Jaurlaritzak kultur eta sormen industrien kluster bat eratu du

KSIGunek topagune bat izan nahi du sektoreko enpresen, erakundeen eta ikastegien elkarlanerako. Helburu da prestakuntza arloan egon daitezkeen beharrak identifikatzea eta horiei erantzutea.

Bingen Zupiria eta Jokin Bildarratz sailburuak gaur, Donostiako aurkezpenean. JON URBE/FOKU
aitor biain
2021eko uztailaren 1a
14:36
Entzun

Eusko Jaurlaritzak KSIGune eratu du: kultur eta sormen industrien unibertsitate kluster bat da, sektoreko enpresen, erakundeen eta goi mailako ikasketa zentroen arteko topagune izan nahi duena. Katalizatzaile lana egin nahi du, hau da, kultur eta sormen industrietan prestakuntzaren, ikerketaren, eta berrikuntzaren alorrean egon daitezkeen gabeziak identifikatzea eta horiei erantzutea du xede.

Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Hezkuntza sailak sustatu dute ekimena, eta kultur eta sormen industriak bultzatzeko administrazioak duen estrategiaren barruan kokatu dute. Gaur aurkeztu dute Donostian, Tabakaleran, Bingen Zupiria eta Jokin Bildarratz sailburuek, eta adierazi dutenez, Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Prestakuntzako 4Gune klusterra hartu dute oinarri moduan.

Unibertsitate klusterraren eginkizuna hiru zutabetan banatuko da: Kultura eta Sormen Industrietako goi mailako hezkuntzaren gaitasunen mapa aldian-aldian eguneratzea; sektoreko enpresek erronkak planteatzea eta ikasleek erronka horiek ebaztea; eta, sektorearen beharretara konektatutako prestakuntza programa bat bultzatzea.

Zupiriak adierazi duenez, gaitasunen eta beharren identifikazio horri esker «zubi berriak» eraiki ahal izango dira unibertsitateen eta Kultura eta Sormen Industrien artean. Izan ere, horiei lotutako 16.000 enpresa inguru daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 48.000 lanpostu baino gehiago dituzte, Kulturaren Euskal Behatokiak 2019an egindako ikerketaren arabera.

Bi industriek hamabost sektore hartzen dituzte denera: sei azpisektore kultural –kultura-ondarea, ikusizko arteak, musika, edizioa eta inprimatutako bitartekoak, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak– eta sormenaren arloko beste bederatzi –artisautza, arkitektura, publizitatea eta marketina, bideo-jokoak, eduki digitalak, diseinua, moda, hizkuntzaren industriak eta gastronomia–. Gaur-gaurkoz, lau unibertsitatek eta goi mailako bost ikastetxek 111 gradu, master eta doktoretza programa eskaintzen dituzte, eta beste 44 ikerketa talde eta bost institutu eta katedra ere badaude.

KSIGune klusterra Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailek zuzenduko dute, baina Euskampus Fundazioa arduratuko da klusterra eta bere jarduerak kudeatzeaz eta dinamizatzeaz. Sortu berria den BDCC Euskadiko Kultura eta Sormen barrutian integratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.