Jamaikako Protoje izango da Jamrock reggae eta hip hop jaialdiko izar nagusia

Gaur eta bihar egingo da festibala, Donostian. Mellow Mood, Irie Angel, Hermano L, Tosko eta Sister Awa ariko dira, besteak beste

Protoje Jamaikako reggae berriaren ikur nagusietako bat bilakatu da. BERRIA.
mikel lizarralde
Donostia
2017ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Herrian ez ezik, inguruetan ere egiten den areto barruko reggae eta hip hop festibal garrantzitsuena bilakatzeko xedea dauka Jamrock Fest jaialdiak, eta seigarren ekitaldi honetan urrats inportantea egingo du bide horretan. Revolutionary Brothers taldeak antolatu du jaialdia hasieratik, baina orain arte musika eskaintza egun bakarrean izaten zen, eta aurten hiru eguneko programazioa antolatu du. «Aldi hau garai berri baten hasiera izango da; Revolutionary Brothersi eman nahi diogun dimentsio aldaketa batena». Unai Martinez taldeko kideak adierazi ditu aurrera begirako asmoen zertzeladak: «Konprometituagoa, eta antolakuntza aldetik, handiagoa. Jamrock hau hurrengo ekitaldietan etorriko denaren lehen urratsa dugu».

Kontzertuak bi egunetan bilduko dituzte, gaur eta bihar, eta bigarrenean ariko da jaialdiko izenik ezagunena: Protoje abeslari jamaikarra (Saint Elizabeth, 1981). Reggae revival-aren izen handienetakoa bilakatu da Oje Ken Ollivierre —hori du izena—, eta oihartzun kritikoa ez ezik, arrakasta komertziala ere erdietsi du 2005ean bere lehenengo mixtape-a osatu zuenetik. Protoje ez da bakarrik izango Donostian. Inondik ere. Indiggnation Band talde jendetsua —hamabost lagunek osatzen dute— izango du oholtzako kide. «Iberiar penintsula osoan soilik gau honetan joko dute, eta ohore handia da guretzat Jamrocken aritzea».

Protojerekin batera, nazioartean ezagun egin edo egiten ari diren hainbat artista ariko dira bihar Gazteszenan. Italiatik iritsiko da Dub Files proiektua, Paolo Baldinik eta Mellow Mood bikoteak osatutakoa. «Zuzeneko erritmoak eta lau abeslari nahasten dituen ekoizlea da Baldini. Eta abeslari horietako bi Mellow Mood taldeko bikiak dira». Sista Awa kantari senegaldar-italiarra oso gaztea da —1996an jaio zen—, eta reggae, hip hop eta soul moldeetan aritzen da. «Proposamen berria da, diziplina anitzekoa, freskoa... proiekzio handikoa». Sustrajah Band, King Consul eta Revolutionary Brothers taldeak berak osatuko dute larunbat gaueko euskal ordezkaritza.

Biharkoak bezala, gaurko kontzertuak ere Gazteszena aretoan izango dira. Gau hori «estatuko eta tokian tokiko» reggae eta hip hop gaua izango da, antolatzaileen arabera. Hala, All Stars Showcase antolatu dute lehendabizi, «bertako gazteek euskaraz nahiz gaztelaniaz mikrofonoaren aurrean duten gaitasuna erakusteko». Zehazki, hauek ariko dira: Gustab, Ras Lujah, Sista Eider, Bojaman, Beñaranks, Peca eta Samu.

Horien ostean igoko dira oholtzara Hermano L, Tosko, Lasai, Irie Angel eta Revolutionary Brothers: «Hermano L-k hogei urteko ibilbidea du, eta erreferentzia eztabaidaezina dugu. Tosko rapetik gertuago dago; hitz oso sozialak eta pertsonalak ditu, eta gazteek oso gustuko dute. Lasai, bestalde, hainbat estilo jorratzen dituen reggaearen ahotsik moldakorrenetako bat da».

Jaialdiari hasiera emateko, atzo, hitzaldi bana eman zuten Revolutionary Brotherseko kideek eta GanJazz elkarte kanabikoak, Tabakaleran.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

http://revolutionarybrothers.com/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.