Erdi jolasean eta erdi amorruz jauregi baten leihoko kristala apurtzeko jaurtitako harri baten pareko zerbait, horixe izan ziren Jasper Johns artistaren margolanak 1950eko hamarkada amaieran. Espresionismo abstraktua zen nagusi orduan, eta harekin talka egiteko margotu zituen Johnsek bere bandera, mapa eta zenbakiak. Eta apurtu egin zen kristala. Pop artearen, arte kontzeptualaren eta arte minimalistaren aitzindaritzat jotzen dute adituek, baina hasierako lan horiek ez ezik, sortzaileak hurrengo zazpi hamarkadetan egindako ibilbidea ere biltzen duen 140 artelan inguruko erakusketa antolatu du Bilboko Guggenheim museoak. Artistak 96 urte ditu gaur egun, eta, ezin izan den arren erakusketaren aurkezpenean egon, museoko arduradunek zehaztu dutenez, harekin «elkarlan estuan» aritu ahal izan dira. Erakusketari Jasper Johns. Night Driver jarri diote izena, bigarren solairuko sei areto hartzen ditu guztira, eta urriaren 12ra arte egongo da zabalik.
«Sasoi hartan, artearen esparruan, probokazio eta txiste moduko bat zen banderak margotzea». Enrique Juncosak egin ditu komisario lanak, eta, ezinbestean, artistaren bandera ezagunekin hasi du ibilbide kronologikoa. Baina, Juncosaren hitzetan, alde batera utzi behar dira Johnsen banderen margolanei buruzko interpretazio politikoak. «Erraz errekonozitzeko moduko irudiekin lan egin nahi zuelako aukeratu zituen banderak, zenbakiak eta ituak», azaldu du. «Agian beste bandera batzuekin ez da hori gertatzen, baina AEBetako bandera mundu guztiak ezagutzen du, eta halako banderak margotu zituen noiz-eta figurazioa aberraziotzat eta higuingarritzat jotzen zen garaian. Erreakzionarioa zen figurazioa orduan, eta horri aurre egin zion Johnsek. 'A, bai?', esan zuen, 'ba ikusiko duzue'».
Eta komisarioaren hitzetan, debate estetiko eta formal horrekin lotu behar da Johnsek banderak margotzeko hautua egin izana. Baina bada salbuespen moduko bat. Izan ere, Juncosak gogoratu duenez, Vietnamgo gerraren aurkako mugimendu nagusietako batek kartel bat egiteko irudia eskatu zion behin artistari, eta koloreak aldatuta zeuzkan AEBetako bandera bat bidali zien hark. Komisarioaren hitzetan, bere herrialdea ere nolabait erratuta zegoela adierazi nahi izan zuen Johnsek horrela.
«Erraz errekonozitzeko moduko irudiekin lan egin nahi zuelako aukeratu zituen banderak, noiz-eta figurazioa aberraziotzat eta higuingarritzat jotzen zen garaian»
ENRIQUE JUNCOSA Komisarioa
Johnsek suntsipen keinu batekin hasi zuen bere ibilbide artistikoa. Ezabaketa ariketa batekin. 1954 eta 1955 bitartean, suntsitu egin zituen ordura arte eginak zituen artelan guztiak, eta horren ostean hasi zen banderekin. Horrek berehala erakarri zuen kritikarien arreta, eta orduan hasi zen haren lana ezagun egiten ere; are, gaur egun ere lan horregatik da ezagun batez ere. Baina artistaren ibilbidea osatzen duten beste lan multzo esanguratsu batzuk ere biltzen ditu erakusketak. Haien artean dira, esaterako, Johnsen tailerra irudikatzen duten artelan handiak, eta Catenaria izeneko formatu handiko piezak ere, 2000. urtearen bueltan sortutakoak. Kolore grisak dira nagusi lan horietan, baina sokak eta zur puskak ere baliatzen ditu artistak, eta, horregatik, inpresio ia eskultorikoa uzten dute.
Duchampen arrastoan
AEBetako Georgia estatuan jaio zen Johns, Augusta izeneko herri batean, 1930ean, eta han hasi zituen arte ikasketak ere. Gerora, ordea, New Yorkera joan zen, eta, besteak beste, Robert Rauschenberg, John Cage eta Merce Cunninghamen lagun egin. Abangoardiako artea lantzen ari ziren guztiak, ordura arte gailendutako tradizioaz gainera bestelako bideak probatzen, eta Johnsek ere berehala bat egin zuen joera horrekin. Marcel Duchamp izan zen haren eragin artistikoetako beste bat. Hain zuzen ere, haren Beira handia izeneko instalazioa baliatu zuen Cunninghamen dantza pieza bateko eszenografia sortzeko. 1973an estreinatu zuten Walkaround Time emanaldia, eta harentzako sortutako eszenografiaren atalak dira Bilboko erakusketan ikus daitezkeen piezetan handienetako batzuk. Piezak ez ezik, pieza haiek mugimenduan erakusten dituen dantza emanaldiaren bideo bat ere topatuko du bisitariak aretoan.

Rene Magritte margolari belgikarra da Johnsen erreferentzietako beste bat. Lisaburdina margolanak erakusten du hori argien. Magrittek maiz egiten bezala, Johnsek ere jolas egiten du irudikatutako objektuaren eta irudikatutako objektuaren izenarekin. Margolanak, kasu horretan, arropa lisaburdina baten siluetaren geometria uzten du bistara, eta ingelesezko «iron» hitza irakur daiteke haren barruan; lisaburdina, alegia, eta, gainera, Magritteren idazkera gogora dakarren letra mota batekin idatzita dago.
Baina Magritterena eta Duchampena bi adibide baino ez dira; izan ere, erakusketan argi ikus daitekeenez, etengabeko erreferentzia artistikoz josita daude Johnsen lanak. Esplizituak dira batzuk, tituluan bertan egiten baitzaie erreferentzia, besteak beste, Pablo Picassori, Paul Cezanneri, Loenardo da Vinciri, Johnsek hainbat urtez bikotekide ere izan zuen Robert Rauschenbergi, eta Frank O'Hara poetari, baina ilunagoak dira beste irudi batzuetako erreferentziak. Egileak berak hala erabakita, gainera. Komisarioak nabarmendu duenez, Johnsek nekez onartu baitu inoiz bere lanei buruzko azalpenak ematerik.
«Espresionismo abstraktuko artista nagusiek gaur egun maskulinotasun toxikoa deituko genukeen hori zuten, eta esaten zuten bi potrorekin pintatu behar zela; horregatik, Johnsek bi pilotatxo txikitxo jarri zituen bere koadroan»
ENRIQUE JUNCOSA Komisarioa
Puntu parodikoa ere badute piezetako batzuek. Juncosak, adierazi duenez, adibidez, espresionismo abstraktuan nagusi zen ikuspegi artistikoari egindako burla zuzena da Pintura bi pilotarekin izenekoa. 1960koa da lana, eta, tituluak adierazi bezala, itxura abstraktuko margolan koloretsu batek eta haren erdian kokatutako bi pilotatxok osatzen dute pieza. Baina ironikoa da piloten aipamena, eta, komisarioaren hitzetan, espresionismo abstraktuaren nondik norakoak gidatzen zituzten gizonak dira artelanaren jomuga. «Mugimendu artistiko haren parte ziren artista nagusiak heterosexualak ziren, mozkorrak, emakumezaleak, eta gaur egun maskulinotasun toxikoa deituko genukeen hori guztia zuten. Esaten zuten bi potrorekin pintatu behar zela, eta, horregatik, bi pilotatxo txikitxo daude Johnsen koadroan».

Eta joera satiriko bera topa dezake bisitariak artistaren hainbat eskultura lanetan ere. Horren erakusgarri da hortzetako eskuila bat irudikatzen duen 1959ko brontzezko pieza, esaterako. Hortzetako eskuila baten neurri bera du eskulturak ere, baina zurden ordez, giza hortzak ditu muturretako batean, eta artelanaren tituluak borobiltzen du ideia, azkenik: Kritikariaren irribarrea.
Papereko lanak
Paper gaineko lanei eskainitako bi aretok osatzen dute ibilbidea. 1950etik ia gaur egunera arteko marrazki eta grabatuak ikus daitezke bertan, eta artistarentzat lan esparru horrek izan duen garrantzia nabarmendu du komisarioak. Kopuruagatik, hasteko, baina baita artistaren lan egiteko modua erakusten dutelako ere. Izan ere, Juncosak azaldu duenez, paper gaineko lan horietan argi ikusten da artistak joera zuela bariazioak eta moldaketak lantzeko. «Harentzat, marrazkiak ez ziren margolanak egiteko aurretiazko lan bat». Maiz, gustuko zituen margolanen bariazioak probatzeko ere baliatzen zituen marrazki horiek, esaterako. Ondorengo lan modura, alegia.
2020koa da erakusketako lanik berrienetakoa. Metro eta erdi zabal da artelana, eta 168 zentimetro altu, eta, hartan, elkarrekin nahasian doaz konstelazioek osatutako irudien, Da Vinciren marrazkien eta ospitaleko itxarongelan zegoela ezagututako pertsona baten belauneko eritasunaren erreferentziak.
BBVA fundazioa da erakusketaren babeslea, eta katalogo bat ere kaleratu dute. Artistari eta haren jarduerari buruzko hainbat ikerketa testu biltzen dira liburuan, eta gazteleraz eta euskaraz daude testu guztiak.