin-min hutsa asebetetzeko ematen diren horietaz. Bestea aintzat hartzeko modu bat, hemen naukazu esateko modu bat; to, debalde ematen dizut nire denbora eta nik dakidan apurra, inolako gibel-interesik gabe. Maitatzeko modu bat, finean. Hezkuntzaren desprestigioaz ari garenean, horretaz ere ari garela esango nuke.

Zilborraren gizarte honetan sinetsarazi digute inor ez dela nor guri ezer esplikatzen ibiltzeko. Jacques Lacanek aspaldi kritikatu zituen ego-psikologiak, arazo guztien irtenbidea autoestimua indartzea dela uste duten horiek, baina egun ez zaigu besterik ailegatzen, sinetsita gaude norbere egoa bridarik gabe puztuta askoz ere zoriontsuagoak izango garela. Geroz eta gehiago kostatzen zaigu besteari aitortzea guri ezer esplikatzeko zilegitasuna. Berehala galdetuko dugu: barkatu, baina nondik ari zara azalpen horiek ematen, zein uste duzu zarela? Norbere burua gehiegi maitatzearen ajea: besteren maitasun keinuak mehatxu gisa ulertzea. Edo beste modu batera esanda: hurkoa maitatzeko ezgai izatea.

Jakin-minak bestearekiko, ezezagunarekiko, ezagutzen ez denarekiko irekidura bat eskatzen baitu; neurri batean, zeure burua ahul, ezjakin aitortzea, eta garaiak ez daude aitorpen horiek egiteko. Gauzekiko kuriositateak, maiz, zeure burua harritzera eramaten baitzaitu, inoiz imajinatuko ez zenukeen gai baten inguruan galderak egitera. Ni ere hau naiz, beraz, esango bazenu bezala. Edo, hobe, ni ere hau izan ninteke. Jakin-mina duenaren kontrakoa ez baita ezjakina, aurreiritzi zalea baizik: gauzak jakitearen bide sarritan nekosoa sistematikoki ekiditen duena eta lehen kolpeko aurreiritziekin aski duena. Eta, noski, jende-modu horrek ez du nahi izaten bere burua kolokan jarri. Nahikoa du betikoa errepikatzen ibiltzearekin, buruan dituen lau dilista horiekin (Atxagak esango lukeen bezala) guztiaren inguruan pentsatzeko. Jakin-mina duenak, aldiz, prest egon behar du espero gaberako, lehendik zituen ideiak itzulikatzeko.

Mundu zabalean barreiatuak dauden coach eta bestelakoek dakigunarekin aski dugula konbentzitu gaituzte edo, deskuiduan ez bada hala, makinari galdetzea besterik ez dugula. Jakintzaren demokratizazioa dela diote batzuek, baina solipsismoaren apologia besterik ez dut ikusten nik. Ez dugu inoren beharrik: gu bakarrik, gure ego erraldoiekin eta eskura ditugun makinekin, aski eta sobera dugu bizitzari aurre egiteko.

Hezkuntzan, aspaldi da ikasgai magistralak deabrutu direla, baina irakasle on bat izan duen edonork daki zenbat jasotzen duzun orduak eta orduak taxuzko diskurtso bat entzunda; zenbat jasotzen duzun zentzu guztietan, ez soilik (ez batez ere) «bizitzarako ikasgai praktikoak» ikasteari begira

Onura asko dakartza autodidakta izateak, baina gauza bat da norbere bidea eginez eta esperimentatuz ikastea eta beste bat ikasteko modu zilegi bakarra hori dela sinestea. Hezkuntzan, aspaldi da ikasgai magistralak deabrutu direla, baina irakasle on bat izan duen edonork daki zenbat jasotzen duzun orduak eta orduak taxuzko diskurtso bat entzunda; zenbat jasotzen duzun zentzu guztietan, ez soilik (ez batez ere) «bizitzarako ikasgai praktikoak» ikasteari begira. Haatik, tamalez, hezkuntza geroz eta gehiago ari gara horretara mugatzen. Zer pentsatua eman beharko liguke nola gaitzesten ditugun gizaki batek ematen dituen ikasgai magistralak eta nola besarkatzen eta akritikoki onartzen algoritmo bidezko edozein erantzun hotz.

Jakin-nahia bizinahiaren aldaera bat baita finean, eta ez nintzateke fidatuko hura ebasten badigute —dela haren praktikotasunaren izenean, dela makinak gure duda oro ebatziko omen digulako— geratuko litzaigukeen bizimoduaz eta mundu moduaz. Gauza bat leziatzea baita eta beste bat esplikatzea. Ez diezaiogula lehenaren larderia baztertzeagatik bigarrenaren onginahiari uko egin.

Rembrandt Harmenszoon van Rijnina margolariaren 'Nicolaes Tulpen Anatomia lezioa' koadroa. EFE
Rembrandt Harmenszoon van Rijnina margolariaren 'Nicolaes Tulpen Anatomia lezioa' koadroa. EFE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.