2017an, Urrezko Maskorra irabazi zuen James Franco zuzendari estatubatuarrak, The Disaster Artist filmarekin. Zinemaldiko antolatzaileek gaur goizean jakinarazi dutenez, Sail Ofizialerako aukeratu dute haren azken lana ere: Zeroville. Literatur lan baten egokitzapena da, Steve Ericksonen izen bereko eleberriarena. Hollywoodeko giro aldakorrean dago kokatuta istorioa, eta Franco bera ez ezik, Megan Fox, Seth Rogen, Will Ferrell, Jacki Weaver eta Dave Franco ere badira aktore nagusiak.
Orain arte Zinemaldian inoiz lehiatu gabeko sei zuzendariren lanak ere izango dira aurtengo Sail Ofizialean: Adilkhan Yerzhanoven A Dark-Dark Man, Ina Weisseren Das Vorspiel, Louise Archambaulten Il pleuvait des oiseaux, David Zonanaren Mano de obra, Gillaume Niclouxen Thalasso eta Jose Luis Torres Leivaren Vendrá la muerte y tendrá tus ojos.
Ohi bezala, Zinemaldia pixkanaka ari da jakinarazten zer film izango diren aurten ikusgai. Gaur goizean iragarri dituen zazpi lanez gain, Urrezko Maskorra irabazteko lehian ariko diren beste hiruren berri ere eman zuen orain pare bat aste. Horien artean dago Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren La trinchera infinita, bai eta Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra eta Belen Funesen La hija de un ladrón ere.
Daniel Sanchez Arevaloren Diecisiete filmak lehiaketaz kanpo parte hartuko du, eta Sebastian Borenszteinen La odisea de los giles lanak emanaldi berezia izango du. Irailaren 20tik 28ra izango da aurtengo Zinemaldia, eta Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmen izenak hurrengo asteetan jakinaraziko ditu Zinemaldiak.