«Ezingo al luke aurrena dantza egin eta gero pentsatu?», galdetzen du Estragonek Samuel Becketten Godoten esperoan antzezlanean (1952). «Izan ere, horixe da ordena naturala», eransten du Pozzo pertsonaiak. James Marsh zinema zuzendari ingelesa pasarte horretatik abiatu da Beckett antzerkigile irlandarraren bizitzari buruz egin duen filma izendatzeko: Dance First. Donostiako 71. Zinemaldiko amaierako filma izango da. Sail Ofizialean emango dute, lehiaketatik kanpo.
Marshek dokumentalik onenaren Oscar saria irabazi zuen 2009an, Man on Wire lanarekin. Dokumental horretan, kontatu zuen Philippe Petit funanbulista nola igaro zen New Yorkeko Dorre Bikietako batetik bestera alanbre baten gainean, baimenik izan gabe. Haren lehen film luzea, Wisconsin Death Trip dokumentala, Donostian erakutsi zuen, 1999an, Perlak sailean; Fipresci sariaren aipamen berezia jaso zuen.
Azken urteetan, Shadow Dancer thrillerra (2012), The Theory of Everythingbiopic-a (2014) eta The Mercy abentura filma (2018) zuzendu ditu Marshek, besteak beste.
Dance First lanean, Becketten bizitzako zati ugari kontatuko ditu: Parisen bizi izan zenekoa, Bigarren Mundu Gerran borrokatu zenekoa, James Joycekin zuen laguntasuna eta antzerki absurdoaren ikur bilakatzeko bidea, esaterako. Idazleak Literaturako Nobel saria irabazi zuen 1969an.
Filmeko protagonistak Gabriel Byrne eta Sandrine Bonnaire dira. Byrnek, besteak beste, pelikula hauetan lan egin du: Miller's Crossing (Joel Coen, 1990), The Usual Suspects (Bryan Singer, 1995), Le capital (Costa Gavras, 2012) eta Hereditary (Ari Aster, 2018). Hark jokatuko du Becketten rola.
Suzanne Dechevaux-Dumesnil emaztearena egingo du, berriz, Bonnairek. Frantziako zineman, lan nabarmen ugari egin ditu: À nos amours (Maurice Pialat, 1984), Sans toit ni loi (Agnes Varda, 1985) eta La cérémonie (Claude Chabrol, 1995) filmetan, baita L'événement berriagoan ere (Audrey Diwan, 2021).
Donostiako 71. Zinemaldiko amaiera galarako sarrerak irailaren 4an jarriko dituzte salgai.
Hamar film lehian
Irailaren 22tik 30era egingo dute jaialdia, eta dagoeneko jakinarazi dute zein filmekin abiatuko den: Hayao Miyazakiren Kimitachi wa do ikiruka animaziozko lan berria —eta azkena, zinemagileak esan izan duenez— pantailaratuko dute Sail Ofizialean inaugurazio ekitaldiaren ondoren, hura ere lehiaketatik kanpo.
Oraingoz, Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian izango diren hamar pelikularen berri eman dute: Maria Alche eta Benjamin Naishtat zinemagileen Puan, Jaione Cambordaren O corno, Robin Campilloren L'île rouge, Isabel Coixeten Un amor, Isabel Hergueraren El sueño de la sultana, Raven Jacksonen All Dirt Roads Taste of Salt, Joachim Lafosseren Un silence, Noah Pritzkerren Ex-Husbands, Cristi Puiuren MMXX eta Martin Rejtmanen La práctica dira horiek. Datozen egunetan jakinaraziko dute zein filmek osatuko dute saila.