Eusko Jaurlaritzak erabaki du luzatzea Kulturako langileentzako programa-ren bidezko laguntzak eskatzeko epea. Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako deialdi honetara aurkezteko epea maiatzaren 12an hasi zen —deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean—, eta datorren astelehenean, hilak 25, amaitu behar zen. Orain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Lanbidek erabaki dute bost egun gehiagoz luzatzea, eta epea ekainaren 1era arte luzatuko da.
Eusko Jaurlaritzak argitu nahi izan du, halaber, laguntzak «Araubide Orokorrean zein Langile Autonomoen Araubide Berezian izena emanda dauden langileentzat» direla. «Eusko Jaurlaritzaren helburua da laguntzak eskatzen dituzten langile guztiengana iristea, baldintzak betetzen baldin badituzte. Laguntzen aurrekontua ez bada nahiko eskatzaile guztiei erantzuteko, deialdiak mekanismoak aurreikusi ditu laguntzak banatzeko hurrenkera ezartzeko (ez da lehenetsiko eskabidea aurkezteko eguna)». Bestalde, laguntza horiez gain, Eusko Jaurlaritzak bi milioi euroren diru saila onartu berri du kulturaren arloko mikroenpresentzat.