Hezur-haragizko aktoreek ez, animaziozkoek inauguratuko dute aurten Donostiako Zinemaldia: Hayao Miyazaki (Tokio, 1941) zuzendari japoniarraren Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy and the Heron filmak emanen dio hasiera jaialdiaren 71. aldiari. Festibala irailaren 22an abiatuko da, eta, hain justu ere, orduantxe emanen dute Miyazakiren lana, inaugurazio ekitaldiaren ondotik, Kursaal auditoriumean. Aldez aurretik, Zinemaldiak hiru aldiz eman du zuzendari horren filmen bat zikloan: 2002an, Chihiroren bidaia eman zuten; 2009an, Ponyo itsaslabarrean, eta 2013an, Kaze Tachinu / The Wind Rises. Ordea, Miyazaki aurten izanen da lehenbiziko aldiz Sail Ofizialean; filma lehiaketatik kanpo emanen dute.
Orain hilabete estreinatua da Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy and the Heron filma, Japonian, baina Donostiakoa izanen da Europan emanen den aurreneko aldia. Izatez, Miyazakiren azken lana estreinaldi kanpaina aski bitxia ari da izaten. Japonian uztailaren 14an estreinatu izanagatik, ez da filmeko irudirik plazaratu, ez eta trailerrik argitaratu ere. Kartela baizik ez da zabaldu.
Misterioa gorde nahiak, baina, ez du batere apaldu filmaren gaineko ikusmina: kontrara, are eta gehiago piztu du. Izan ere, Miyazaki egungo animaziozko zinemaren erreferente nagusietako bat da, dudarik gabe. Chihiroren bidaia (2001) da haren lan ezagunenetako bat –Oscar saria irabazi zuen–, baina beste askok ere lortu dute aparteko arrakasta. 1985ean Isao Takahatarekin Studio Ghibli sortu, eta hainbat film zuzendu ditu ordutik, hala nola Tenku no Shiro Rapyuta / Castle in the Sky (1986), Tonari no Totoro / My Neighbor Totoro (Totoro auzokidea, 1988), Majo no TakkyÅ«bin / Kiki's Delivery Service (1989), Kurenai no Buta / Porco Rosso (1992) eta Mononoke-hime / Princess Mononoke (1997).
Donostiako Zinemaldiak iragarri duenez, irailaren 4tik aitzina erosten ahalko dira Miyazakiren azken lana ikusteko sarrerak.